Artea sortzeko etxe bat

Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak egonaldiak eta erresidentziak eskaintzen dizkie sortzaileei, lana garatzeko aukera izan dezaten. Aurtengo udan 26 artista hartuko ditu

Uharteko Arte Garaikideko zentroan erresidentziak eta egonaldiak egin dituzten artistek haien proiektuak aurkeztu dituzte. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Uharte
2018ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Uharteko Arte Garaikide zentroak (Nafarroa) egonaldiak eta erresidentziak eskaintzen dizkie artistei, proiektuak baldintza egokietan garatzeko aukera izan dezaten. 2015ean jarri zuten martxan egitasmoa, eta, gutxika-gutxika, indarra hartzen ari da: uda honetan, 11 artista arituko dira erresidentzietan; zazpik aldi baterako egonaldiak egingo dituzte, eta zortzik, egonaldi puntualak. Horietako batzuek beren lanak aurkeztu dituzte asteon, Uharten bertan, eta zentroak ematen dien aukera eskertu dute: «Luxua da».

Erresidentziak zentroak berak bultzatutako programak dira, eta zenbaitetan beste arte espazioekin elkarlanean egiten dituzte. Artearen inguruko ikerketa sustatzeko helburuz, gai zehatzetarako deialdiak zabaltzen dituzte, eta horietara aurkezten diren artistak zentroan hartu. Iaz, hamar deialdi egin ziren, eta 34 artistak hartu zuten parte; aurten, berriz, hamalau deialdi ireki dituzte, eta 32 artista izan dira erresidentzietan —batzuk itxi gabe daude oraindik—.

Egonaldien bitartez, berriz,ikerketa eta sormen proiektuak garatzeko espazioak eta baliabideak eskaintzen dizkiete artistei.Edonongo sortzaileak eta edozein arte diziplina onartzen dira, eta sortzaileen arteko topaketa bultzatzea dute xede.

Marayma Melendez dago aurten erresidentzietan lan egiten ari direnen artean. Ikerlan bat egiten ari da, abiapuntutzat hartuta mugikortasun eta krisialdi egoeretan daudenek senideekin izandako bizipenak gogoratzeko duten joera. Familiek gordetzen dituzten objektuak erabili ditu, afektiboki «kargatzen eta deskargatzen» baitira.

Maria Sanchezek, berriz, obra bertan behera uzten duten artisten lana du ikergai, eta Uharteko zentroak Altzuzako (Nafarroa) Oteiza Museoarekin batera abiarazi duen Hazitegia erresidentzia baliatuko du Jorge Oteizaren lana aztertzeko.

Gehienak gazteak

Gazteen presentzia bereziki nabarmena da zentroan. Aizpea De Atxa, Maitane Azparren, Irene Holguin eta Iosune Sarasate Nafarroako Gazteriaren eta Kirolaren Institutuak bultzatzen duen udako sormen erresidentzian ari dira parte hartzen, eta hiru hilabete izango dituzte proiektuak garatzeko. De Atxa gorputzen irudien eta espazioen arteko harremana lantzen ari da Gorputzak obran. Holguin, berriz, Espainiako 1960. eta 1970. hamarkadetako emakumearen iruditeriaren inguruko ikerlan batetik abiatuta ari da sormen lana garatzen.

Bestalde, Azparrenek ehun bat instalazio sortu nahi ditu, gas maskara bat, burko bat eta Je suis désolé esaldia batuz. Artistak azaldu duenez, bera «oso dramatikoa» da, eta obrak haren dramatismoa elikatzen duten pertsona eta elementuak irudikatzen ditu. Azkenik, Sarasate mugaren kontzeptuaren inguruan sortutako iruditeria aztertzen ari da, eta material lumineszenteekin esperimentatuko du horretarako. «Zehaztu gabeko material bat da; ez dago geldirik, eta inguruan duenaren arabera aldatzen da; uste dut horrek lotura handia duela mugekin», adierazi du.

Aloha Lorenzo da beste artista egoiliar gazte bat. (Re)nacer proiektuan ari da lanean, Eli Esandiarekin batera. Obra horrek pertsona bakoitzaren barne eta kanpo bidaiaren arteko elkargunea irudikatzen du, eta Gazte Artea Ospitaletan lehiaketan hautatu dute. Erresidentzia amaitzerakoan, Nafarroako Ospitalguneko sarrera nagusian jarriko dute.

David Mutiloa eta Javier Villareal aldi baterako egonaldiez baliatu dira beren proiektuetan lan egiteko. Mutiloak azken hamarkadetan lan produktiboaren barruan izan diren eraldaketak aztertu ditu Icarus lanean. Lanerako espazioen malgutasunaren ideiaren porrota ere aztertu du proiektu horretan. Villarrealen Cosa mentale, cosa sensuale lanak, aldiz, Erromako hiriaren ezohiko ikuspuntu bat eskaintzen du, artistak hirian egon ondoren sortutako memoriaren eta mapen bitartez.

Aukera bikaina artistentzat

Uharteko Arte Garaikide zentroak eman dien aukera eskertu nahi izan dute sortzaileek. Sanchez, kasurako, madrildarra da, eta ziurtatu du Madrilen «ezinezkoa» dela Uharteko zentroaren ezaugarriak dituen erresidentzia bat aurkitzea: «Lan egiteko toki bat lortzeko, beste artistekin lehiatu behar duzu; eta tokia lortuz gero, garestia izango da, hiriaren erdigunetik urrun egongo da... Hemen zorte handia duzue hau izateagatik».

Javier Villarealen irudiko, administrazioen «betebeharra» da artistei halako aukerak eskaintzea. «Alde horretatik, Uharteko zentroak Nafarroan zegoen hutsunea bete du», aipatu du.

Sortzaile gazteek, berriz, adierazi dute Uhartekoa aukera egokia dela beren ibilbidean aurrera egiteko eta beren obrak «ganoraz» lantzeko. Aizpea de Atxak azpimarratu du egitasmoak trebatzen jarraitzeko aukera ematen diela unibertsitate ikasketak amaitu berri dituzten artistei: «Ikasketak kanpoan egin ondoren, ikusten badugu hemen gauza gehiago eskaintzen dizkigutela, itzuliko gara; bestela, ez».

Proiektua oraindik hastapenetan bada ere, antolatzaileek ziurtatu dute indarra hartzen ari dela. «Oraingoz, egin ditugun deialdi guztiak bete ditugu; eta jendea aukera hauek ezagutzen hasi ahala, egitasmoa haziz joango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.