Noiz sortua: 2018-11-23 00:30:00

Eguneroko kontu txikiei eskainitakoak

Bakarkako bederatzigarren lana aurkeztu du Garik: 'Beste Denbora Batean'. Maldanbera musika taldearekin batera ondu du diskoa. Elgetan egingo du lehen emanaldia, abenduaren 29an
Gari, atzo, Bilboko Arte Ederren Museoan <em>Beste Denbora Batean</em> diskoa aurkezten.
Gari, atzo, Bilboko Arte Ederren Museoan Beste Denbora Batean diskoa aurkezten. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Uxue Gutierrez Lorenzo -

2018ko azaroak 23
Egunerokoari abestu diola dio Iñaki Garitaonandiak, Gari-k; eguneroko gauza txikiak hartu dituela ardatz. «Foku handien glamourrak aspertu nau. Askotan, handitasunak itsutu egiten gaitu, eta egunerokoaren oinarrizko gauza txikien muina galtzen dugu». Eta hala azaldu zen, atzo, Bilboko Arte Ederren Museoan: formatu txikian, gitarra beltz-marroixka eskuan zuela. Besterik ez zuen behar izan, kantuz, bere barkarkako bederatzigarren diskoa aurkezteko: Beste Denbora Batean.

Jon Benito idazlearen hitzei doinua jarriz sortu duen Gogoratzen abestia hautatu zuen musikariak atzoko aurkezpen agerraldia abiatzeko. Abesten hasi aurretik azaldu zuen, ordea, egitasmoaren arima:«Disko hau kontu txikien ingurukoa da. Gauza txikiak jarri ditut erdigunean, eta horregatik kantu sinple honekin aurkeztu nahi dizuet nire lana». Jarraian hartu du gitarra, eta jarri ditu dantzan ahots kordak. Orotara, zortzi kanta bildu ditu disko berrian, eta, guztien artean, abesti bat izan du ahotan: Mercedes Sosa abeslari argentinarrak sortutako abesti baten egokitzapena. «Harribitxia» dela nabarmendu du Garik: «Nahi gabe aurkitu nuen Sosaren Simples Cosas, baina bete-betean zetorren bat diskoaren ideiarekin». Aurkitu, bere egin, eta egokitu egin du argentinarraren lana.

Euskal sortzaileen laguntza ere izan du Garik abestien hitzak osatzeko: aipatu Jon Benito, Igor Elortza eta Juan Luis Zabala, besteak beste. Abeslariak geldialdia egin du Mari Luz Esteban izendatzean: ETAren armagabetzeari buruz BERRIAn idatzitako Desira poema izan du hizpide abeslariak. Inspirazio iturri izan ziren Garirentzat bertan irakurritakoak, eta, azaldu duenez, berehala etorri zitzaion kantua sortzeko beharra. Hango eta hemengo «apurrak batuz» osatu du kantutegiaren «gorputza». Pixkanaka ondu du lana, ibilian: «Ez dut hari bat sortu hasi aurretik; haria sortuz joan da diskoaren kantak lantzen joan naizen bitartean».

Haririk ez, baina xedea argi zuen hasieratik: sinpletasunetik jardun nahi zuen lan berrian. «Sarritan, nire diskografian hitz luzeak eta potoloak izan dira, eta holako hitzetan galtzen da esanahia. Oraingoan, esaldi bakoitzaren argitasuna ondo azaldu nahi izan dut».

Guztira, hamasei disko argitaratu ditu musikariak, taldeka zein bakarka. Aurreneko zazpiak, Hertzainak taldearekin, harik eta 1995.urtean taldea desegin zen arte. Urte berean kaleratu zuen bakarkako lehena abeslariak: Gari (1995, Elkar). Ez dira gutxi izan, beraz, gaur egun arte sortutako lanak. Ibilbide luzea egin badu ere, lotsarik gabe aitortu du nostalgia zantzurik ez dela sumatzen bere kanta berrietan: «Nostalgia gutxi dago disko honetan. Ez naiz oso nostalgiazalea, eta orainean jartzen dut fokua».

Atzera begira jartzeko asmorik ez du; rock erradikalean bete-betean ibili zen Gari, baina pop doinuetatik geroz eta hurbilago kokatzen da orain. Orain bi urte Maldanbera taldearekin batera osatu zuen Estutu (Elkar, 2016) lanean ere rock doinuetatik«aldendu» nahian zebilela azaldu zuen, eta bide beretik jarraitzen du. Tristetzat du Garik bere burua. «Ni gizon triste bat naiz». Alaitasunaren bila aritu da orain, halere. Hala aitortu du abeslariak. «Malenkonia eta tristura berezkoak ditut. Horrekin hausten saiatu naiz, eta argia sartu nahi izan diot». Estudioko lanetan lagundu dion Aitor Arrizabalagari egin dio doinuak «argitu» izanaren aitortza. Autoekoizpena den arren, Arrizabalagak, We Are Standard taldeko kideak, lagundu dio grabaketan El Tigre eta Tio Pete estudioetan.

Aurkezpen espazioa

Diskoa aurkezteko espazioa ez zuen ausaz aukeratu Garik. 68aren ostean erakusketa dago ikusgai une honetan Bilboko Arte Ederren Museoan, eta euskal artearen azken hamarkadetako lanak bildu dituzte bertan. Artelanez gain, azken 50 urteetan argitaratutako musikaren erakusketa ere jarri dute: Musika Euskal Herrian 1968-2018. Urtez urte, mugarri izan diren musika taldeen lanak jarri dituzte ikusgai; eta, irudi bitxia utzi zuen aurkezpenean Garik, 1984. urtean mugarri izan ziren banden artean azaltzen baita Hertzainak taldearen lehen diskoa: Soinua. Bestela agertu da orain, ordea; aspaldi abiatu baitzuen bakarkako ibilbidea musikariak.

Hasi bezala eman zion bukaera atzoko agerraldiari: kantatuz. Obsesioak abestia. Formatu handiko kontzertuetatik ihesi, oholtza «intimoagoen» bila arituko dela dio Garik. Atzo bertan, ekitaldi pribatua eskaini zuen Arte Ederren Museoan, 120 lagunen aurrean. Diskoa aurkezteko kontzertuak abenduarekin hasiko ditu.

HURRENGO EMANALDIAK

Abenduak 29. Elgetako Espaloia Kafe Antzokian, 22:30ean.

Urtarrilak 4. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etan.

Otsailak 27. Bilboko Arriaga antzokian, 19:30ean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna