Herrian eta herriarentzat

Urdaibaik Bermeon bertan irabaz dezake gaur Eusko Label liga, azken-aurreko jardunaldian, eta 'Bou Bizkaia' traineruko hiru bermeotarrak irrikaz daude hala izateko.

Eneko Bilbao Urdaibaiko patroia Santurtziko bandera astintzen, taldekideek arraunak jasota dituzten bitartean, aurtengo Eusko Label ligan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Eneko Bilbao patroia (Bermeo, Bizkaia, 1995). Jon Telletxea (Bermeo, 1981) eta Jon Unzaga (Bermeo, 1993) arraunlariak. KAE 2 ligako estropaden artxiboan, makina bat alditan azaltzen dira hirurak Bermeoren eta Bermeo-Mundakaren zerrendetan. Hirurak elkarrekin, hirurak bermeotar, hirurak Urdaibai egitasmo handiaren azpiko koskan. Azkenekoz, 2016ko abuztuaren 21ean, Camargon (Espainia).

Harrobiko arraunlariak dira hirurak, eta Urdaibaik beharrezkoak ditu Eusko Label ligako araudia betetzeko. Baina ez du edozeinek balio; balio egin behar da halako talde puskako eskifaian lekua egiteko.

2017ko uda hasia. Bilbao patroia Bou Bizkaia traineruaren tostetan [debuta 2012ko irailaren 16an egin zuen, Portugaleten, Juan Mari Etxabe entrenatzaile zuela]. Unzaga eta Telletxea KAE 2 ligan oraindik. 2018ko udaberria, auskalo non, Bermeon ziurrenik, Urdaibairen entrenamendu baten akaberan edo hasieran. Telletxeak eta Unzagak jaso dute albistea: Urdaibaiko arraunlari izango dira udan.

Joseba Fernandez entrenatzaile harrobiko hiru kirolari horien jauzian, eta eragile. Badoa uda, badoa traineru denboraldia. Datuak Eusko Label ligakoak: Bilbaok hamar estropada jokatu ditu herriko traineruaren txopan gidari; Telletxeak, hiru; Unzagak, sei. «Lan oso ona ari da egiten Joseba harrobiarekin», esan dute hirurek. «Aukerak ematen dizkigu etxekoei, eta esana du herriko edota inguruetako gero eta arraunlari gehiago nahi dituela taldean». Telletxeak azkar bota du: «Hiru estropada jokatu ditut, eta hiruretan, bandera». Taldeak, orotara, ligan, hamar dauzka.

Hirurek dute begiz jota aspalditik gaurko estropada (18:30, ETB 1). Etxekoa, herrikoa, ligako azken-aurrekoa [lehen zortziak soilik ariko dira]. Bilbaorentzat «urteko garrantzitsuenetakoa izaten da, sentimenduz beterikoa». Aurtengoak, gainera, badu berezitasuna: liga irabaz dezake gaur bertan Urdaibaik. Baina herriko bandera astinduz nahi dute liga irabazi hirurek, eta, ahal dela,Bou Bizkaia-ko tostetan ari direla: «Ametsa betetzea litzateke», esan du patroiak. «Ni barruan banaiz, Kontxako Bandera irabaztearen parekoa», bota du Unzagak. Telletxearentzat, «ginga jartzea litzateke ni traineru barruan izatea».

Bermeotarrak izanik, etxeko taldean arraun egitea zer den azaldu dute: «Gauza handia da; sekulako ilusioa ematen dit. Azken batean, umetatik ikusi izan dut Urdaibai banderak irabazten; arraunlari onenetakoak hemen daude, eta oso pozgarria da horiekin batera taldea osatzea», azaldu du Unzagak. Telletxea «beteta sentitzen» da: «Oso aberasgarria da, eta ilusio handia egiten dit». Bilbaoren ustez, «gauza handia da herrikoak izanda horrelako talde handi bateko kide izatea».

Arraunlari onentsuenak dituzte tostakide; izen handiekin bizi dira denboraldiko hilabete luzeetan, eta elkarrekin entrenatzen dira. Onartu dute hasieran bazituztela ardura eta kezka: «Sari handi bat da hauekin arraun egitea, baina lehen saioetan kezka nuen, maila emango nuen edo ez. Oso umilak dira, ordea, arraunlari handiak bezainbat», esan du Telletxeak. Unzagak arraunlari gisa hobetzeko aukerari heldu dio: «Halako izarrekin arraun egitea ikasteko oso ona da, gauza asko erakusten dizkizutelako. Esandako guztia gordetzen dut. Hori bai, hasieran ardura dezentekoa sentitzen nuen, eta oraindik ere bai, presioa modukoa, gai naizela erakusteko hauekin barruan joateko, entrenamenduetan-eta pala kolperik galdu gabe».

Liga irabaztearen garrantzia

Gauzak bere-berean joaten badira gaur, Urdaibaiko hiru arraunlariek bereganatu egingo dute liga. Bilbaok bigarrena luke, iazkoari gehituz: «Talde onena eta erregularrena zarela erakustea da ligan garaile izatea». Ados dago Telletxea ere: «Urte osoko lana saritzen du». Unzagak ere bat egin du beste biekin «Garaipen handi bat da; uda osoko lehia saritzen du». Gozatu egingo lieke, nolabait, Kontxan gertatutakoa. «Pena handia dugu, baina horrela gertatzen dira gauzak batzuetan. Aurrera egin behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.