Makilatxo magikoak ukituta

Egurrean hasi du sasoia Astanak, jada zazpi itzuli eta zortzi etapa irabazi baititu. Iban Belaskoren aburuz, «lan ona» eta «zortea» dira gako nagusiak. Teknikari arrasatearrarekin batera, beste sei euskal herritar daude Kazakhstango taldean.

Ion Izagirre, Valentziako Itzuliko maillot horia soinean duela. MANUEL BRUQUE / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Hasi besterik ez da egin txirrindularitza denboraldia, baina Astanak jada ondo betea du garaipenen zakua. Hamabost lortu ditu, eta horietatik zazpi, sailkapen nagusiak. Marka berria ezarri du mende honetan, zazpi itzuli horiek 22 egunean irabazita. Otsailaren 10ean heldu zen lehena, Valentziako Itzulian, Ion Izagirreren eskutik, eta zazpigarrena iragan igandean lortu zuen Merhawi Kudusek, Ruandako Itzulian. Tartean, Murtziako Itzulia irabazi du Luis Leon Sanchezek, Kolonbiakoa Miguel Angel Lopezek, Proventzakoa Gorka Izagirrek, Omangoa Alexei Lutsenkok, eta Andaluziakoa Jakob Fuglsangek. Hots, zazpi itzuli beste horrenbeste txirrindulariarekin irabazi ditu Astanak.

Aurten Eustana ere dei dakioke Astanari, bertan lau euskal txirrindulari baitabiltza: Izagirre anaiak, Pello Bilbao eta Omar Fraile. Haiei Aritz Arberas prestatzaile fisikoa, Javier Manero mekanikoa eta materialaren arloko teknikari Iban Belasko (Arrasate, Gipuzkoa, 1980) gehitu behar zaizkie. Belaskoren esanetan, ez zen taldearen helburua denboraldi hasieran halako emaitzak lortzea. Alegia, ez da prestakuntza berezirik egon lehenengo lasterketei begira. «Ez dugu ezer espezifikorik egin. Bi egonaldi luze egin ditugu, eta dena behar bezala joan da. Onak izan dira entrenamenduak, materialarekin ere lan ona egin dugu, eta emaitzak horren guztiaren fruitua dira».

Edonola ere, talde guztiek egiten dute lana erruz sasoia hasi aurretik. Dena oso neurtuta dago egun, eta xehetasunik txikiena ere zaintzen da. Orduan, zein da Astanaren sekretua? «Zortea» aipatu du Belaskok. «Iaz bigarren postu asko lortu genituen, eta, aurten, lehen postu bihurtu dira. Batzuetan, zorte apur bat behar izaten da, garaipenak segundo batzuen baitan egoten baitira». Halaber, aitortu du «arraroa» dela zazpi itzuli zazpi ziklista ezberdinekin irabazi izana. «Ez genuen espero sasoia horrela hasterik. Oso pozik gaude bolada honekin. Talde guztia dago kutsatuta, emaitzek erakusten dutenez».

Eta gauzak asko errazten euskal herritarren artean lan egiteak? «Bai», uste du Belaskok. «Familia txiki bat» osatzen omen dute. «Gaur bertan [asteartean] Euskal Herriko Itzuliko erlojupekoa aztertzen izan naiz Izagirre anaiekin, garapenak aukeratu eta jaitsierak ikusteko. Halakorik egitea ezinezkoa litzateke kanpoko ziklistekin. Beste erraztasun bat ematen du etxekoekin aritzeak».

Aurten, logikoa denez, esangura berezia izango du Itzuliak Astanarentzat. Talde oso indartsua eramango du: zazpikotea lau euskal txirrindulariek, Fuglsangek, Lutsenkok eta Sanchezek osatuko dute ziurrenik. Belaskok azaldu duenez, lidergo partekatua izango du taldeak. «Pello, Ion eta Jakob aurre-aurrean ibil daitezke nagusian, eta uste dut erlojupekoa ongi datorkiela. Bakoitzaren aukerak jorratu, eta lasterketa asko mugituko dugu». Ibilbideari dagokionez, uste du lasterketa «zabaldu» egingo dela erlojupekoa aurreneko egunean jokatuta. «Talde batek izango du lidergoa, eta besteek erasora jo beharra izango dute mendiko etapetan».

Italiako Girora, Lopezekin

Etzi Paris-Niza hasiko da —Strade Brianche jokatuko dute bihar—, eta bertan sasoi hasierako goraldiari segida ematen saiatuko da Astana. Horretarako, lider izango dira Izagirre anaiak eta Lopez. «Lopezen prestakuntza Girora bideratuta dago; beraz, ez dakigu nola egongo den. Gorka eta Ionek, berriz, oso ondo daudela erakutsi dute, eta ederki moldatzen dira proba honetan». Sasoiari abaila bizian ekin diote izagirretarrek. Aspaldiko boladarik onenean dira, Astana bezala. Arrazoia ere antzekoa da Belaskoren irudikoz. «Batzuek ziklo-krosaren eragina aipatzen dute, baina aurrez aritu izan dira horretan. Lehen ere bazuten lasterketak irabazteko maila, baina ihes egiten zieten garaipenek. Zorte kontua da».

Askatasuna izango dute astebeteko lasterketetan, itzuli handietan ez bezala. Giroan, bederen, Lopezentzat egin beharko dute lan. Bilbaok ere zeregin bera edukiko du, iaz seigarren izanagatik. «Lopezek podiuma zapaldu zuen iaz, eta gaia du garaipenaren jokoan ibiltzeko. Lider sendoa dela erakutsi du, eta bera izango da talde buru bakarra. Gainontzekoek harentzat egin beharko dute lan». Fraileri dagokionez, sasoian zehar laguntzaile eta errematatzaile lanak uztartuko ditu, ohi bezala. «Iaz maila handiko ehiztaria dela erakutsi zuen, Tourrean, Erromandian eta Itzulian etapak irabazita. Gainera, liderrei laguntza oso ona eskaintzen die. Oso garrantzitsua da halako txirrindulari bat edukitzea».

Belaskok bederatzi urte eman zituen ziklista profesional gisa, eta aurten itzuli da World Tourreko talde batera, aerodinamikaren eta materialen alorrean lan egiteko. Erlojupekoetan ahalik eta segundo gehien harramazkatzea du helburu. «Ibilbideak aztertu eta saioak nola enfokatu erabakitzen dut. Garrantzi handia du horrek, astebeteko itzuli gehienak erlojupekoetan erabakitzen baitira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.