Gurditik tira egiteko prest

Omar Frailek «talde kutuna» du Ineos, eta han egingo ditu datozen bi sasoiak, Astanako aro oparoa amaitu ondoren. Luxuzko ezkutaria izango da liderrentzat.

CHRISTOPHE PETIT TESSON / POOL / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Modu asko dago txirrindularitzaz gozatzeko, garaipenak lortzeaz gain. Liderrak babestea, adibidez, asegarria da askorentzat. Horietako bat da Omar Fraile (Santurtzi, Bizkaia, 1990). Abenturazalea da, baina uztarripeko lanak ere gogobete egiten du. Ez zaio batere neketsua besteen aldeko ahalegina. Bada, datozen bi urteetan buru-belarri ariko da Ineosen gurditik tiraka. Aro arrakastatsua bizi izan du Astanan, eta hemendik aurrera talde-lanera bideratuko ditu indar guztiak.

Ametsa beteko du Frailek. «Beti» nahi izan du egitura britainiarrean lehiatu, eta 31 urterekin iritsiko zaio aukera. «Bakoitzak bere talde kutuna du, eta nirea Ineos da. Bitan pentsatu gabe sinatu nuen kontratua». Baita azkar sinatu ere: negoziazioek astebete ere ez zuten iraun. «Igande batean deitu ninduten, eta asteazken edo ostegunean eman genion bostekoa elkarri». Iragarpena berandu egin da, baina lasai zegoen. «Kontratua aspaldi nuen sinatua, eta jada denbora badaramat haiekin lanean».

Badaki lasterketa gehienetanuko egin beharko diola tropeletik ihes egin eta nahieran aritzeko askatasunari. «Ineosek sekulako babesa ematen die liderrei; beraz, garbi dut zertara noan. Astanan ere asko egin dut lan taldeburuen alde, eta orain indartu egingo dut alderdi hori». Aldaketa horren bila zebilen Fraile, eta toki aproposera doala uste du. «Itzalpeko lan handia egin dut urte luzez, eta agian ez didate hainbeste balioetsi. Ordea, badakit talde honetan aitortza izango dudala».

Astanan «zoriontsu» izan da. Kazakhstango taldea mugarritzat jo du bere ibilbidean. «Garaipen handiak lortu ditut [besteak beste, etapa bana irabazi du Tourrean eta Itzulian], eta asko hazi naiz ziklista eta pertsona gisa. Une onak eta txarrak izan ditut, lesioen ondorioz, eta taldeak beti lagundu dit oztopoak gainditu eta aurrera egiten». Alabaina, aro amaiera iritsi da. «Ziklismoa intentsitate handiz bizi dugu, eta aldaketak beharrezkoak dira batzuetan. Orain zen momentua. Eta, hara, nik nahi nuen taldera joateko aukera sortu da».

Astanatik irtetea deliberatu dute bertan ziharduten euskal herritar guztiek. Alde horretatik, talde barruko arazoak deitoratu ditu Frailek. «Ziurgabetasun handia izan da, eta horrek ezinegona sortu du. Taldeak dituen 27 ziklistak kontratua berritzeko badaude, bakoitza bere aukerak bilatzen hasten da. Zoritxarrez, hau kirol kolektibo bat den arren, zure interesei begira jartzen zara». Egitura dezente egonkorragoa du Ineosek; barrutik, «ikusgarria» begitandu zaio bizkaitarrari. «Iristean, talde honek benetan duen handitasunaz ohartzen zara. Txundituta utzi nau duten antolakuntzak eta lan egiteko moduak».

Oso talde metodikotzat jo izan da beti Ineos. Xehetasun guztiak tentu handiz zaintzen ditu, zientziaz baliatuz. Halere, britainiarren metodologia ez zaio arrotza Fraileri, Ineosen diharduten euskal herritarrekin duen harremana tarteko. «Castroviejok banekien nola entrenatzen zuen, eta Xabier Artetxe ere ezagutzen dut, Seguros Bilbaon ibili nintzen garaitik. Prestakuntza hark eramaten zidan. Garbi dago orain beste modu batera egingo duela lan, baina, behintzat, ezaguna zait haren filosofia». «Lasaitasuna» ematen omen du inguruan gertuko jendea edukitzeak. «Oso lagungarria da, beti baita zaila talde berri batera iristea. Berritasun asko dago, eta edozein zalantza duzula, badakizu norengana jo». Ez du uste egokitzeko inolako arazorik izango duenik. «Urte asko daramat txirrindularitzan, eta Ineoseko ia ziklista guztiak ezagutzen ditut. Inorekin ez dut harreman txarrik; alderantziz, ongi moldatzen naiz askorekin».

Tourra irabazteko ametsa

Bereziki Egan Bernal, Geraint Thomas, Richard Carapaz eta Adam Yatesekin ondo konpontzea komeni zaio, haientzat egingo baitu lan. Liderren ezkutari fidel bilakatu nahi du, bestelako helburuak alde batera utzita. Dena den, sena handiko ehiztaria da Fraile, eta ez da guztiz ahaztuko garaipenen lehiaz. «Egunen batean, kasualitatez, aukera on bat sortzen bazait, probesten saiatuko naiz. Gustuko dut irabaztea, eta anbizioa ez dut galdu». Badaki zer den Tourrean eta Giroan gailentzea; Vueltan irabaztea falta zaio bakarrik itzuli handietako bilduma osatzeko. «Lortuko banu, ginga jarriko nioke nire ibilbideari».

Fraileren beste ametsa lider bati Tourra irabazten laguntzea da. Oso zaila ematen du inork Tadej Pogacar eta Primoz Roglic azpiratu ahal izatea, baina Frailek badu itxaropena. «Ez dira garaiezinak. Bernal azken Giroa irabazita da, nagusitasunez gainera. Tourra berriro irabazteko kapaz dela iruditzen zait. Geraint eta Carapaz ere lider sendoak dira. Gainera, Ineosek oso ongi egiten du lan egitura gisa, eta hori ez da gertatzen beste talde batzuetan». Oraindik ez daki zer egutegi izango duen, baina santurtziarrarentzat «handia» litzateke Frantziako lasterketan aritzea. «Ineosen Tourreko zortzikoan ez da edonor sartzen. Oso zaila izango da, baina ez dago ezinezkorik, eta han izaten ahaleginduko naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.