Donostiako 67. Zinemaldia. Zuzendari Berriak

«Nahi dut ikusleek Jordi hitzekin ezagutzea, eta ez gorputzaren bidez»

Zinemagilearen eta garun paralisia duen pertsona baten arteko «laguntasun harremanaren erretratua» da 'Las letras de Jordi' filma. Maider Fernandez Iriartek lehen luzea aurkeztu du Zinemaldian

Andoni Imaz.
Donostia
2019ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Zinemagilea eta gizarte hezitzailea da Maider Fernandez Iriarte (Donostia, 1988), eta haren lehen lan luzean igartzen da trebetasuna: ez irudi eta soinu bidez kontatzean soilik, baita erakusteko moduak zaintzerakoan ere. Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean aurkeztu du Las letras de Jordi dokumentala. Hitzak eta ahotsak oinarrian dituen lan apala da, nahiz eta sinpletasunetik urruti dagoen. Jordi garun paralisia duen 51 urteko gizon bat da, eta ez dauka hitz egiteko gaitasunik. Horregatik, kartoizko taula letradun baten bidez komunikatzen da ingurukoekin.

Bartzelonan sortu zen Las letras de Jordi, Fernandez dokumentalgintza master bat ikastera joan zenean, izena emateko film baten proiektua bidali behar baitzuen. Orduan ez zuen Jordi ezagutzen, ordea. «Lourdesen inguruko behaketa dokumental bat egin nahi nuen; hori zen hasierako ideia. Ikerketa prozesuan hasi nintzenean, baina, hara joaten zen erromes talde bat ezagutu nuen, eta han zegoen Jordi», kontatu du zinemagileak.

Kamera soinean hartu, eta Jordi bizi den egoitzara joaten hasi zen, harekin zituen elkarrizketak filmatzeko. Bi urteko prozesua izan da denera, atzo azkenean Donostiako Zinemaldian jendaurrean erakutsi zuen arte.

Pelikula ez da gaixotasunaren beraren inguruko kontakizun bat, gehiago saiatzen baita «komunikazioaren garrantzia» nabarmentzen. «Laguntasun harreman baten erretratua da pelikula». Fernandezek Jordiri hitz egiten dio, eta hark letrak seinalatzen ditu eskuarekin, banaka. «Filmaren lehenengo hamar minutuetan, nabaritzen da oraindik ez dudala Jordi ezagutzen, batzuetan ez dudalako ulertzen zer esan nahi didan. Orduan, ikusleak bi aukera dauzka: nire alde jar daiteke, esanez berak ere akatsak egingo lituzkeela, edo Jordiren alde, frustrazioagatik».

Bien arteko komunikazio kodeak beste forma bat hartzen du denborarekin, ordea. Konturatzerako, Jordik bi letra ukitu orduko, Fernandezek asmatua izango du hark aipatu nahi dion hitza. Komunikatzeko moduak berak adierazten du bien arteko harremanaren garapena.

Gorputzekin ere bide hori egin du zinemagileak. «Filma Jordiren eskuekin hasten da, nahi dudalako ikusleek hitzekin ezagutzea, eta ez gorputzaren bidez». Garun paralisia duen pertsona batekiko izan daitezkeen aurreiritziak saihestu nahi izan ditu hala.

Ez dago gorputzik hasieran: Fernandez bera ere ahots bat besterik ez da. Ez zuen pelikulan agertzeko asmorik, baina prozesuak horretara eraman du, beste erremediorik gabe. Bere buruari bera «ez ateratzearen muga» jarri zion arren, garrantzitsua iruditu zaio hor egotea, komunikazioaren inguruko gogoetaren mesedetan. «Ahotsarekin hasten da; ondoren, nire eskuak azaltzen dira noizbehinka, eta, azkenik gorputza, Jordiren moduan». Hitzekin eratzen den harremana gorputzekin ere eratzen da aldi berean: «Oso fisikoa da; keinuek garrantzi handia dute, kontaktu fisikoak». Fisikotasun horretan jarri du letren taularen materialtasunarekiko interesa ere.

Formatu irekia

Gidoi zehatzik gabeko filmaketa askeetan, muntaketan idazten da sarri benetako gidoia, egitura. Fernandezek etengabe moldatu du hura: «Egoitzan grabatzen genuen; etxean, ikusi egiten nuen, eta hurrengo egunerako galderak prestatzen nituen. Banekien zein gairi heldu nahi nion, baina ordena ez nuen argi». Prozesuan osatu du pelikula: «Gauza asko topatu ditut filmatutakoa muntatzen eta muntaketak sortutako beharretatik filmatzen».

Jordik fedearekin duen harremanaz ere ari da dokumentala, hori baitzen jatorrizko gai nagusia. Fernandezek lau bidaia egin zituen Lourdesera: aurreprodukzioan bitan, prestatzeko, eta irudien bila hortik aurrera, «dinamikak ondo ezagutzen nituenean».

Bere erromesaldi partikularra egin du: «Kamerak babes moduko bat ematen dizu; funtzio zehatz bat duzu, eta inork ez du zugandik beste ezer espero».

Fernandezen esanetan, «pelikula txikia» da Las letras de Jordi, baliabide gutxirekin egina dagoelako. Ikusmira Berriak programan aukeratu zuten, eta postprodukzioan lanerako leku bat izan zuen horri esker, aholkularitzaz gain. Gainera, Donostiako ekoiztetxe batekin egin du filma: Sr. y Sra. «Ekoiztetxe batek babesa ematen dizu, eta zinemaren munduari begirako identifikazio bat ere bai».

Euskal Herrian ikusten ditu ekoizpen handiko lanak, baina neurri txikian gauza asko egiten direla uste du, «baliabideak lortzea errazagoa da, kalitate onekoak, gainera». Bestalde, interesa sumatzen du «lengoaiarekin esploratzeko». Industriari «aberastasuna» ematen diola uste du, «nahiz eta askotan industriaren partetik ez den babesten mota horretako lanik».

Formatu aske bat behar zuen lanerako, eta horretan jarraitzeko asmoa du. «Ezinbestekoa da hori, bihotzetik egiten duzun zerbait delako; desio sakon batek mugitzen zaituelako hasten zara lanean, eta askatasuna behar duzu. Kamera txiki batekin joan naizelako lortu dut gertutasun hori Jordirekin».

Jordiri erakutsi dio pelikula; eta «gustatu zaio». «Esan zidan batzuetan bere burua motel ikusten zuela. Oso zorrotza da bere buruarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.