Iraupenaren kondairak

Euskararen iraupenari buruz gogoetatu du Tartean teatroak 'Ghero: azken euskalduna' antzezlan berrian. Hilaren 20an estreinatuko dute pieza, Bilboko Arriaga antzokian
Patxo Telleria, Ane Pikaza, Olatz Ganboa, Iñaki Maruri eta Mikel Martinez, <em>Ghero</em> antzezlanaren entseguan.
Patxo Telleria, Ane Pikaza, Olatz Ganboa, Iñaki Maruri eta Mikel Martinez, Ghero antzezlanaren entseguan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2018ko azaroak 9
Urruneko galaxia batean, 3000. urtean. Hizkuntza berri batean kantuka. «Gravas ke estu trankila, havos agrablam morton. La kuracisto estas per tio, per dibidi felicon». Ospitalean, hiltzear den paziente batek galdera. «Zergatik ez dizuet ulertzen normal hitz egiten duzuenean?». Haren medikuak erantzuna: «Afasia duzu; arazo neurologikoa. Hizkuntza globala garunetik ezabatu zaizu. Orain, hizkuntza hau besterik ez dakizu». Eta pazienteak harriduraz: «Euskara? Is not posible, ni ondo nago, normala naiz». Medikuak hausnarrean eman dio azalpena: «Hizkuntza zahar guztiak desagertuta zeudela uste genuen». Hiltzear den pazienteak, hasperenka: «Nire arbasoak tematu ziren hizkuntza hau belaunaldiz belaunaldi gordetzeaz. Ni naiz the last one; azken euskalduna. Baina nik normala izan nahi dut, everybody bezala». Etorkizunera, 3000. urtera egin du Tartean teatroak Ghero: azken euskalduna antzezlan berrian; euskara desagertzeko zorian den mendera. «Barre egiteaz eta hausnartzeaz gain, omenaldia egin nahi genion euskararen iraupenari», azaldu du Patxo Telleriak. Hark ondu du gidoia, eta hilaren 20an egingo dute estreinaldia, Bilboko Arriaga antzokian.

Telleriarekin batera, Mikel Martinez, Olatz Ganboa, Ane Pikaza eta Iñaki Maruri arituko dira aktore lanetan, eta Jokin Oregi izango dute gidari. Antzezlanean azaltzen diren hizkuntzak zerrendatzen hasi da lantaldea: «Hamabi dira». Eta hasi dira denen artean zenbatzen. «Euskara, katalana, galegoa, gaztelania, ingelesa, frantsesa, txinera, latina, mikmak Ternuako aborigenen hizkuntza, protoeuskara, fino-hungariera eta morse kodea». Hizkuntza globala izenekoa da aipatu duten hamabigarrena. «Asmakuntza bat da hizkuntza globala: 3000. urteko hizkuntza».

Esperantoa oinarri hartuta, etorkizuneko gizakien lengoaia sortu du Telleriak antzezlanerako. Ahaztu egingo du hizkuntza globala Martinezek, hiltzeko ordubete besterik falta ez zaion etorkizuneko gizakiak. «Bere amonarengandik jaso du euskara, baina, amona hil ondoren, normal biziko da, mundu guztiak hitz egiten duen hizkuntza globalean. 3000. urtean dagoen hizkuntza bakarra da, eta, gainera, ontzat ematen da lengoaia bakarra egotea», azaldu du gidoigileak.

Hiltzera doanean, baina, euskara eta arbasoak agertuko zaizkio Martinezi behin eta berriz. Oregik eman ditu azalpenak. «Galderak baino ez zaizkio etorriko protagonistari: hiltzean, zein da hilko dena, bera ala identitatea? Zer gertatu da? Zergatik utzi duzue hizkuntza hiltzen? Zama bat darama txikitatik, amonak esan ziolako bera dela azken euskalduna, eta hizkuntzaren etorkizuna berarengan dagoela». Martinez zaintzen duenaren azalean jarriko da Pikaza, eta istorioaren parabolak eta testuingurua antzeztuko dituzte Telleriak, Marurik eta Ganboak. Gaurkotasuna duen gaia lantzen du obrak, Oregiren arabera, eta Ruper Ordorika abeslariaren Zaindu maite duzun hori abestiarekin egin du laburpena. «'Inork ez zidan esan euskaldun izatea zein nekeza dan'. Aldean daramagun motxila horri buruzkoa da antzezlana». Horregatik dio Telleriak «komedia solemnea» dela Ghero. «Komedia bat da, baina absurdotik urrundu gara. Orain arte egin ditugun lanen estilotik aldendu gara».

«Aniztasunaren alde»

Euskaltzaindiaren mendeurrenaren harira jaso zuen Tartean teatroak antzezlana egiteko enkargua, eta euskarari omenaldia egin diote obran. Umorez, baina gogoetarako tartea eskaintzen duela azpimarratu du Telleriak. «Kondaira asko biltzen dituen kondaira da Ghero, nolabait; eta guzti-guztiak daude errealitatean oinarrituta. Hau da, historiaren hainbat garaitako uneak azaltzen dira». 1789. urteko Frantziako Iraultzaren testuingurura egingo dute jauzi, kasurako, Martinez protagonistaren pentsamenduek bat-batean. Eta Telleriak, Marurik eta Ganboak antzeztuko dute egoera. Frantsesa «hizkuntza nazional» gisa aurkeztuko du Telleriak, eta bizirik irauteko hura ikasi behar duten edo ez zalantzan jarriko dute Maruri eta Ganboa nekazari euskaldunek. «Komedia du oinarrian, baina kontatzen diren istorioak tonu ezberdinetatik kontatuta daude: batzuk umoretik eta besteak emozioetatik».

Koldo Mitxelenaren hitzak bere egin ditu gidoilariak; izan ere, hark esana da euskararen fenomenorik harrigarriena ez dela jakitea nondik datorren, baizik eta nola lortu duen irautea. «Ez da makala euskarak orain arte iraun izana, eta ikuskizun honen xedea bada horri buruzko hausnarketa egitea». Galderak jaurti ditu jarraian. «Zertarako balio dute hizkuntzek? Eta lengoaien aniztasunak? Zer zentzu du hizkuntzak gordetzeak eta zaintzeak?». Horregatik azaltzen dira hamabi hizkuntza antzezlanean. «Hasierako ideia zen azpidatziak jartzea, baina azkenean lortu dugu horiek gabe ulertaraztea zer gertatzen ari den». Aniztasunari gorazarre egin nahi izan dio gidoilariak. «Hizkuntza aniztasuna ez da muga, ez errealitatean, ez antzezlanean».

Azaroaren 20an egingo dute estreinaldia, Bilboko Arriaga antzokian, eta beste emanaldi bat egingo dute 21ean. Sarrerak salgai jarri dituzte jada.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna