Futboleko Munduko Kopa

Orekaren bidetik, ezustekoa

Italia ez zen final-laurdenetan egoteko hautagaien artean. Baina, atzean sendo arituta eta erasoan joko zuzena eginda, titulurako lehian aintzat hartzekoa dela erakutsi du.

Italiako jokalariak, besarkatuta, final-zortzirenetan Txinari irabazi izana ospatzen. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE.
ainara arratibel gascon
2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Hogei urte ziren Italia ez zela Munduko Koparako sailkatu, eta Milena Bertolinikzuzentzen duen taldeak ez du maletak egiteko gogorik. Jada bere inoizko emaitzarik onena berdindu du, final-laurdenetarako sailkatuta. Duela 28 urte lortu zuen balentria hori, 1991n, Txinan jokatutako ekitaldian. Baina gaur, beste mugarri bat ezarri nahi du: estreinakoz sailkatu nahi du finalerdietarako. Horretarako, Herbehereak hartu beharko ditu mendean, Valenciennesen (15:00, Gol eta TF1). Ez dirudi lantegi erraza, Europako egungo txapeldunak baitira Herbehereak. Baina orain arte txapelketan erakutsitako irudi onari jarraipena emateko asmoz zelairatuko dira italiarrak.«Historia egin nahi dugu, eta gure herrikideak emakumezkoen futbolaz harro egotea», zioen Elena Linari atzelariak, Txinaren aurkako final-zortzirenetako norgehiagoka amaitutakoan.

Txapelketako ezustea izaten ari da Italia. Ez zegoen faboritoen artean, ezta bigarren koskan ere. Baina itxura oso serioa eta sendoa emanda lortu du azken txanpan muturra sartzea. Lehen ligaxkan, 1-2 irabazi zion Australiari, 0-5 hartu zuen mendean Jamaika, eta 0-1 galdu zuen Brasilen kontra.Txina izan zuen kontrario final-zortzirenetan, eta hor ere nagusi izan zen: 2-0. Bederatzi gol sartu ditu lau partidatan, eta bi baino ez dizkiote sartu, penaltiz biak.

Selekzioaren oinarria Juventus da, Italiako Ligako txapelduna. Zortzi jokalarik bertan jokatzen dute: Laura Giuliani atezainak,Sara Gama eta Lisa Bottin atzelariek, Aurora Galli, Martina Rosucci, Barbara Bonansea eta Valentina Cernoia erdilariek eta Cristiana Girelli aurrelariak. Deialdian dauden 22 jokalarietatik bakarra ari da Italiako Ligatik kanpo, Linari,Espainiakoan, Atletico Madrilen.

Defentsako jokoan nabarmendu ohi dira Italiako taldeak. Baina catenaccio-a alde batera utzi, eta selekzioan beste jokatzeko era bat ezarri du Bertolinik: defentsan sendo arituz, baina erasoan zuzen jokatuz, baloia izateari muzin egin gabe, eta behar denean partidaren bila joanda.Txinaren kontrako lehen minutuak izan ziren horren adibide: kale edo baleko partida izanda, jokoaren ekimenaren zama bere gain hartu, eta golaren bila zelairatu ziren italiarrak.«Oreka bat bilatu nahi nuen defentsako eta erasoko jokoaren artean. Talde sendoa gara atzean, baina zelai erditik aurrera jokalari sortzaileak ditugu, beti erasora begira dudenak. Ezin diogu horri muzin egin», dio Bertolinik. Txapelketan oreka hori izaten ari direla uste du. «Hori lortzeko, funtsezkoa da jokalari guztien konpromisoa, eta nabari da izaten ari direla. Aurrelariek lan handia egiten dute defentsako lanean, eta, alderantziz, hegaleko atzelariak igo egiten dira aukera txikiena ikusten dutenean».

Nola lortu du hori, baina? «Sinetsi egin dute egiten ari garen horretan. Horretarako, haiei nire ideiak argi azaltzen ahalegindu naiz, konfiantza ematen, eta haien ekarpenak eta zalantzak entzuten eta kontuan hartzen. Horrek lotura estu bat eragin du, haien eta nire artean, baita haien artean ere. Elkarri argi hitz egiten diote, eta elkartasun handia dute zelaian».

Giacinti esnatu da

Atzean hiru dira italiarren zutarriak: Giuliani atezaina eta Gama eta Linari erdiko atzelariak. Giulianik ez du lan askorik izan txapelketan, baina hainbat baloi garrantzitsu gelditu ditu. Adibidez, final-zortzirenetan Txinako Wang Yani atera zion eskua, lehen zatia azken txanpan zegoela. Italia 1-0 baino ez zegoen aurretik orduan. Gamak eta Linarik sekulako ahalmen fisikoa dute, eta horma gaindiezin bihurtu dira aurkako aurrelarientzat. Gaur lanik ez zaie faltako, Shanice van de Sandenek, Vivianne Miedemak eta Lieke Martensek osatutako hirukoaren erasoko jarduna eten beharko baitute.

Zelai erdian, Valentina Bergamaschi eta Manuela Giugliano dira lemazainak. 22 eta 21 urte baino ez dituzte hurrenez hurren, baina taldearen zama hartu dute beren gain, eta erasoaren eta defentsaren arteko lotura lanak egiteko ardura daukate. Haiek ematen diote oreka taldeari. Defentsako lanean hortzak estutzen dituzte, baina baloia dutenean erreparorik gabe irteten dira erasora, jokoari sakontasuna emanez.

Aurrean, Valentina Giacinti da izarra. Italiako Ligako golegile onena izan da azken sasoian Milango aurrelaria, 21 golekin. Baina lehen hiru neurketetan alerik sartu gabe egon zen; harik eta Txinaren aurkako lehian lehortearekin amaitu eta 1-0ekoa egin zuen arte. Hura kamuts aritu da, baina Girellik eta Aurora Gallik, aldiz, gol sena erakutsi dute. Girellik hiru gol sartu zizkion Jamaikari, eta Gallik beste horrenbeste gol daramatza txapelketan, hirurak aulkitik aterata sartutakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.