Bi klasiko batzearen indarra

Gaur estreinatuko da Bilboko Arriaga antzokiak ekoiztutako 'Dido & Aeneas' obra. Marlow idazlearen antzezlan bat eta Purcell konpositorearen opera fusionatuz sortu dute ikuskizuna

Euskal Herriko hogei sortzaile inguru bildu ditu Dido & Aeneas ikuskizunak. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Era askotan kontatu da Kartagoko Dido erreginaren eta Troiatik ihes egitea lortu zuen Eneas borrokalariaren arteko maitasun tragikoaren istorioa, baina ikuskizun propioa landu nahi izan du Bilboko Arriaga antzokiak, klasiko bihurtu diren bi obra bildu baititu pieza bakarrean: Cristo-pher Marlow idazlearen Dido, Queen of Carthage antzezlana, eta Herny Purcell konpositorearen Dido and Aeneas opera. Antzerkia, musika, kantua eta dantza uztartu dituzte obran, eta Euskal Herriko hogei bat aktore eta abeslari elkartu dituzte oholtzan. Egitasmo handizalea dela azaldu zuen atzo Calixto Bieito Arriaga antzokiko zuzendari artistikoak. «Bi artista handiren lanak batzen ditu, eta, are gehiago, esango nuke Marlowren Dido, Queen of Carthage euskarara ekartzen den lehen aldia ere badela». Euskaraz interpretatuko dira Marlowren testuak, eta ingelesez abestuko dute Purcellen pieza. Gaur estreinatuko dute ikuskizuna, 19:30ean, eta bigarren emanaldia ere egingo dute bihar, ordu berean.

Barbora Horakova Joly txekiarrak zuzendu du ikuskizuna, eta diziplinen arteko «fusioa» nabarmendu du behin eta berriz. «Barrokoko drama liriko bat da: lortu dugu antzerkia, opera, dantza eta musika garaikidea lotzea». Horakovak antzeko ikuskizun bat ondu zuen Suitzako Basel aretorako, baina, aitortu duenez, «urrunago» joan da oraingoan. Hitz bakarrean bildu du egindakoa: diziplinartekotasuna. «Arte diziplina asko pieza berean batzen direnean, oholtzaren gainean banaka aurkezteko joera nagusitzen da, bata bestearen atzetik: musika lehenik, antzerkia gero, musika berriz... Baina uste dut oraingoan inoiz ez bezala elkartu ditugula elementu guztiak. Istorio bakarra osatu dugu».

Testua eta musika elkartzeak istorioa indartu duela uste du zuzendariak. «Hitzez azaldu ezin diren hainbat sentimendu adierazteko aukera eman digu musikak». Baiezko keinua egin dio Petros Bakalakosek aldamenetik. Musika gidatzeko lana izan du berak. «Musika eta antzerkia batzen dituen ikuskizun bat gidatzen dudan lehen aldia da, eta prozesua oso interesgarria izan da. Asko landu ditugu trantsizioak: operatik antzerkirako bideak. Purcellen Dido and Aeneas operan pertsonaia nagusien hainbat ertz galtzen direla uste dut. Opera Marlowren testuekin tartekatzeak pertsonaien izaerak indartu ditu».

Bikoiztutako pertsonaiak

Hizkuntzaren aldagaia ere aipatu du Horakovak. «Marlowren testu hau ez da sekula euskaraz antzeztu, eta nabarmendu beharreko ezaugarria iruditzen zait». Irriz aitortu du Euskal Herriko aktore eta musikariak zuzentzeko lana izan duela, euskarazko gidoi batekin eta euskaraz jakin gabe. «Erronka handia izan da, baina funtsean bihotzarekin komunikatu gara. Oso berezia izan da, talde osoak sinistu duelako proiektuan».

Bina interprete dituzte ikuskizunaren protagonista biek. Bina Dido eta Aeneas: Marlowren testuan azaltzen direnak, batetik, eta Purcellen operakoak, bestetik; aktoreak eta abeslariak. Miren Gaztañaga aktorea Dido pertsonaiaren azalean izango da. «Oso berezia izan da Barbora [Horakova] bezalako emakume gazte baten zuzendaritzapean egotea. Ez da maiztasunez gertatzen, eta eskertzekoa iruditzen zait. Interpretazio bidaia oso interesgarriak proposatu dizkigu; oso modu basati eta gorpuztuan egin dugu lan».

Askatasunez aritu direla azaldu du Gaztañagak. «Aktore gisa, jolasteko aukera izan dugu. Bera oso kartsua da, eta hori transmititu digu guri ere». Bat egin du Adrian de los Ojosek; Eneasen azaletik arituko da bera. «Pertsonaia bakoitzaren psikea landuta ekarri du Barborak [Horakova], eta pertsonaia lantzeko aldagaiak ere eman dizkigu». Bi protagonistez gain, Joseba Apaolaza, Itziar Lazkano, Mikel Losada, Karmele Larrinaga, Idoia Merodio, Lucia Astigarraga eta Koldo Olabarri izango dira oholtzan.

Zuzeneko musika

Nerea Berraondok eta Leon de la Guardiak abestuko dute Purcellen opera: Didoren azaletik abestuko du Berraondok, eta Eneasi ahotsa jarriko dio De la Guardiak. Abesbatza baten laguntza ere izango dute bakarlariek: Ana Sagastizabal, Ainhoa Zuazua, Alicia Manceras, Josu Cabrero, Alesander Perez eta Jose Manuel Diaz arituko dira lan horretan. Zuzeneko musika izango du ikuskizunak: Propitia Sydera Orkestrak hartuko du lan hori, eta Janiv Oron DJa ere zuzenean arituko da, musika elektronikoa gehitzen.

Maitasun istorio bat eramango dute taulara. Hala azaldu du Gaztañagak: «Gure bizitzetan maitasunak duen garrantzia lantzen du piezak. Pertsonaia asko daude oholtzan, eta denen artean mosaiko bat osatzen dugu. Ikusleak oso argi nabarituko du gure egunerokoan kudeatzen ditugun emozioak azaleratuko ditugula, oso era bortitzean: maitemina, maitasuna, beldurra, zoramena... Bidaia bizi bat da: ispilu bat, zeinetan ikusleak bere burua ikusiko duen, oso era basatian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.