XV. BERRIA Txapelketa

Zehaztuta daude lau onenak

Iruñeko Oberenak eta Lazkaoko Lapkek egin dute aurrera Berria Txapelketan, eta elkarren aurka ariko dira finalerdietan. Azpeitiko Ilunpe eta Tolosa ariko dira bestean

Canabal Oberenako nagusi mailako aurrelaria. IDOIA ZABALETA / FOKU.
jon eskudero
2018ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
XV. Berria Txapelketan zehaztu dira Euskal Herriko lau pilota elkarterik onenak. Hileko lehen asteburuan, Azpeitiko Ilunpe eta Tolosa sailkatu ziren finalerdietarako, eta joan den asteburuan, Iruñeko Oberenak eta Lazkaoko Lapkek egin dute gauza bera. Nafarrek ondo sufrituta kanporatu zuten Amurrio igande goizean, eta lazkaotarrek errazago hartu zuten mendean Usurbilgo Pagazpe ordu berean. Asteburu honetan erabakiko da nortzuk ariko diren finalean. Maila handiko bi finalerdi jokatuko dira igandean: Ilunpe-Tolosa eta Oberena-Lapke.

HERNANIN

Oberena 2 - Amurrio 1

Oreka handiko kanporaketa espero zen Oberenaren eta Amurrioren artean, eta aurreikuspenek ez zuten hutsik egin, izerdia erruz botata eta ondo sufrituta irabazi baitzuen Nafarroako taldeak. Jaialdiko lehen puntuak Amurriorako bidea hartu zuen. Igoa eta Laso aritu ziren Oberena ordezkatuz, eta Larrazabal eta Jimenez Amurrioren izenean. Lehia polita espero zen bi aurrelarien artean, eta haien kalitateari esker, partidak hasiera ona izan zuen (6-8). Hortik aurrera, eskua mindu zitzaion Igoari, baina batez ere Larrazabalen erakustaldiak sortu zuen zeresana. Bi errebote jo zituen, errematean ere tanto apartak lortu zituen, eta 22-13 irabazi zuten arabarrek.

Bigarren partida izan zen onena. Lan erdiak arte, gogortasuna nagusitu zen kantxan (11-11), eta inork ez zuen lortu beste bikoteari gaina hartzea. Hortik aurrera, Alava eta Gonzalez arabarrak nekatu egin ziren, eta ohiko sendotasuna azaldu zuten Mata eta Ganboa nafarrek. Batez ere Matak maisuki jokatu zuen, eta bigarren zatian eginiko lan onari esker, puntua Iruñera joan zen (22-13).

Horiek hala, nagusien lehiak erabaki zuen kanporaketa. Canabal eta Cordon aritu ziren Oberenaren izenean, eta Gerrero eta Legarreta Amurriorenean. Aurreko bi partidetan bezala, orekatuak izan ziren lehen tantoak, eta zortzina eta 11na egon ziren bi bikoteak. Arabarren joa sendotasunarekin berdindu zuten nafarrek. Gerora, urduritasuna agertu zitzaien Amurriokoei, eta kantxan egoten jakitea aski izan zuten Canabalek eta Cordonek partida eta kanporaketa irabazteko (22-13).

LAZKAON

LAPKE 1 - Pagazpe 2

Askoz errazago lortu zuen finalerdietarako sailkapena Lazkaoko Lapkek, Usurbilgo Pagazperen aurrean. Izan ere, lehen bi partidak oso erraz irabazita batere sufritu beharrik ez zuten izan goierritarrek. Kadete mailan, 22-4 nagusitu ziren Goikoetxea anaiak Albeniz eta Lasaren aurka. Lehen tantoan nahiko estu joan ziren, baina etxekoen alderako izan ziren gehienak. Horrek etsipena ekarri zien usurbildarrei, eta hori baliatu zuten goikoetxeatarrek.

Bide bera hartu zuen gazte mailako partidak ere. Ikusteko zegoen Pagazpek Aranguren kantxaratuko ote zuen. Asegarcerekin debuta laster egingo duela eta, arriskurik ez hartzea nahiago izan zuten klubeko teknikariek, eta hark utzitako hutsunea baliatuta, lazkaotarrek ez zuten barkatu. Euskal Herriko txapeldunordeak dira maila horretan, eta Ruiz de Larramendik eta Baztarrikak 22-3 menderatu zituzten Albeniz eta Iruretagoiena.

Dena erabakita egon arren, azken partidan ohorezko puntua eman zioten Pagazperi Expositok eta Gorrotxategik, Intxausti eta Arratibelen aurrean (22-10). Aspek begiz joa duen pilotaria da Exposito, eta erakutsi zuen zergatik. Bizi eta inspiratuta jokatu zuen, betiere Gorrotxategik ondo lagunduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.