Mendi ibilbidea

Ezpeletako bazterrak

Ezpeleta oso herri ezaguna da, batik bat Lapurdin hazten den piper mota ospetsuagatik. Baina inguru horretan bada zer gehiago ikusi: erromatarren garaiko zubi bat, adibidez.

Mikel Arrizabalaga -

2018ko otsailak 13
Ezpeleta oso herri ezaguna da, batik bat Lapurdin hazten den bere piper mota ospetsuagatik. Landare honen jatorria Hego Ameriketan bilatu behar dugu, eta, Euskal Herrian, XVI. edo XVII. mendean sartu zen. Hasieran medikuntzan erabili bazen ere, gerora janariaren osagarri gisa erabiltzen hasi ziren. Ezpeletan, 1650. urtearen inguruan hasi ziren ereiten piperrak, eta piper gorria da gaur egun ezaguna egin dena. Urtero, urriko azken asteburuan, Biperraren Festa antolatzen dute, eta jende andana biltzen da bertara.

Ibilaldi honetan, herriko karriketan murgiltzeaz gain, herriko bazterrak ezagutuko ditugu. Herritik bertatik zenbait erreka igarotzen dira: Errobira beren urak isurtzen dituzten Latsa eta Urotz errekez gain, Urdazurin isurtzen dituzten Urloko eta Larre errekak ditugu. Horietako batzuk zeharkatuko ditugu ibilbide zirkular eta balizatu hau burutzean. Merkatu plazatik abiatu bezain fite, herriko gaztelu zaharraren ondotik pasatuko gara. Gaztelu hau, Ezpeletako baroiek 1000. urte aldera eraiki zuten, eta bertan egon ziren 1707 arte. Jatorriz, Nafarroako errege-erreginen mendekoak ziren; Nafarroako Erresumako 12 baroietako bat izan zelarik. Herriko frontoiaren gainaldetik igaro eta berehala, ezkerraldetik jaisten diren eskaileretatik jaitsiko gara. Etxe artean aurrera egin eta segidan Latsa erreka gaindituko dugu. Zubiaren beste aldean dagoen ikuztegi zaharretik pasatu eta gero, aurrera segituko dugu bide seinale horiek erakusten diguten norabidean. Errepidetik metro batzuk egin eta berehala, errepidea utzi, eta eskuinetik marrazten den xendan barrena Haitzaga auzora helduko gara. Landetxe artean, berriro errepidera igoko gara, baina metro batzuk bertatik egin eta gero, eskuinetik abiatuko gara pista zabalean zehar. Tarteka, errepidera ateratzen da, baina, berehala, xenda edo pista zabalak segitzen ditu, eta haritz bikainen artean Biper Gorri kanpinera helduko da.

Etxe ederrak

Kanpina eskuinera utziz, erreka gainditu, eta errepidean barna jarraituko dugu, eskuinetik ateratzen den lurrezko pista berri bat hartu arte. Ibilaldiaren tarte horretan, haritzekin batera gaztainondoak tartekatzen dira, eta pare bat ataka eta errekastoren bat edo beste gainditu ondoren, maldan gora egingo dugu, Zapatandegiko ingurura iritsi arte. Baso pistatik altuera galtzen hasiko gara, hurrak eta gorostiak ugari diren ingurune hezean. Gertu ikusiko dugu Ezpeleta herria, eta asfaltozko errepidera iristean, azkar helduko gara erromatarren garaiko zubi txiki baten ondora. Abiapuntura iristeko, herrian sartu, eta karriketan ibiliko gara, etxe ederren artean, merkatu plazara ailegatu arte.

Ibilaldia amaitzean, kale artean ibili, eta gazteluan bertan dauden Turismo Bulegoa, Herriko Etxea, liburutegia eta Ezpeletako piperraren langintzaren erakusketa bisitatzea merezi du. Eta gaztelua ezagutu ondoren, XVII. mendearen hasieran eraiki zuten San Esteban eliza bisitatzea ere merezi du, batik bat hilarrien bilduma, baita lau svastika dituen hilobi-harria ere. Iparraldeko barruko herri askok bezala, Ezpeletak xarma berezia du; inguratzen duen paisaia lasaia herrikoarekin bat egiten du, eta bertaratzen denari egun-pasa atsegina eskainiz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna