Ez da irabazteaz nekatzen

Bera Berak zazpigarrenez lor dezake bihar liga, Elxen aurka puntu bat lortuz gero. Taldeak urteak daramatza goian, bulegoetan eta kantxan egindako lan onari esker.

Bera Berako jokalariak, duela bi urte Barakaldon irabazi zuten Espainiako Kopako titulua ospatzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Bidebietako bitrina txiki geratzen ari zaio Bera Berari. Hemeretzi titulu ditu irabaziak jada: sei liga, Espainiako beste horrenbeste Kopa eta Espainiako zazpi Superkopa. Bihar hogeigarrena altxatzeko aukeradu. Nahikoa du puntu bat lortzea Gaskan, Elxen kontra (19:00 ETB4). Bestela, beste bi partida izango ditu puntu hori lortzeko. Baina Imanol Alvarez teknikariak lehena baliatu nahi du. «Orain arte, helburura gerturatzeko egin dugu lan. Baina, orain, lortzeko aukera dugu. Final bat balitz bezala jokatu behar dugu, irabaziz gero titulua eskuratuko baitugu».

Ez da erraza urtero goian egotea. Emakumezkoen eskubaloia bere bilakaera izaten ari da, are gehiago denboraldi honetan. Pandemiak txapelketaren eredu aldaketa eta estutasun ekonomikoak ekarri ditu. Baina, beste behin, Donostiako taldeak puntaren puntan segitzen du. Ligan neurketa guztiak irabazi ditu, eta bi berdindu.

Leire Aramendia jokalari ohiari bi gauzak deitu zioten atentzioa Bera Berara iritsi zenean. «Batetik,zein egitura profesionala zuen; eta, bestetik, nolako grina zegoen irabazteko. Entrenamendu bakoitza irabaztera bideratuta zegoen, eta partida zailenean ere ez zitzaizun burutik ere pasatzen galdu egingo zenuenik».

Hasieran horretara ohitzea kostatu egin zitzaiola onartu du: «Beste klub batzuetan badira partida batzuk galdutzat ematen dituzunak, aldez aurretik badakizulako aurkaria gogorragoa dela». Baina, aldi berean, «natural» hartu zuen. «Azken batean, jokalari batek irabazi egin nahi du, eta zer hobeto une oro hori helburutzat daukan talde batean egotea baino. Nahiz eta psikologikoki horri eustea kosta egiten den batzuetan». Antzera gertatu zitzaion Matxalen Ziarsolori. «Uzten duzunean jabetzen zara horretaz. Baina merezi du».

Hark ere argi ditu gakoak: «Lana, exijentzia eta talde giroa dira Bera Beraren zutarriak». Eta beste elementu bat ere azpimarratu du: «Galtzen bezala, irabazten ere ikasi egiten da. Behin tituluak irabazita, badakizu bidea zein den, eta gauzak errazagoak dira». Alde horretatik, adibide argigarria jarri du Aramendiak. «Larunbatean beste liga bat irabazteko aukera dute, eta nik lasai ikusten ditut. Gehienek badakite zer den hori, eta horrek asko laguntzen du astea lasai eta natural eramaten. llusioa dute, eta urte osoan egindako lana biribiltzeko gogoa».

Patxada hori irabazi beharrak sortzen duen presioa kudeatzen ikastetik dator. Horri lotuta, zera azaldu du Ziarsolok. «Talde moduan eta bakarka lanketa bat egiten duzu. Batez ere porrotak edo bolada txarrak erlatibizatzearekin dago lotuta. Izan ere, ez zaude horretara ohituta». Sasoi hasieran ikusi zen hori. «Kopa galduta ekin zioten sasoiari, eta lehen partidak ez ziren onak izan. Baina patxada izaten jakin zuten, eta begira orain», nabarmendu du Eider Rubiok. Jokalari ez ezik, Imanol Alvarezen laguntzaile ere izan zen Rubio. «Presio hori errazago eramaten da jokalari moduan. Azken batean, aulkikoa azken erantzulea da».

Exijentzia eta autoexijentzia hitzak darabiltzate ahoan behin eta berriz. Nabarmendu dute harrobitik iristen diren jokalariek oso barneratuta daukatela hori. «Ez hori bakarrik, baita Bera Beraren filosofia osatzen duten bestelako balioak ere». Bide horretan Alba Menendezek, Esther Arrojeriak eta Maitane Etxeberriak egiten duten lana goraipatu dute. «Haiek dira balioak transmititzeko lan hori gehien egiten duten jokalariak, eta entrenamenduetan intentsitate edo exijentzia hori arintzen denean aurrerapauso bat ematen dutenak», azaldu du Aramendiak. Eta zera gehitu du. «Familia moduko bat da kluba, eta, hura utzita ere, bertako parte sentitzen eta izaten segitzeko lan egiten dute. Ni, behintzat, hala sentitzen naiz. Autobusez egiten diren bidaia luzeek, taldekideen artean pisua banatzeak... Horrek asko laguntzen du».

Aulkia eta bulegoak

Eta nola azaldu balio horiek kanpotik datozenei? Ziarsolok erantzun du berehala.«Naturaltasunez. Ez zaie azaltzen: dinamikarekin barneratuz joaten dira». Denboraldi oro etortzen dira jokalari berriak taldera, ohikoa izaten baita taldea eraberritu behar izatea. «Horrek ere laguntzen du neurri batean lehiakortasun horri eusten eta irabazteko grina hori ez galtzen», dio Aramendiak. Gutxiago jokatzen duten jokalarien lana azpimarratu dute. «Haiek laguntzen dute gehien jokatzen dutenak hobeak izan daitezen». Ziarsolok uste du denboraldi hau horren isla izan dela. «Taldeak lesio asko izan ditu, oso jokalari garrantzitsuenak, gainera. Baina haien lekua hartu dutenek primeran erantzun dute».

Horretan zerikusi handia izan du, haien ustez, Imanol Alvarez entrenatzailearen lanak. «Jokalari guztiek beren rola zein den argi izatea lortu du, eta hori oso inportantea da. Gainera, taldeak aspalditik du jokatzeko era bat, eta ez du aldatzen».

Hori aipatu, eta berehala beste izen bat ekarri dute mahai gainera: Tati Garmendia kirol zuzendariarena. «Eskubaloiaren oso ikuspegi tekniko-taktiko berezia du, eta oso intuitiboa da. Eskarmentu handia du, eta berehala jabetzen da ikusten ari den jokalari bat ekartzeko egokia den edo ez, inork baino hobeto ezagutzen baitu kluba». Gainera, bulegoetan beti jakin dute eskubaloiaren bilakaerara egokitzen.«Proiektuak oso oinarri sendoak ditu, eta, lanean berdin jarraituz gero, hor jarraituko du».

Ziur daude bihar bertan lortuko dutela liga. «Denboraldiko une erabakigarrira sasoirik onenean ailegatu dira», uste duRubiok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.