Ez du besteen menpe egon nahi

Gaur Moskun CSKAri irabaziz gero, Baskonia Euroligako final-laurdenetan izango da, eta Real Madril izango du aurkari. Galduz gero, 32 aukeratatik lautan kanpoan legoke

Tornike Xengelia CSKA Moskuko jokalari bat gainditu nahian, lehen itzuliko partidan. ENDIKA PORTILLO/ FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Kirolean seinale txarra izan ohi da aurkari zuzenen emaitzen zain egon behar izatea. Etxeko lanak ondo egin ez diren seinale da. Baskoniak hori saihestu nahi du gaur, eta Euroligako final-laurdenetarako sailkatu. Horretarako, CSKA Mosku ahaltsuaren pabiloian irabazi behar du. Hala eginez gero, seigarren amaituko du liga erregularra, eta Real Madril izango du kontrario final-laurdenetako kanporaketan. Galduz gero, berriz, aurrera egiten jarraitzeko abagune asko izaten segituko du. Baina komeriak hasiko dira Velimir Perasovicek zuzentzen duen taldearentzat, aurkari zuzenek egiten dutenaren zain egon beharko baitu.

Aurreko ostiralean Buesa Arenan Anadolu Efesen aurka estropezu egin eta gero, azken jardunaldian sufritzea egokitu zaio Baskoniari. Lehen bost postuak zehaztuta daude, eta Baskoniaren, Panathinaikosen, Zalgirisen, Armani Milanen, Maccabiren eta Olympiakosen artean egongo dira jokoan beste hiru lekuak. Hau da, erdia sailkatu egingo da, eta beste erdia ez.

Sei taldeen artean, Baskonia da garaipen gehien dituena: hamasei. Hori dela eta, hark du aurrera egiteko aukera gehien: %93,75. Galduta ere, gaur Armani Milanek Anadolu Efesen pabiloian galtzen badu edo Zalgirisek Real Madrili irabazten badio, adibidez, Perasovicen taldea sailkatu egingo da; baita Olympiakosek bihar Buducnosten pistan galtzen badu ere. Azken aukera horrek, ordea, lantegi zaila dirudi. Hala ere, bada kontuan hartzeko datu bat: galduz gero, %87,5era jaitsiko da aurrera egiteko aukeren portzentajea, lau aukerek kanpoan uzten baitute.

Perasovicek nahiago du horri ez erreparatu: «Aukera posible guztiak hor daude. Baina ezin dugu denbora galdu horiei begira. Argi dago irabazita barruan gaudela, eta arreta osoa hor jarri behar dugu. Jakitun gaude partidaren garrantziaz, eta horren arabera jokatu nahi dugu».

Gaurko aurkariak, CSKAk, ez du ezer jokoan. Ziurtatuta dauka bigarren izango dela eta final-laurdenetako kanporaketan alde izango duela kantxa faktorea. Arabarrek hori baliatu nahi duteMoskun daramaten bolada txarra eteteko. Behin bakarrik irabazi dute han, 2005eko Lauko Finaleko finalerdian: 78-85 (finala Maccabik irabazi zion). Dusko Ivanovicek zuzentzen zuen Baskonia, eta han jokatzen zuten, besteak beste, Jose Manuel Calderonek, Thiago Splitterrek, Luis Scolak eta Arvidas Macijauskasek. Gero, hamahiru partida jokatu ditu han, eta denak galdu ditu.

Perasovicek aurkariaren maila nabarmendu du: «Puntu asko sartzen dituen taldea da CSKA, eta bizi jokatzen du». Besteak beste, Nando De Colo, Sergio Rodriguez eta Cory Higgins jokalariei esker gertatzen da hori. «Defentsa gogorra egin beharko dugu, errebotea ondo zaindu, eta erasoan eraginkor aritu». Lesioen eraginez, azken partidetan zortzi jokalarirekin baino ez die heldu lehiei Perasovicek. Baina gaurko norgehiagokarako Tornike Xengelia eta Patricio Garino ere prest ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.