Donibane Garaziko bestak

Garazi: bi ur lasterren isuria

Donibane Garaziko bestak gaur hasi eta igandera bitarte iraganen dira. Egitarau ofizialetik at, gaztetxeak koordinatu du etziko egun alternatiboa: Elkarteen Eguna, egun herrikoia

Donibane Garaziko karrikak jendez eta besta giroz beteko dira egun hauetan. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ainize Madariaga
2019ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Donibane Garaziko bestak abiatuko dira egun. Igandera bitarte hiriak animazio franko hartuko ditu altzoan. Errobi eta Aturri itsaso berean isurtzen diren bezala, Donibane Garazin ere zerikusirik ez duten bi antolaketak leku berean lur hartzen dute: alde batetik, egitarau ofiziala dago, zeina herriko etxeko hautetsi gazteen animazio batzordeak eta gazte komiteak bultzatu baitute; bestetik, alternatiboa: larunbatekoa.

Iaz, besta komiteak gorabeherak izan zituen, bi arrazoirengatik: alde batetik, galera ekonomikoak pairatu baitzituen, eta, bestetik, gazterik ez baitzuen gehiago aski, belaunaldi arteko hutsune baten ondorioz.

Horregatik, herriko etxeko hautetsi gazteekin animazio batzordea osatu dute: «Gaztetxoak datoz. Orotara hamabost bat gara; aurtengoa salbuespena izan da, baina heldu den urtean nik uste dut guhaur moldatuko garela, animazio batzorde hori gabe, gazte komitea bakarrik», xehatu du Helena Duhalde gazte komiteko kideak. Alta, urteroko Elkarteen Eguna ez bide zuten antolatuko.

Horregatik, Donibane Garaziko gaztetxeak deliberatu zuen bere gain hartzea Elkarteen Eguneko antolaketaren koordinazioa: «Bada misterioa: nik ez dakit zer pasatzen den, gazte komiterik baden edo ez... Gu ez gatoz nehoren tokia hartzera; nahi dugun bakarra da egun hori egon dadin, garrantzitsua baitzaigu», azaldu du Maialen Duguine gaztetxeko kideak.

Elkarteak eskuz esku

Hori du aurtengoak berri: antolaketa osoa elkarteek hartu dutela beraien gain. «Iaz ez zen sobera partekatzen; komiteak zuen antolatu, baina elkarte bakoitzak bere txosna kudeatzen zuen, eta kito. Ez zen askorik partekatzen. Aurten, aldiz, dena elkarrekin muntatu dugu, eta ostatu bakarrean txandakatuko gara».

Azpimarratu du hiriko elkarte «potoloenek» parte hartzen dutela: Mutxikoak, Peña Urkulu, Garaziko presoen aldeko sustengu komitea, AEK Garazi eta Baigorri, Hemengo Sorkuntzak, Garaziko Gaztetxea, Avenir Garazi Baigorri, Garaztarrak dantza taldea, US Nafarroa errugbi eta eskubaloi jokalariek, Barnekaldeko Bizi!, Peña Hori-Horiak, Etor Bide etorkinen aldeko elkartea, Garaziko ikastola eta FC Garazi jokalariek.

Elkarteen Egunak elkartasuna du xede. Elkarteen arteko jendeak elkar ezagutzea, tokiko jendeari begirako egun bat antolatzea, hots. «Egitarau ofizialak badu espainol aire bat, eta turismoari begira egina dago. Guk, tokiko eragile gisa, elkarrekin bultzatu nahi dugu zerbait, elkarteak saretu. Bertakoentzat tokikoa eskaintzea dugu xede: kalitatezkoa eta euskalduna; normala, alo!», esplikatu du gaztetxeko kideak.

Bide ofizialetik kanpo, gainera, belaunaldien arteko topaleku izan nahi dute, adin guzietakoek beraien tokia ukan dezaten.

«Eskertzekoa da nola beste elkarteek dena eman duten; dinamika bat sortu du gure artean. Desafio bat da guretzat: konplikatua baita egun horren eramatea holako fronte bat badelarik parean, baina bikaina izanen da! Eta espero dut haiek ere [antolatzaile ofizialekoak] jinen direla», erantsi du.

Zailtasunak ez dira samurrak, hala ere. Adibidez, diru laguntza dago. Iaz, herriko etxeak 12.000 eurokoa eman zion gazte komiteari, baina, aurten, Elkarteen Eguneko antolatzaileek sei aldiz txikiagoa eskuratuko dute, eta «asko borrokatu» ondoren, gainera.

Erran-merranen saltsa gizendu gabe, herriko etxearen ekarpena ez da gutxiestekoa. Izan ere, agertokia berak du muntatuko; «gisa batez horrela parte hartuko du, eta estimatzen diogu», erran du Duguinek.

Urrearrainetik arrabiora

Animazio batzordeak eta gazte komiteak berritasuna dakarte aurten: arrabioaren koloreak daramatzan zapia: «Gorri eta zuritik aldatu nahi genuen, beti gauza bera baita: Iruñean, Baionan... Denetan ezarri ditugu salgai, dirua ekar dezan», azaldu du Duhaldek.

Elkarteen Egunak dohainik eskainiko ditu bere animazio guziak, larunbatean, eta bertan ahamen bat jateko parada eta edatekoa izanen da: «Indarrak egin ditugu ahal den guzia tokikoa izan dadin».

Egitarau ofizialak ez du Elkarteen Egunaz batere aipurik egiten; ibaiek bezala, bestaren itsasoan topo eginen dute, bakoitzak bere bidetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.