Donostiako 67. Zinemaldia

Ezkutuko erruak, ageriko egia

Iaz Glocal in Progress saria irabazi ostean, 'Nematoma' bere bigarren film luzea aurkeztu du Ignas Jonynasek. Mendeku istorio bat ardatzean, «irudien manipulazioaren aroaz» ari da

Ignas Jonynas zuzendariaren Nematoma filmeko fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Lituanieraz, nematoma hitzak ikusezina esan nahi du. Eta hala jarri dio izena Ignas Jonynas zuzendariak (Vilnius, Lituania, 1971) bere film berriari, ikusi ezin den baina pertsonaiengan oso bizi dagoen elementu bat ekarriz lehen lerrora: iragana, eta haren egia. Jonasen (Dainius Kazlauskas) unibertsoan ardazten da pelikula: telebista dantza saio batean sartzeko itsu plantak egiten dituen gizonezko bat da, iragandakoak atzean utzi eta helduleku berrien bila dabilena. Beste istorio batek gurutzatzen du Jonasena: haren aspaldiko ezagun bat, Vytas (Darius Bagdziunas), mendeku goseak itsututa ateratzen da kartzelatik, eta, Jonas bezala, aurrera egin nahi eta ezin batean agertuko da hura ere.

Jonynasen bigarren film luzea da Nematoma. Aurrenekoarekin egin bezala, Kristupas Sabolius gidoilariarekin batera idatzi du istorioa. Hamabi urte daramatzate elkarrekin lanean; lehen film luzea, The Gambler, 2013an aurkeztu zuten Donostiako Zinemaldian. Zuzendari Berriak sailean erakutsi zen, eta alor berberetik igaro dira aurten bigarren pelikularekin —zinemagile berrien lehen eta bigarren filmak hartzen ditu sailak—. Lan berri honek, ordea, hizkuntza gutxituetan egindako ekoizpen europarrak laguntzeko Glocal in Progress programa irabazi zuen iaz, eta haren bultzadarekin itzuli da bueltan jaialdira. Lau herrialderen arteko koprodukzio bat izan da: Lituania, Letonia, Ukraina eta Espainia.

Manipulazioaren garaiari begiratzen dio, batik bat, pelikulak. Zuzendariak filmaren estreinaldian azaldu duenez, «irudien manipulazioen aroa» iruditzen zaio egungoa, eta kezka horretatik sortu du filma: «Pelikula berri batean pentsatzen hasten garenean, abiapuntua beti izaten da berbera: geure buruari galdetzea, 'zer da inguratzen gaituen honetatik benetan izorratzen gaituena, gustatzen ez zaiguna?' Hortik hasten gara aztertzen auziari nondik heldu, zer ikuspuntutatik begiratu».

Naturak eta animaliek sinbologia berezi bat dute pelikulan, benetakoaren eta artifizialaren irakurketa indartzera datozenak. Jonas mendi ingurune batean bizi da filmaren hasieran, osabarekin, eta hark animalia disekatu ugari ditu etxean. Itsua da, eta taxidermista. «Ez du ikusten, baina animaliak disekatzen ditu; eta hori ikustearen gozamenerako egiten den praktika bat da. Beraz, zer da erreala hor?». Osabaren pertsonaiari lotutako pasadizo bat ere kontatu du zuzendariak: «Gidoia idatzita genuela, zinez ez genekien posible ote zen itsua izanda taxidermia egitea. Lantaldeko batzuk Ukrainan lokalizazio bila ari zirenean, ordea, halako gizon bat ezagutu zuten. Horrelakoetan ikusten da, egiten duguna egiten dugula, ezer ez dela errealitatea baino zirraragarriagoa».

Dantzaren unibertsoa da filmean pisua duen beste aldeetako bat. Bi motatako irudiak ageri dira, oso modu bereizian: entsegu gelan dantzari bikotea lanean agertzen denekoak, eta telebista programan dantzan ikusten zaienekoak. Pantailaren bestaldetik iristen diren irudien «artifizialtasuna» eta bi gorputzen arteko intimitatea kontrajarri dituzte hala. «Mugimenduak ez du inoiz gezurrik esaten», uste du Jonynasek. Telebista saioaren ideia nondik datorren ere argitu du: «Lituanian, telebista saio batzuetan eskatu egin zuten jendeak plantak egin zitzala: herrenarena, itsuarena... Dena ikuskizunaren alde. Txarrena da jende asko agertu zela horretarako prest».

Bi gizon motari kritika

Argi-itzalekin joko handia egiten du filmak, eta badu lotura pertsonaiek beren buruarekin bizi duten borrokarekin. Eliza katolikoaren jarraitzaileak dira bai Jonas eta bai Vytas, eta Jonasek erruduntasunarekin eta Vytasek mendeku nahiarekin duen gatazka are gehiago estutzen du horrek. «Elizaren manipulazioaz» ere ari da, bada, Sabolius gidoilariaren arabera; hori baino gehiago, «bi gizon mota» kritikatzen ditu filmak: ihes egiten dutenak eta mendekua hartzen dutenak. «Gure bizitzetako egia bakarra egin duguna da. Erakutsi ezin den egia bat da, baina gutaz hitz egiten duena. Egia ikusezina da, baina beti dago lotuta gure erruduntasunarekin».

Dantza, krimena, melodrama. Horiek orekatzea izan da filmaren erronka Jonynasentzat. «Pelikula bat beti da puzzle infinitu bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.