Etxean bezala, eta gozatzen

Sasoi betean dago Adriana Cardoso Bera Berako hegaleko brasildarra. Azken bi partidetan hogei gol sartu ditu. Donostian gustura dago, eta horrek ere lagundu dio.
Adriana Cardoso Bera Berako jokalaria jaurtiketa bat egiten, Castelloren aurkako partidan, Bidebietan.
Adriana Cardoso Bera Berako jokalaria jaurtiketa bat egiten, Castelloren aurkako partidan, Bidebietan. BERA BERA

Ainara Arratibel Gascon -

2018ko urriak 18
Familiaren falta nabaritu arren, Euskal Herrian oso gustura dago Adriana Cardoso Super Amara Bera Berako jokalaria (Fortaleza, Brasil, 1990). «Kluba familia bat bezalakoa da niretzat, eta hemen oso eroso sentitzen naiz. Ez dut baztertzen hemen bizitzen geratzea». Kantxan ere gozatzen ari da. Ligako golegile onenen artean hirugarrena da. 32 sartu ditu, jokatutako bost jardunaldietan. Hau da, 6,4 gol daramatza batez beste partidako. Azken bi partidetan, berak duen eskumutur fina erakutsi du: bederatzi gol sartu zizkion Castellori, eta hamaika Ro'Casari.

Maitane Etxeberriaren lesioak gehiago jokatzeko aukera eman dio ezker hegalekoari: «Oso pozik nago nire lanarekin. Baina asko zor diet taldekideei. Baloi oso onak ematen dizkidate, eta aukera dut penaltiak jaurtitzeko». Dena den, ez dio asko erreparatu nahi sartutako gol kopuruari: «Sasoi honetan aurrerapauso bat eman nahi dut defentsan. Hor badut zer hobetua».

Bera Berara estreinakoz ailegatu zenean 21 urte zituen, eta orain 27 ditu: «Gauzak patxada handiagoz hartzen ditut orain. Garai onak eta txarrak erlatibizatzen ikasi dut». Bizitzak kolpe handia eman zion. Anaia hil zitzaion 2013an. Horregatik utzi zuen Bera Bera, eta sorterrira itzuli zen familiarekin egoteko. «Artean primeran zihoazen gauzak. Hemen jokatu nituen bi denboraldietan, hiru titulu nagusiak lortu genituen». Ondoren, Alemanian jokatu zuen, eta aurreko sasoian itzuli zen Donostiara: «Beti izan nuen ilusio hori».

Harreman estua du taldean dauden Brasilgo beste jokalariekin: Priscila Dos Santosekin, Renata Arrudarekin eta Fernanda Da Silvarekin. «Fernandak ume bat dauka, eta behin baino gehiagotan laguntzen diogu hura zaintzen». Alba Menendez taldekidearekin bizi da, Pasai Donibanen: «Ni hiri handi batekoa naiz, eta han apenas ezagutzen dugun elkar. Asko estimatzen dut hemengo auzo bizitza, lasaitasuna eta jendearen gertutasuna».

Asko zor dio Menendezi: «Bere Zarauzko kuadrilla aurkeztu zidan, eta lehen egunetik oso ondo hartu ninduten. Oso gustuko dute, elkartera joaten garenean, nik Brasilgo jakiak prestatzea. Etxean ere nik kozinatzen dut». Hori da Cardosoren zaletasuna nagusia: sukaldaritza. Argi du zein den ondoen ateratzen zaio errezeta: strogonoff-a: «Arrozarekin eta oilaskoarekin egiten dut, eta, ondoren, barazkiekin egindako saltsa bat botatzen diot».

Sukaldaritza ikasketak egin nahiko lituzke: «Brasilen fisioterapia ikasketak egin nituen hiru urte eta erdiz. Ez nituen amaitu, eta, orain, sukaldaritza ikasteko aukera begiratzen aritu naiz, baina Brasilen egindako ikasketak homologatu behar dizkidate aurrena».

Halere, arreta osoa eskubaloian du jarria orain. Bakarkako lan bikainari baino gehiago, taldearenari begiratu dio. Guardesen aurka 28-24 galdu eta gero, Castelloren [46-18] eta Ro'Casaren aurkako [25-36] garaipenak bultzada handia izan direla onartu du Cardosok. «Amorruz itzuli ginen Galiziatik, dena eman arren ez genuelako partida ona jokatu. Jokalari asko genituen min hartuta, baina hori ezin da aitzakia izan. Azken bi partidetan, berriz, gure benetako jokoa erakutsi dugu».

Ro'Carasaren aurka ez zuten halako aldeaz irabaztea espero. «Partida biribila egin genuen. Dena ondo atera zitzaigun, eta oso pozik gaude». Etzi, berriz, Aula Valladoliden aurka jokatuko dute. «Ez da batere aurkari erosoa. Gure antzera, oso bizkor jokatzen du, eta ederki baliatzen ditu kontraerasoko bigarren aukerak. Gainera, ez du sekula etsitzen. Kontraerasoak egiteko bigarren aukera horiek ez uzten saiatu behar dugu».

Liga estu joango dela uste du: «Denboraldi gogorra izango da, eta horretarako prest egon behar dugu. Sasoi honetan ere uste dut ligako azken partidan erabakiko dela titulua».

Imanol Alvarezen lan egiteko modura «erraz» egokitzen ari direla nabarmendu du: «Bakoitzaren onena ateratzen du, eta behar dugunean beti du konfiantzazko hitz bat guretzat». Montse Pucherekiko ondoko desberdintasunak ikusi ditu: «Montse nortasun handiko entrenatzailea da, odol berokoa, zuzena; Imanol, berriz, lasaiagoa, didaktikoagoa. Gauzak patxadaz azaltzea gustatzen zaio; nik beti esaten dut irakasle baten parekoa dela. Horrek, dena den, ez du esan nahi bat bestea baino hobea denik».

Jokatzeko moduan ez ditu aldaketa asko egin Alvarezek: «Ondo egiten genituen gauzak indartu ditu, eta, hortik abiatuta, aldaketa txiki batzuk egin ditu, batez ere defentsan. Gehiago estutzea nahi du, kontraerasoan are aukera gehiago izateko».

Olinpiar Jokoak buruan

Bera Berarekin tituluak irabaztearekin batera, badu beste amets bat: 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetan egotea. Dena den, onartu du eskubaloiaren egoera ez dela onena Brasilen: «Futboleko, saskibaloiko eta boleiboleko ligak indartsuagoak dira, eta gobernuaren eta babesleen diru gehiena ere horietara bideratzen da. Emakumeen kirolean are agerikoagoa da hori».

Hango ligak hiru hilabete eskas irauten du: «Jokalari askok erabakitzen dute Europara etortzea. Ni etorri nintzenean, hamabi baino ez ginen, baina sasoiro gehiago gara. Liga indartsuenetan badira Brasilgo jokalariak. Ea horri esker eskubaloiak indar handiagoa hartzen duen Brasilen».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna