Artearen lekuak. Aldama Fabre galeria

Sormenari soilik eskainia

Artista hasiberrien lanak erakusten ditu batik bat Bilboko Aldama Fabre galeriak, eta kolaborazioetan oinarritzen du jarduna. Artearen «alde katartikoan» du interesa.

Abuztuan galeria itxita dago, eta Alejandria Cinque egonaldi artistiko bat garatzen ari da. Irudian, dagoeneko osatutako elementu batzuk. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Barruan dagoena ikusi ahal izaten da, leihoez osatutako sarrerak agerian uzten baititu laukizuzen formako espazio txikiko ertz denak: esaterako, koadro koloretsuak, eskultura deigarriak, edota ekitaldiren bat, hala artearen inguruko hitzaldi bat nola liburu aurkezpen bat. Bilboko Aldama Fabre galeriak hartzen duen guztia ikus daiteke kaletik normalean, baina abuztuan, atearekin batera, leihoak ere itxi egin dituzte, marroi koloreko paper mardul batzuekin.

Ezkutuan dago Alejandria Cinqueren lana. Egonaldi artistiko bat egiten ari da galerian, eta han-hemenka barreiatuta ditu proiektuko elementuak; konposizio batzuk osatuagoak daude, beste batzuk hastapenetan baino ez... Irailean biribildu eta erakutsiko du asteetako lanaren emaitza, baina oraindik erdizka dago sorkuntza prozesua: aretoaren erdialdean kakorratzez egindako polipoak eta alga sorta diruditen artile hari lodizko multzoak daude, itsas hondoko alfonbra koloretsua dirudienean bat eginda. Inguruan, denetariko piezak: zezen baten buru zuria, ipurdi baten molde gardena, erabilera anitzeko aparra, eskoba bat, baita ordenagailu garesti bat ere izkina batean paratuta.

Adiskide bati laguntzeko asmoz abiatu zuen galeria Eugenia Griffero Fabrek, 2016an. Arte dramatikoetan eta antzerki psikoterapian formakuntza jasoa du, eta orduko hartan psikotikoekin eta eskizofrenikoekin ari zen lanean. Lagunak arte galeria jarri nahi zuen, baina, diru nahikorik ez zuenez, lokal bat erostea eta doitzea erabaki zuten Grifferok eta garai hartan bere senarra zen Gorka Aldama enpresaburuak; ideia zen astegunetan argazkilaritza landu zezala adiskideak, eta, galeria itxita zegoen egunetan, Grifferok erabiltzea espazioa, instituzioetatik kapoko toki baten bila baitzebilen aspalditik antzerki psikoterapia garatzeko.

«Espazioa galeria bat bezala antolatuta zegoenean, lagunak erabaki zuen ez jarraitzea proiektuarekin». Horiek horrela, irekitzeko prest zegoen espazio artistiko bat zuen esku artean, baina ez zuen argi testuingurua. «Ez nuen ulertzen artearen mundua ikuspegi komertzialetik, baizik eta sentikorretik». Galeria klasikoen bidea hartu zuen aurrena. «Esfortzu bikoitza eginez, saiatu nintzen ohiko galeria bat izaten, errespetatua, are, azoketara ere badoana». Ildo hori ez zitzaiola interesatzen jabetu zen, ordea. «Niretzat aipatutako elementu horiek dituen galeria bat denda bat da, eta nik harreman handiagoa dut irudimenarekin, artearen alde katartiko eta sentikorrarekin, komertzial eta espekulatiboarekin baino».

Irizpide aldaketa gauzatzeko, espazioa itxi zuen 2018an, eta berriro ireki 2019ko urtarrilean, kale bereko beste lokal batean—Hiru Zutabe plazako 1.etik 7.era lekualdatu zen, hain justu—: baliabide ekonomiko mugatuak ditu tokiak —«nik ez ditut 10.000 edo 20.000 euro Arcora [Madrilgo arte garaikidearen azoka] joan ahal izateko»—, baina kolaborazioetan oinarritzen da, harremana baitu New York, Paris eta Portugalgo galeriekin, baita, gertuago, auzokideekin ere. «Artisten arteko konexioak sortzen dituen agentetzat dut neure burua. Kontua da oreka bat aurkitzea inork ez dezan inor esplotatu, eta denek elkarri lagun diezaiogun».

Lanerako modu «ezohikoa»

Oro har, artista hasiberriekin egiten du lan Grifferok, «arriskuak hartzen dituzten horiekin». Gisa horretakoa da, esate baterako, Helena Goñi argazkilari bilbotarra: haren Great Expectations proiektua erakutsi zuen galeriak 2019ko irailean, New York ez hain ezagun baten ñabarduraz betetako irudia. «Interesatzen zitzaidan bera, bere argazkilaritza musikaren mundutik etortzea, eta beti bilatzen duela, zuzenean edo zeharka, fotografiatzea bazterrekoa edo under den hori». New Yorken ere izan zen erakusketa, galeriaren eskutik. Geroztik, beste zenbait artistari haien lanak nazioartean erakusten lagundu die Grifferok, eta kanpoko egileak ere hartu izan ditu Aldama Fabrek: Teresa Murte portugaldarraren erakusketa bat, adibidez, 2021eko urtarrilean. Eta Ramona Gunter argazkilari alemaniarraren beste bat ekoiztu zuen, bertan behera geratu behar izan dena behin-behinean. «Plazera ematen dit artisten bizitzaren maila bat partekatu ahal izateak».

Ildo beretik, egonaldi artistikoak ere antolatzen ditu. Behin, «galeria prestigiotsuen parte izateko egin behar zenaren» arabera aukeratu zuen hainbat artisten artean, eta hautuaren ondorioz «oso gustuko» duen Apolonia Sokolen lana erakusteko aukera galdu zuen; iruditu zitzaion bat eskaintzea izan zitekeela hura galeriara ekartzeko modu bat. Lehen urtean ezin izan zuen etorri, eta haren ordez Elandorphium artistari egokitu zitzaion egonaldia; Rebecca Brodskis zen egotekoa iaz, eta Cinqueri eman dio aukera aurten.

Grifferok dio bere lan egiteko modua «ezohikoa» dela. Eta, gainera, artista hasiberriekin behar egiten duenez, ez du obren funts mardul bat, galeria klasikoagoek izan dezaketen antzera. Kokalekuak ere eragina du espazioaren jardunean. «Ez da gauza bera New Yorken, Parisen, Japonian edo Bilbon egotea. Testuinguruak baldintzatu egiten du saltzeko ahalmena. Bestalde, lehen urteetan galeria bat ezagutzera ematen da; denbora darama». Obrak saltzen ditu egun, baina hori ez du irizpidetzat. «Ez dut artistaren ikuspegia baldintzatzen saltzeko izango duen aukeraren arabera».

Udazkenean izango dituen pare bat erakusketa aipatu ditu horren erakusle gisa: «Cinquerenean ez da ezer egongo salgai. Eta urrian Adrian Castañeda eta Los Picoletosen erakusketa bat dugu, non pieza konplikatuak egongo baitiren; batzuk salgai egongo dira, baina, adibidez, pieza zentrala txirrista erraldoi bat izango da». Galeriarekin dirua galtzen du, baina ez denez bere ogibidea, inbertsiotzat ditu galerak; beste batzuek bidaia luzeetan gastatzen dutena espazioari eskaintzen dio Grifferok. «Galeria nigan hiltzen bada, kanpoan ere hilko da».

ALDAMA FABRE
Irekiera urtea: 2016.
Lekua: Hiru Zutabe plaza, 7, Bilbo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.