Gazta usaina Ordizian

Idiazabal gaztarik onena zeinek egiten duen jakingo da bihar Ordiziako azokan. Euskal Jaien barruan egunik handiena da

Kerman Garralda Zubimendi.
2017ko irailaren 5a
00:00
Entzun

Idiazabal gaztagileen egutegian gorriz markatutako eguna da biharkoa. Ordiziako (Gipuzkoa) Euskal Jaien barruan egiten den lehiaketan, urteko Idiazabal gaztarik onena nork egin duen jakingo baita.

Lehiaketan parte hartuko duten gaztak —aurten 60 inguru— goizeko bederatziak eta laurdenetan kalejiran eramango dituzte D'Elikatuz zentrotik Beti-Alai frontoira. Bidean, trikitilari eta dultzaineroek alaituko dute giroa.

Frontoian, gastronomia arloko jende ezagunak, kritikariek eta Idiazabal gaztaren inguruko kontuetan adituek Idiazabal gaztarik onena zein den erabakiko dute. 13:30ean. Lehen hiru gaztak enkantera aterako dituzte.

Lehiaketa baino gehiago

Enkantea da, ezbairik gabe, unerik ikusgarrienetako bat. 2014. urtean, Ampo kooperatibak hamahiru mila euro ordaindu zituen gazta irabazlearengatik. Iaz, Joseba Insausti ordiziarrak irabazi zuen txapelketa, eta zortzi mila euro ordaindu zituzten gazta erdiaren truke.

Ordiziako Euskal Jaien ekintzarik ezagunena gazta lehiaketa da, baina ez da bakarra. Egun osoan azoka berezia egingo dute, eta gustu guztietarako planak izango dira.

Txistularien, trikitilarien eta dultzaineroen dianarekin hasiko da eguna, 09:00etan. Ordubete geroago zabalduko dute ganaduen, fruta eta barazkien, lumagorrien eta perretxikoen erakusketa eta lehiaketa. Eguerdian izango dira sari banaketak. Arratsaldean, pilota partidak izango dira, eta Jose Miguel Barandiaran plazan, herri kirol erakustaldiak.

Festa ez da bihar amaituko. Igandera arte iraungo du, Euskal Jaia bertsoekin, Kuko jatetxeko Iker Markinezen erakustaldi gastronomikoekin eta besterekin.

Azoka berezia

Bihar, 09:00etatik aurrera, Ordizian (Gipuzkoa).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.