Oroimenaren uhinetan

1912ko galerna gogoan, hainbat jarduera egingo dituzte Bermeon, ostiraletik igandera. Azoka, estropada, tailerrak eta musika izango dira

Aita Guria baleontzia doan bisitatu ahal izango da. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
2017ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
XX. mendeko enbatarik latzenetako bat izan zuten duela 105 urte Bermeo, Lekeitio, Elantxobe eta Ondarroako herritarrek (Bizkaia). 143 arrantzale hil ziren 1912ko galerna haren ondorioz, eta, haiek gogoan, Galerna taldeak eta Bermeoko Udalak ekitaldi sorta bat prestatu dute astebururako.

Ostiralean, Itsas Market merkatua jarriko dute martxan, Bermeoko portuko Olatu kaian. 18:00etan irekiko dute, eta, iluntzera bitarte, askotariko produktuak eta jarduerak uztartuko dituzte: tokiko produktuak, artea, uretako kirolak, birziklatze tailerra... 19:00etan, aurpegia margotzeko tailerra izango da umeentzat; margo ekologikoekin egingo dute. Horretaz gain, eskulangileen eta diseinatzaileen azoka ere prestatu dute, baita jan-edanetarako lekua ere. 21:00etan, Tximino taldeak kontzertua emango du.

Larunbatean, 11:00etan irekiko dute Itsas Market, eta, ordu berean, belaontzien estropada egingo dute. Haurrek ere izango dute aukera txalupen artean ibiltzeko; izan ere, Txalupak egiten kortxoa birziklatzeko tailerra prestatu dute haientzat, 12:00etarako. Arratsaldean, beste tailer bat izango da: Piratak sukaldean. Izenak adierazten duen moduan, umeak pintxo sortzaile bilakatuko dira, Serrats kontserba enpresaren eskutik.

Larunbatean beteko dira 105 urte galernatik, eta, horren harira, omenaldi bat prestatu dute gauerako. 21:00etan, itsasontzien prozesio isila egingo dute, Xixilirantz. Aldi berean, lehorrean, herritarrak Baztarretik Portuzaharrera joango dira, Kankinkabara txistulariekin. Han, kandelak banatuko dituzte, eta, 21:30ean, lore eskaintza egingo dute, Izaro abesbatzarekin batera.

Gainera, larunbatean doan bisitatu ahal izango dira Aita Guria baleontzia eta Bermeoko Arrantzaleen Museoa, «Bermeok itsasoarekin duen lotura eta historia zabaltzeko».

Abuztuaren 13an, igandean, Itsas Market merkatuak zabalik jarraituko du, eta beste bi tailer egingo dituzte: 12:00etan, aurpegia margotzekoa; eta, 18:00etan, kutxatilak, diru zorroak eta bestelakoak egitekoa.

Galernaren 105. urteurrena



Ostiraletik igandera, egun osoan, Bermeon (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.