Lur idorrean memoria bizirik

'Paisaia ikusezinak' erakusketak Mendebaldeko Sahararen historia eta memoria osatzea du helburu. Saray Perezek aurkeztu du, Bilboko Errekalde Aretoan.

Zeramikazko zortzi hodi zuritan, Deyars zaharren testigantzak entzuten dira, hassaniaz esanak. MONIKA DEL VALLE/ FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2018ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Espaloiaren beste aldean Marokoko Kontsulatuaren egoitza dago. Aurrez aurre, Errekalde aretoa. Horma zurien barnean, herri ahaztu baten oroimen kolektiboa. Abiada bizian doan munduan, irudi zaparrada etengabetik at doan esperientzia. Ahaztutako gomuta, galdu diren herrien bizipenak, zaharrenen azken arnasarekin batera betiko desagertu diren egiak. Paisaia ikusezinak.

Mendebaldeko Saharako herritarren iragana eta oraina kontatzea du helburu Saray Perez artistak (Gamonal, Burgos, Espainia, 1987): «ezkutatu nahi izan diren memoriaren eta historiaren ertz guztiak arakatzea». Entzumena eta ukimena ardatz, artistak Saharako memoria historikoaren gogoeta plazaratu nahi du. Erakusketa irailaren 2ra arte egongo da ikusgai, Errekalde Aretoko Kabinete Abstraktuan, doan. Perezek 2015ean bisitatu zituen lehenengoz saharar errefuxiatuen Tindufeko kanpalekuak. Lurzoru lehorreko inguru batean bizitza ernaltzen den eremua da hura. Azaldu duenez, sahararrek hassaniazko jamada hitza erabiltzen dute ingurua deskribatzeko;«ezer jaiotzen ez den infernua», alegia. Artistak ikusarazi egin nahi du ezerezean hazten dabilen errealitate hori, nazioarteko komunitateak ahaztutako errealitate gordina. Egun, Marokok eraiki zuen harresiak bertan jarraitzen du; minez jositako muga, behinola Espainiako kolonia izandako Mendebaldeko Sahara erdibitzen. Marokok okupatua 1975etik aurrera.

Entzuteko eta ukitzeko

Alde batean, Marokoko indar polizialek indarrez harturiko lurraldea. Harresiaren beste aldean, Fronte Polisarioak berreskuratutako zatia. Hirugarren eremuan, Tindufeko errefuxiatu kanpalekuak; Aljeriara ihes egin behar izan duten sahararren babesgunea. Bertan, inoiz ezagutu ez duten jaioterriaren inguruko ezinezko oroitzapenak eraikitzen dituzte euren sustraietatik deserrotutako herritarrek. Inoiz ikusi, ukitu eta entzun bako landare, animalia eta herrien izenak. Horiek guztiak ezagutzeko bide dira Deyars zaharren hitzak. Saharako herriaren historia eraikitzeko ariketan, Deyars «jakintsuen» kontakizunek osatzen dute narrazioa. Belaunaldi gazteak saharar errefuxiatuen Tindufeko kanpalekuetan jaio dira, eta bertan hazi eta hezi dituzte. Mendebaldeko Sahara, sorterria, aurreko belaunaldien ahotan jasotzea dute aukera bakarra. Isildutako bizipen horiek guztiak ardatz hartuta, artistak ezohiko moduan antolaturiko 42 testigantza grabatu ditu.

Zeramikaz egindako zortzi hodi zuri daude aretoaren erdian; begiekin hori besterik ezin daiteke antzeman. Belarriak eta eskuak beharko ditu bisitariak esperientzia guztiz bizitzeko. Hodiak ukitu eta belarria goialdean duten zulora hurbilduta, Deyars-en zortzi testigantza entzuten dira, hassaniaz esanak. 42 horien artean, Saray Perezek tentuz hautatutakoak dira, bere aburuz, «errelatorik osoena» eskaintzen dutenak.

Artistak azaldu du «errespetu kontua» dela testigantzen audioak bakarrik jaso izana, Sahararren ahozko usadioa dela eta. Bide batez, erakusketa plazaratzeko era berritzailea ere bada, ikusmena bigarren mailako zentzumen bihurtzen baitu.«Ahotsaren bidez,iruditegi mentala osatzeko gai izan naiz; finean, Mendebaldeko Sahararen historia da», aitortu du artistak. Entzumena soilik ez; erakusketak ukimena lantzeko aukera ere ematen du. Basamortuko lurra balitz bezala, hondarrezko pieza txiki bat dago erakusketa gelaren izkina batean. Errealitatearen mesedetan, irudikatu beharrean sentitu egin daiteke lur zatia. Artistak hirugarren elementu bat gehitzen dio memoria kolektiboaren ariketari: jolas bat proposatzen dio ikusmenari.

Aretoaren hondoan, bi behatxulo daude. Behatxuloen beste aldean, bi pantaila. Zeharka ikusten dira irudiak horman eskegitako pantailetan. Kaletik, aldiz, erakusleiho gisa aurrez aurre eta osorik ditu bisitariak pantailak.Kale horretan antolatzen dituzte Sahararen aldeko protestak, eta errepidearen beste aldean Marokoko Kontsulatuaren eraikina dago. Hala ere, irudiak pixelaturik daude, «kasualitatez»bada ere. Espainiako Mozal legeak ezartzen duenaren arabera, artistak pixelatu egin behar izan ditu segurtasun indarren aurpegiak; kasu horretan, Marokoko indar polizial eta militarren irudiak. Artistak arkitekturarekin, eraikinaren zentzuarekin eta mugekin jolasten du. Kanpoaldearekin eta barnealdearekin, hemengo eta hango errealitatearen metafora gisa.

Kapsula lurperatuak

Perezek erakusketa bat antolatu du Bilbon, baina memoriaren alea ereinda utzi du Tindufen: Deyars-en ahozko testigantzak jasotzen dituzten kaseteak zeramikazko kapsuletan sartu, hizlariaren argazki bat gehitu, basamortuko hondar azpian lurperatu eta koloretako harriekin markatuta utzi dituzte aztarnak. «Ezer jaiotzen ez den» lur horretan herri oso baten izana gorde dute, etorkizuneko belaunaldientzako errelatoa. Ikusten ez den paisaia horretan, entzun eta uki daitekeen historia bat dago. Analogikoan grabatzeko erabakia ere hartu zuten, errelatoa kasete zaharretan gordez. Erronka hori ezarri zioten beren buruei, eta proiektuak ahalegin ekonomiko handia ekarri du. Bizkaiko Foru Aldundiak eskainitako Sorkuntza Artistikora beka jaso bazuen ere, ikerketaren gainerako kostuak berak hartu ditu. Orain hiru urte hasi zuen bidea, eta, oraindik bukatu gabe dagoen arren, lan guztia forma hartzen hasi da. Erakusketa topagune bat da, errealitatea ezagutu eta berarekin erlazionatzeko espazioa.

Espazioak, batu bezainbeste, banandu egin dezake. Artistak arrakala sortu nahi du, arrakala hirukoitza: «begizentrista» deritzon gizarteari erronka jo, Mendebaldeko Saharako historiaren inguruko ikerketa arrakala zabaldu, eta, bide batez, erakusketaren espazioa eta arkitektura baliatu,«mugak arrakalatzeko». Gainditu beharreko harresirik latzena ikuslea du, ordea, gatazka kanpotik eta zeharka ikustera ohitua dagoen herritarra. «Muga bizitzeko» gonbita egin die bisitariei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.