Iaz baino jende gutxiago bildu da aurten Baionako bestetan

Herriko etxea pozik agertu da jaien balantzea egiteko orduan. 162.000 eskumutur banatu dituzte asteburuan, jaigunean ordainduta sartzeko. Lau salaketa jarri dira sexu erasoengatik.

Vuelta Simon prokuradorea, Eddie Bouttera suprefeta eta Rene Etxegarai, besten balorazioa egiten, atzo. IMANOL EPPHERRE.
Baiona
2018ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Baionako bestak igandean bukatu ziren, eta bilanaren egiteko ordua etorri da bestan eskua sartu duten eragile guztientzat. Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapeza, Samuel Vuelta Simon Baionako auzitegiko prokuradorea eta Eddie Bouttera Baionako suprefet berria bildu ziren atzo suprefeturan, bost egunez iraun duten jaien puntu baten egiteko. Orokorrean, jende gutxiago ibili da aurten Baionan 2017ko bestetan baino. Eraso sexistei dagokionez delitu salaketa gutxiago izan bada ere, oraingoz bi bortxaketa kasu ikertzen ari dira, Vuelta Simon prokuradoreak adierazi duenez. Besten hasierako salaketa, ordea, kendua izan da.

Etxegarai herriko etxeko buruarentzat besten mendema-urte bikaina izan da aurtengoa. 2016. urtean Nizan (Frantzia) izandako atentatuen ondoko testuingurua geroztik, bestak salbatu dituztela deritzo Etxegarai alkateak. Besta ordainduen ondorio onak bistaratu ditu, era berean. Haren ustez, ordainketak ahalbidetu du sorosleen interbentzioak eraginkorragoak izaten, besta eremua mugatua izanda kontrolpean izatea ahalbidetzen baitu. Gainera, Baionako auzapeza poztu egin da besta «lasaiagoak» izateaz.

Orokorki, bestazale gutxiago hurbildu dira bestetara aurten. Asteburuan askoz jende gutxiago izan da, eta hori sartze ordainduei lotua izan liteke. Hain zuzen ere, autobusen erabilera, aparkalekuena, kanpalekuarena eta erabiliak izan diren baso berriztatzaileen kopurua %10 jaitsi da gutxi gorabehera.

162.000 lagunen ordainketa

Orotara, 210.000 eskumuturreko banatuak izan dira. Hauetarik 45.000 baionarrei eta bestan lan egin dutenei urririk emanak izan zaizkie. 162.000 dira ostiral goizetik igande gauera arte salduak izan diren sarrerak, lehenagotik Interneten eta eremutik kanpo komertzio batzuetan salduak izan zirenak barne.

Etxegaraik defendatu egin du sarrera ordainduaren ezarpena, «besta mugatzea eta kontrolatzea ahalbidetu duelako». Bestetik, baionarren zergen bidezko parte hartzea arinduko duela adierazi du. Bestek 2,9 milioi euroko inbertsioa izan dute aurten, eta 700.000 euroko etekina aterarazi dute herriko etxearentzat. Datorren urteetako helburua «besta herrikoietan» jarraitzea dela esan du Etxegaraik, «baina kulturari indarra emanez». Herriko etxeko ordezkariak onartu du orain arte ez zaizkiola nahiko baliabide eman kulturari.

Elkarteentzat, gazi-gozoak

Bestetik, Owen Lagadec Iriarte Zirtzilak peñako kide eta Baionako Peña elkarteen lehendakaria ez da herriko etxearen iritzi berekoa. Peñetan jendetza eta diru sarrerak %25 txikitu direla esan du. Besten bilana egiteko asmoz, elkarteei inkesta bat igorri die, eta erantzun dutenen erdiak bestak «ertainak»izan direla erantzun dute. Izan dadila jendetza edo etekin kontu, elkarteen lehendakariak sartze ordainduei egotzi die errua. Ez du uste bestazale gutiago izateak besta kalitatea hobetzen duenik, «etorri ez diren asko bertakoak eta adin tarte zaharrekoak baitira».

Cafe Moka tabernako Daniel Biscay, aldiz, ez dago ados peñen analisiarekin: «Jendetza pixka bat gutiagorekin, giro hobeagoa dator». Tabernariak uste du besten sarrera ordainduak ez duela izan eragin handirik, eta ontzat hartu du herriko etxeak harturiko erabakia. «Garrantzitsuena bestak ongi pasatzea da, giro onean». Jendetza pixka bat gutitu dela aitortu du, baina beretzat ez da hori gogoan atxiki behar dena. «Bestena ez da etekin kontu bat, langileak eta gastuak ordaintzeko badeno». Giro aldetik, «gaur egungo gazteak zintzo portatzen dira, gure lana errespetatzen dute», dio Biscayk. Gaineratu du bortizkeria gehiago ikusten zela beste garai batean.

Beste alde batetik, Zizpa gaztetxeak «biziki positiboki» baloratu ditu aurtengo bestak. Gilen Lacosta gaztetxeko kideak adierazi du «umore onean pasatu eta jendea pozik ikusi» dutela Patxa plazan bost egunez gaztetxeak antolatu dituen besta alternatiboak. Irekiera alternatibora hurbildu den jendetza ere positibotzat jo du.

Eraso sexisten moldeak

Polizia, SAMU eta suhiltzaileen interbentzioak %30 eta %40 artean txikiagotu dira iazko datuekin alderatuz. Hala jakinarazi duBouttera Baionako suprefetak. Emaitzez poztu da suprefeta, eta segurtasun eta osasun agenteak eskertu ditu, «beraien eraginkortasunagatik».

Orokorki delitu salaketak gutxiagotu egin badira ere, sexu erasoak eta eraso sexistak bestetan beti presente direla ohartarazi dute astearteko elkarretaratzean PAF, Zutik, Aitzina eta Planning Familial talde feministek. Baionako bestetan «bortxaketa isildu andana bat» direla salatzen dute mugimendu femistako ordezkariek. Eraso sexistek molde anitz hartzen ahal dituztela gogoratu nahi dute, irainekin hasi eta portaera apalgarrietaraino.

Hain zuzen ere, Vuelta Simon prokuradoreak ohartarazi du lau sexu eraso salaketa izan direla. Asteazken gauean besten aurreneko egunean jarritako salaketa kendua izan da, instrukzioak bortxaketarik ez zela izan ebatzi baitzuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.