Onenarengandik ikasi du

Dimitrios Itudisek seigarren sasoia du CSKA Moskun, eta bitan irabazi du Euroliga. Aurretik, hamahiru urtez izan zen Zeljko Obradovicen laguntzaile, Panathinaikosen. Josean Kerejeta bitan saiatu da hura fitxatzen. Gaur, Buesa Arenan izango da.

Dimitrios Itudis, aginduak ematen, CSKA Moskuk aurreko denboraldian Gasteizen jokatutako Lauko Finalean. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Julen Etxeberria.
2019ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Etengabe izaten ginen ika-mikan. Erotu egiten ninduen». Zeljko Obradovicena da aitormena, Euroliga gehien irabazi duen entrenatzailearena —bederatzitan izan da txapeldun, bost talde ezberdinekin—. Dimitrios Itudisez ari da (Trikala, Grezia, 1970), 2014tik CSKA Moskuko entrenatzailea denaz. Obradovic eta Itudis hamahiru urtez aritu ziren elkarrekin lanean, 1999tik 2012ra, Panathinaikosen. Entrenatzaile nagusi zen Obradovic, eta haren laguntzailea Itudis. Bata, irakaslea; bestea, ikaslea, ikasle aurreratua, baita apur bat lotsagabea ere. Ordurako, greziarrak ia hamar urte zeramatzan aulkietan, eta bere iritzia zuen. Tinko eusten zion, gainera, nahiz eta aurrean Obradovic teknikari loriatsua izan. Desadostasunak desadostasun, bikain funtzionatu zuen bikote horrek, haien aginduetara makina bat titulu irabazi baitzuen Panathinaikosek: tartean bost Euroliga.

Ez zen oso deseroso egongo Itudis Obradovicekin lanean, beste talde batean entrenatzaile nagusi izateko hamaika eskaintza jaso, eta guztiei ezetz esan baitzien. Josean Kerejeta bera bitan saiatu zen hura fitxatzen. 2007an egin zuen lehen ahalegina Baskoniako presidenteak, Bozidar Maljkovic ordezkatzeko. Ezetz esan zion Itudisek, eta Kerejetak Neven Spahija fitxatu zuen. Bi urte geroago jo zuen berriro Kerejetak Itudisen atea, baina erantzun bera jaso zuen: ezetz. Greziarrak, ordea, ez ditu ahaztu eskaintza horiek. «Baskoniarena izan zen garai hartan jaso nuen eskaintzarik onena. Josean izan zen nigan sinetsi zuen lehena, bera izan zen entrenatzaile nagusi izateko ahalmena nuela ikusi zuen lehena. Beti eskertuko diot erakutsi zidan konfiantza. Lagunek eta emazteak eskaintza onartzeko esan zidaten, baina, azkenean, Panathinaikosen geratzea erabaki nuen».

Itudisen eta Obradovicen bideak 2012an banatu ziren. Biek erabaki zuten atseden hartzea. Urtebete iraun zuten biek aulkirik zapaldu gabe, eta biek aukeratu zuten Turkia, itzultzeko. Oraingoan, ordea, banatuta ariko ziren: Fenerbahce ahaltsuan Obradovic, eta Banvit apalean Itudis. Fenerbahcek irabazi zuen liga, baina Banvit bikain aritu zen: lehena izan zen liga erregularrean, baina Galatasarayk kanporatu zuen finalerdietan. Itudisek berehala jaso zuen saria: CSKA Moskuk fitxatu zuen, Ettore Messina ordezkatzeko. Italiarra NBAra joan berri zen, San Antonio Spursen Greg Popovichen laguntzaile izatera.

Ustela izan zen Itudisek Moskun egin zuen lehen sasoia, 2014-2015ekoa; ustela, taldeko agintariek kosta ahala kosta irabazi nahi baitzuten Euroliga: zazpi urte zeramatzaten irabazi gabe. Baina erdibidean geratu zen CSKA Mosku, Olympiakosek kanporatu baitzuen finalerdietan. Hurrengo denboraldian, ordea, arantza atera zuen Errusiako taldeak. Txapeldun izan zen, nola eta Berlinen jokatutako finalean Obradovicen Fenerbahce mendean hartuta. Ikasleak irakaslea gainditu zuen.

Itudisek beste hiru denboraldirako berritu zuen, 2019ra arte. Arrakasta gutxikoak izan ziren lehen bi denboraldiak, bietan sailkatu baitzen Lauko Finalerako, eta bietan galdu baitzuen finalerdietan. Joan den denboraldian, hirugarren ahaleginean, atera zuen arantza, Gasteizen, Anadolu Efesi finalean irabazita. Hiru urte lehenago gertatu bezala, txapeldun izan berritan luzatu zuen kontratua, beste bi urterako.

Jokalari ohiak datoz bisitan

Itudis Buesa Arenan izango da gaur (21:00, Dazn), eta berriro ez du inor epel utziko. Zaleek gogo berezia diote. Orain hiru urtetik diote ezinikusia, Baskoniarekin galdu osteko prentsaurreko batean etxeko taldearen aurka egin zuenetik. «Hau ez da izan saskibaloi partida bat, borrokaldi bat baizik», esan zuen. Ordutik txistu egiten diote.

Zortzi jardunalditan sei garaipen lortuta ariko da CSKA Mosku Gasteizen. Olympiakos eta Villeurbanneren pistan galdu du, eta azken partidan nagusitasunez irabazi zion Fenerbahceri: 88-70. Baskoniako hiru jokalari ohi ari dira Errusiako taldean: Mike James, Darrun Hilliard eta Johannes Voigtmann. James bikain ari da (hogei puntu partidako); Hilliard txukun (hamahiru puntu); eta Voigtmann pattal (sei puntu eta sei errebote). Errusiarrek Will Clyburn falta dute —lesio larria izan zuen duela hiru aste—, baina nola edo hala ari dira hutsune hori estaltzen. Azken partidan, adibidez, Janis Strelnieks nabarmendu zen, 23 puntu sartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.