Athleticek atea itxi du

Gaizka Garitano aulkian denetik, inork baino gol gutxiago jaso ditu talde zuri-gorriak. Atea ondo zainduz gero, ez dauka oso eraginkorra izan beharrik puntuak lortzeko. Entrenatzailearen lana goratu du Andoni Goikoetxea jokalari izandakoak.

Yeray Alvarez eta Iñigo Martinez, Andre Silva Sevillako aurrelariaren jaurtiketa oztopatu nahian. MIGUEL TOÑA / EFE.
haritz gallastegi
Bilbo
2019ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Bi Athletic ikusi dira ligan. Lehen hamalau jardunaldietan, talde hauskorra zen. Arrisku handiak hartzen zituen, eta etekin gutxi lortu. Ondorioz, sasoi hasierako ilusioa etsipen bihurtu zen. Zelaiko ezina berehala islatu zen emaitzetan: lehen hamalau partidetan 11 puntu lortu zituen. Burua altxatzen ez zuela ikusita, aulkiko nagusia aldatu zuen klubak.

Gaizka Garitanok argi zuen taldearen gaitzak zeintzuk ziren larri zebilen taldea zulotik ateratzeko ardura eman ziotenean: eskasa zen defentsako lana, eta banakako zaintzek eragindako nekeak erregai barik lagatzen zuten taldea neurketaren azken txanpan. Arazoari aurre egiteko, bi neurri hartu zituen entrenatzaileak. Taldea atzeratu egin zuen, eta hegalak indartu. Atezainak eta erdiko aurrelariak eskertu zuten gehien joko antolaketa berria. Egun, Iago Herrerinek lehen baino lan gutxiago dauka, eta Iñaki Williamsek leku handiagoa dauka bere abiadura baliatzeko.

Baina ez dira aldaketa eskertu duten bakarrak. Talde guztia ari da gustura. Lerro artean zenbat eta tarte txikiagoa egon, orduan eta errazagoa baita jokalarientzat elkarri laguntzea. Zelaian ikusten den batasuna emaitzetan islatu da. Athleticek, oso jardunaldi gutxitan, jaisteko postuak utzi ditu, eta sailkapenaren erdialdean dago orain. Ligako azken 11 partidetan bost gol besterik ez diote sartu, inori baino gutxiago.

«Elkartasuna eta beharra». Bi gako horiek nabarmendu ditu Andoni Goikotxeak (Alonsotegi, Bizkaia, 1956). «Taldeak defentsan egindako lana da arrakastaren giltza. Ez da atzelarien kontua bakarrik, gainerako postuetan ari diren futbolarien konpromisoa ere aintzat hartzekoa da. Baloiaren atzetik lan egitea egokitu zaienean, oso ondo bete dute euren lana».

Goiko bada norbait Athleticen. Talde zuri-gorriak azken bi ligak irabazi zituenean, bera zen defentsaren nagusia. Ezker indartsua eta oldarkorra zen. Lider sena zuen. Gerora, entrenatzaile lanetan ere aritu da. Bere larrutan bizi izandakoa baliagarri zaio egun Athleticen gertatzen dena ulertzeko. Haren esanetan, Garitanorena da meritua. Jokalariei behar zutena eman die. «Gaizka Garitanoren eta bere lantaldearen ekarpena aparta da. Taldea seguru ikusten da, eta konfiantzaz ari da. Autoestimua berreskuratu du. Ondorioz, gauzak okertzen direnean, ondo eusten dio kontrarioari. Egun, oso gaitza da Athletici irabaztea».

Garitanok argi ditu gauzak. Bide batez, azken urteotan Athleticen inguruan indar handiz zabaldu den ustea amaitu du: taldeak badaki defendatzen. Jokalariak kapaz dira partida hasi eta amaitu kontzentrazioa mantentzeko. «Gauzak behar den moduan lantzen direnean, emaitza onak lortzen dira. Futbolean ez dago sekreturik. Garitano erakusten ari da taldeak badakiela bere area inguruan defendatzen. Gainera, sufritzeko gaitasuna dauka».

«Garitanok argi ditu gauzak». Hori azpimarratu du Goikoetxeak. «Taldeari jarraitutasuna eman dio. Zigorrak, lesioak edo aurkariaren jokatzeko erak baldintzatuta, aldaketa bat edo beste egiten du, baina egitura finko bat dauka. Hamaikakoa buruz ikasteko gertu gaude, eta, halaber, aldaketak zeintzuk izango diren asmatzea ere ez da gaitza».

Erdiko atzelariak, distiratsu

Futbolari askok eman dute aurrerapausoa azken hiru hilabeteetan. Baina, batez ere, erdiko atzelariak ari dira nabarmentzen. Iñigo Martinez eta Yeray Alvarez bikain ari dira. Yeray bere kirol ibilbideko garairik gozoenean dago. Eta Iñigo Martinez hasi da bere talentuaren berri ematen. Ondarroarrak makal antzean hasi zuen sasoia, baina egun, taldeko jokalaririk onenetakoa da. Garrantzi handia du orain taldearen jokoan. «Bi erdiko atzelariak ikusgarri ari dira. Yerayk aurrerapausoa eman du bere jokoan. Asko hazi da. Iñigok, berriz, ezker bikaina dauka. Ondo ateratzen du baloia atzetik. Bestalde, goiko jokoan ere sendo ari dira biak. Ezin zaie askoz gehiago eskatu».

11 jardunalditan 22 puntu irabazi ostean, Athleticen inguruan ahaztu egin dituzte duela gutxiko estutasunak. Amildegira begiratu beharrean, sailkapeneko goiko postuetara begira jarri da jarraitzailea. Garitano zuhurra da. Ez du epe ertain eta luzera jarritako helburuetan sinesten. Argi du taldeari mesede egin beharrean kalte egiten diola. Valentziaren kontrako partida baino ez dauka buruan. Baina inguruak ez du teknikariaren moduan funtzionatzen. Taldeak ilusioa sortu du, eta baikorrenak hasi dira Europarekin amets egiten. Goikoetxeak ere asmo handiagoko helburuak jarri dizkio taldeari ligaren azken herenerako, baina oinak lurrean izanda. «Sasoi hasieran Europarako sailkatzea zen xedea. Hasiera oso txarra izan zen, eta helburuak aldatu egin ziren. Baina Athletic bolada onean dago,eta goiko postuetara gerturatu da. Europa lau puntura dauka, eta seira Txapeldunen Liga. Entrenatzaileak epe motzera begiratzea normala da, baina uste dut taldearen helburuak aldatu egin direla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.