Albistea entzun

Doinu berriak zainetan barrena

Trikiti doinuei presentzia apalagoa eta ahotsei protagonismo handiagoa emanez ondu du Huntza taldeak 'Xilema' bigarren lan luzea. Gaur aurkeztuko dute, Durangoko Plateruenan
Inhar Eskisabel, Uxue Amonarriz, Josune Arakistain, Peru Altube eta Aitzol Eskisabel Huntza taldeko kideak, atzo, Donostian.
Inhar Eskisabel, Uxue Amonarriz, Josune Arakistain, Peru Altube eta Aitzol Eskisabel Huntza taldeko kideak, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2018ko abenduak 5

Musikariak ez ezik, biologian graduatu berriak ere badira Josune Arakistain eta Uxue Amonarriz. Hori jakinda, errazago ulertzen da zergatik jarri dioten Huntza taldekoek Xilema izena beren bigarren disko luzeari. «Biologiako kontzeptu bat da», azaldu du Arakistainek. «Guk zainak eta arteriak ditugun bezala, xilemak eta floemak dituzte landareek. Sustraietatik hartutako gatz mineralak eta ura landarearen parte guztietara iristen dira xilemen bidez». Metafora gisa baliatu dute kontzeptua, orain bi urte Huntzak izan zuen bat-bateko oihartzun zabalaren ondotik, gaur arte egin duten prozesuaren metafora gisa. «Izenarekin irudikatu nahi izan duguna da, azken finean, gure xilemak bisitatu ditugun herriak direla, bidelagun izan ditugun pertsonak, prozesu guztia, eta omenaldi txiki bat egin nahi izan diogu bide horri guztiari». Mauka diskoetxearekin plazaratu berri dute lana.

Arakistainek (trikitia, ahotsa), Amonarrizek (panderoa, ahotsa), Aitor Huizik (biolina), Aitzol Eskisabelek (gitarra), Inhar Eskisabelek (baxua) eta Peru Altubek (bateria) osatzen dute Huntza. Donostian, Uliako Mintegiak parkean egin zuten diskoaren aurkezpena, atzo —Huizi ezin izan zen bertan egon—. Lan berriko hainbat kanta jo zituzten berotegi baten barruan, eta, ezustean, publikoa ere izan zuten, eskola batetik parkera txangoa egitera joandako 3-4-5 urteko dozenaka haur izan baitzituzten adi-adi begira.

Hiruzpalau abestiren ondotik, Mauka diskoetxeko Koldo Rodriguez Akarregi izan zen hitza hartzen lehena: bera ez zela inoiz oso trikitizalea izan aitortu zuen, baina, aldi berean, bi urteotan trikitiaz zuen ustea erabat aldatu zaiola gaineratu. «Duela bi urte pasatxo, bulegora lehen abestia bidali zidatenean, pentsatu nuen, 'funtzionatuko al du?'. Bada, funtzionatu eta erdi egin du».

Ertzetatik (2016, Mauka) izan zen taldearen lehen lan luzea, eta, Rodriguezen ustez, izenburuak dioenaren aurka, «euskal musikaren erdigunera» eraman zuen Huntza. Horren erakusgarri, ordutik hona eman duen kontzertu andana —Argentina eta Uruguain biran izan dira orain gutxi, esaterako— eta sareetan izandako oihartzuna, Aldapan gora abestiarekin bereziki. «Gaur egun, euskarazko bideo batek zortzi milioi bisitatik gora izatea ez da nolanahikoa, eta hori lortu du Huntzak». Iaz, bi kantu berri plazaratu zituen taldeak Lumak lanean (2017, Mauka), eta zaleak gehiagoren egarriz sumatu zituen Rodriguezek. Lehen diskoaren ondotik «aldapan gora zerbait gehiago» egongo ote zen galdetzen zuenik ere bazela gaineratu zuen, eta bigarren lan luzearekin «asko» dagoela frogatu dutela. «Lan honetan taldeak erakusten du zer daukan eta zer izango den. 30 minutu dira, oso laburra egiten da, baina oso gustura entzuten da, eta oso-oso profesionala da».

Taldekideek «odola, izerdia eta malkoak» esaldiarekin laburbildu dute, broma modura, lan berria, Arakistainek irri artean azaldu zuenez. Lehen diskoa atera zutenetik gaur artekoa «oso prozesu luzea» izan dela adierazi zuen. «Inor ez geunden bat-batean halako plazetan eta hainbeste jenderen aurrean jotzera ohituta, eta bi urte hauek oso politak izan dira, baina oso gogorrak ere bai. Pila bat ikasi dugu, lan asko ere egin dugu, eta bigarren disko hau horren fruitua izan da».

Lehen diskoak izandako oihartzunaren presioa alde batera uzten saiatu direla gehitu zuen Altubek. «Bigarren diskoarekin ez genuen nahi kanpoko presio horrek hutsuneak sortzea. Geurea izatea nahi genuen, ez kanpora begirako zerbait, eta uste dut lortu dugula, bihotzetik atera zaigula».

Bederatzi kantu berri gehi bi

Bederatzi kantu berri jaso dituzte diskoan, Arakistainen ustez elkarren artean «nahiko ezberdinak» direnak. Badira kantu alaiak, lasaiagoak, akustiko bat... Eta baita arin-arin tradizional bat ere, Tremenda Jauria taldeak eginiko oinarri bat daramana, zeinak cumbia ukituak ematen dizkion. «Esperimentu bat da», taldekideen hitzetan. Lumak diskoko bi kantuak ere gehitu dituzte amaieran.

Aurrekoekin alderatuta, disko berrian aldaketa txiki bat nabari dela uste dute, nahiz eta taldearen funtsa ez den aldatu. Arakistain: «Esango nuke, gure esentzia galdu gabe, disko honetan trikitiaren presentzia pixka bat murrizten dela, nahiz eta oso presente egon». Musikariarekin bat etorri zen Rodriguez, lan berriak «ahotsetan irabazten» duela gehituta: «Ahots jokoak askoz ere borobilagoak eta landuagoak dira». Soinua ere gehiago landu dutela iruditzen zaie kideei, denbora gehiagorekin aritu direla, eta estudioan egindako lana ere sumatzen dela. Alde horretatik, eskerrak eman zizkioten Haritz Harregiri, haren estudioan grabatu baitute diskoa.

Hitzei dagokienean, denetarik dagoela esan zuen Arakistainek, baina ez dituztela «gaiak itxita» eman nahi izaten zehaztu zuen: «Nahiago dugu entzuleak definitzea zertaz ari garen kantuan».

Gaur, Durangoko Azokaren lehen egunean, Plateruena kafe antzokian kontzertua emanez aurkeztuko dute lana, 23:00etan hasita. Baina ez dela aurkezpen soil bat izango ziurtatu zuten taldekideek, eta «ezustekoak» ere izango direla iragarri. Emanaldi horren ondotik, Herrialde Katalanetan ariko dira hilaren amaieran. Eta urtarriletik aurrera kontzertu gehiago emateko gogotsu daude.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Eguzki Art Zinema

'Ombuaren itzala' filmerako castinga egingo dute apirilaren 1ean

Julen Otaegi Leonet

Pello Mari Otaño bertsolariaren bizitza kontatuko du Patxi Bisquerten Eguzki Art Zinema ekoiztetxeak. Zizurkilen egingo dute aktoreen hautaproba. Maiatzean ekingo diote grabazioari; Euskal Herrian eta Argentinan grabatuko dute.

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Inoiz ez dut amildegian jauzi egiteko gogorik izan»

Itziar Ugarte Irizar

Urte luzez eta egunero-egunero, estudioari emana aritu da Herrero. Eskultura, grabatua eta pintura landu ditu, eta paper gainean margotutako zenbait lanekin osatu du Donostiako Artekon ireki duen erakusketa.
Bere nobelak Irlandako landa eremuan girotu izan ditu, sarritan, Donal Ryan idazleak. ©ANTHONY WOODS

Sekretuak eta gezurrak

Mikel Lizarralde

Herri txiki batean dago girotua, 1970eko hamarkadan, 'Strange Flowers', Donal Ryanen bosgarren nobela. 2020ko eleberri onenaren saria jaso zuen Irlandan.

Rio de Janeiron jaio zen Arthur Verocai musikari, konpositore eta ekoizlea, 1946an. ©BERRIA

Verocai, bossaren eta soularen gailurra

Julen Azpitarte

Duela 50 urte kaleratu zuen Arthur Verocai brasildarrak izen bereko diskoa. Haren herrialdean porrota izan zena kultuzko lantzat hartu zuten gero kanpoan. Musikatik urrundu ostean, lehen lerroan dabil berriz egilea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.