Kontuak erraz ateratzen dira

Lehen Mailara itzultzeko aukera askorekin iritsi da Osasuna sasoiko azken txanpara. Aurkariekiko duten aldea eta azken hilabeteetako joera dira nafarren berme nagusiak.

Osasunako jokalariak, Rayo Majadahondari sartutako hiru goletako bat ospatzen. IDOIA ZABALETA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Osasunak eskura du Lehen Maila. Arkatza, papera eta kalkulagailua hartu, eta kontuak aise ateratzen zaizkie zale gorritxoei. Nafarroako taldeak sei jardunaldi daramatza Bigarren Mailako lidergoan, eta, bidetik erabat okertu ezean, aukera asko ditu maila nagusira itzultzeko. Liga bukatzeko hamar jardunaldi falta direla, 63 puntu ditu jada, eta ziurtaturik ditu beste hiru; txapelketatik egotzitako Reusen kontrako partidari dagozkionak. Azkeneko zortzi sasoietan —igoera sistema berria indarrean denetik— 76 puntutan egon da igoera zuzenaren langa, eta sasoi honetan, hirugarren sailkatuak orain arteko bilakaerari eutsiz gero, 75 puntutan legoke. Bada, kopuru horretara iristeko, Osasunak aski luke gelditzen zaizkion bederatzi neurketetatik hiru irabaztea. Guztiz egingarria dirudi.

Azken zortzi sasoiei begiratuta, batzuetan dezente garestiago egon da Lehen Mailara bide zuzenetik igotzea. Adibidez, 2011-2012ko denboraldian Celtak 85 puntu batu behar izan zituen bigarren postua lortzeko. Dena den, aurkariek azken estutu gogorra eginda ere, aurten langa nekez igoko da hainbeste. Alde horretatik, lasai egon daitezke gorritxoak. Gaur-gaurkoz Albacete dago hirugarren, 57 punturekin, eta azken txanpa ikaragarria egin beharko luke gutxienez 80 puntu lortzeko. Nafarrek sei puntura dituzte espainiarrak, eta, alde horrekin, ia seguru da Osasuna. Hala diote aurrekariek: zuzenean lehen bi taldeak igotzen direnetik, hamar jardunaldiren faltan hirugarrenarekin bi punturen aldea edukitzea aski izan da sasoi amaieran Lehen Mailaren atea irekitzeko.

Hori gutxi ez, eta 33. jardunaldira lider iritsi den taldea beti igo da Lehen Mailara. Osasunak orain dela sei jardunaldi egin zuen tokia lehen postuan, eta, geroztik, zeharo finkatu da bertan. Orain, bost puntura du Granada; beraz, txapeldun izateko ere aukera ugari ditu Iruñeko taldeak. Egoera horretara, hein handi batean, bigarren itzulian hartutako erritmo biziari esker iritsi da. Jokoan izandako 33 puntuetatik 28 bildu ditu: bederatzi partida irabazi, bat berdindu eta beste bat galduta. Hori bai, bolada onaren jatorria topatzeko, atzerago egin behar da; hamabigarren jardunaldira, hain zuzen. Osasunak 2-1 irabazi zion orduan Malagari, eta, ordutik, 63 puntutik 50 patrikaratu ditu.

Aurkari zailak etxean

Oro har, distira handia dute gorritxoen datuek, eta zer esanik ez, etxeko jardunari erreparatuz gero. Sadarren oraindik ez dute neurketa bat bera ere galdu, eta bertan jokatutako azken hamabi lehiak irabazi dituzte. Futbol profesionalean ez dute sekula horren bolada onik izan etxean. Horretaz landa, atea hutsean utzi dute bigarren itzulian Iruñean jokatutako partida guztietan; bestela esanda, 611 minutu daramatzate golik jaso gabe. Halaber, beren zaleen aurrean behin bakarrik ez dute sartu golik, Numantziaren aurkako partidan.

Etxean berdin jarraituz gero, ia ezinezkoa da Osasunari igoerak ihes egitea. Hori bai, hortzak estutu beharko ditu Sadarreko bolada txundigarriari eutsi nahi badio, bisitari zailak izango baititu sasoiko azken bi hilabeteetan: Deportivo, Albacete, Las Palmas eta Oviedo. Aurreneko biak aurkari zuzenak dira zuzenean igotzeko borrokan; Las Palmasek gaia badu gauzak zail jartzeko, lehen itzulian erakutsi bezala (4-1); eta Oviedo, kanporaketa postuetan sartu nahian dabil. Etxetik kanpo, aldiz, egutegi samurragoa izango du Jagoba Arrasateren taldeak: Lugo, Elx, Alcorcon, Cadiz eta Kordobaren aurka neurtuko ditu indarrak. Hori bai, denek izango dute zerbait jokoan, gora edo behera begira, eta nafarrei ez diete inongo erraztasunik emango.

Osasunak Oviedoren aurka amaituko du sasoia, eta horrek oroitzapen ezin hobeak dakarzkie gorritxoei. 2015-2016ko denboraldian ere Espainiako taldearen kontra jokatu zuen ligako azkeneko jardunaldian, etxetik at orduan, eta kanporaketetarako sailkatu zen, 0-5 irabazita. Ondoren, igoera fase biribila osatu, eta gorengo mailara itzuli zen. Liga 64 punturekin amaitu zuen, hau da, orain baino puntu bat gehiagorekin soilik. Aurreko igoera 1999-2000ko sasoian izan zuten gorritxoek, eta, orduan, 67 puntu poltsikoratu zituzten orotara. Bada, orain, datu horiek aise ontzeko bidean dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.