Aukera guztiak zabalik

Athleticek Granadaren aurka jokatuko du Espainiako Kopako finalerdietan, eta Realak, Mirandesen aurka. Etxean ariko dira biak lehenbizi. Biak sailkatuz gero, derbia izango da finalean

Oscar de Paula, Realak eta Mirandesek 2004an jokatutako Espainiako Kopako partidan, Anduvan. ENRIQUE TRICHUELO.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Herenegungoa bizi-bizi dutela oraindik, Athleticek eta Realak badakite noren aurka jokatuko duten Espainiako Kopako finalerdietan. Granadaren aurka ariko dira zuri-gorriak, Mirandesen kontra txuri-urdinak. Bartzelona eta Real Madril kaleratzeak finalerako bidea argitu bazien, zoriak ez du aurkakorik adierazi oraingoan. Bizi-bizirik dira bi euskal taldeak, finala jokatzeko urrats baten faltan.

Ia leon-kastillora egindako zozketa bat izan zen, kanporaketa bat argitzeak automatikoki adierazi baitzuen zeintzuk ariko ziren bestean. Hala, hiru aukera daude finalera begira: euskal talde biak aritu daitezke; bakarra; ala bietako inor ez.

Hargatik, bi taldeetako kideak tentuz aritzearen alde azaldu dira noren aurka ariko diren jakin berritan; sasoi honetako Kopak zerbait erakutsi badu, balizko logiken baliorik eza da. Espainiako bi taldeak ustez haiek baino hobeak ziren taldeak kaleratuta iritsi dira finalaren atarira. Azken kanporaketan bi euskal taldeak bezalaxe.

Zuri-gorriek nahiz txuri-urdinek haizea alde dutela ekingo diote kanporaketari. Etxean jokatuko dute joanekoa: Athleticek, asteazkenean, eta Realak, ostegunean; biek 21:00etan. Beraz, etxetik kanpo ariko dira itzulikoan: martxoaren 4an gipuzkoarrak, eta egun bat geroago bizkaitarrak. Bi taldeek ostegunean urrats garrantzitsua egin arren, badakite apirilaren 18an Sevillan (Espainia) jokatuko den finalean pentsatzen hastea hanka sartzea litzatekeela.

Hala adierazi zuen atzo Ander Capa Athleticeko jokalariak, zozketan jazotakoa jakin berritan: «Granada aurkari gogorra da; agerikoa da gauzak ondo egiten ari direla, bai ligan eta bai Kopan. Halere, datorren astean lanak erdi eginda uztea espero dugu, eta han dena ematea».

Capak bezala, Realeko Mikel Oiartzabalek esan zuen behin finalerdietara iritsita «kanporaketa errazik ez» dagoela. Lana behar bezala egiteko prest agertu zen: «Mirandes ez da honaino kasualitatez heldu. Halere, konfiantza dugu geure buruan; bolada onean gaude, eta gozatzen segitu behar dugu, inor gutxietsi gabe. Asko errespetatzen dugu Mirandes».

Final-laurdenetan jazotakoaren inguruan ere hitz egin zuten bi jokalariek. Caparen iritziz, «izugarria» izan zen San Mamesen bizitakoa. «Bartzelona kaleratzea oso zaila da. Etxean jokatu genuen, eta horrek lagundu egiten du. Zaleek airean eraman gintuzten. Orain, Granadaren aurkako finalerdia dugu, eta guztia emango dugu».

Oiartzabalen ustez, «zirraragarria» izan zen Bernabeun bizitakoa: «Jendeak zelaian eta beren etxeetan bizi zuten moduan bizitu genuen. Egun berezia izan zen, polita eta zoriontsua, lortutakoa ez delako batere erraza».

Egintzat, ezertxo ere ez

Capa eta Oiartzabal ez ziren finalerdiez mintzatu ziren bakarrak izan. Zozketan parte hartu zuten ordezkariek ere hartu zuten hitza; Athleticen aldetik, gustura zen Jon Andoni Goikoetxea jokalari ohia: «Reala saihestu nahi genuen; igandean [bihar] derbia dugu, eta asteazkenean berriz jokatzea ez zitzaidan gustatzen». Halere, zehaztu zuen «aurkari gogorra» izango dela Granada: «Gustatu zitzaidan nola aritu ziren Valentziaren aurka; talde lehiakorra dute».

Jokin Aperribai Realeko presidenteak ere tentuz hartu zuen zozketaren emaitza: «Etxean oso indartsu ari da Mirandes. Uste dut txapelketa onena egiten ari den taldea dela; Celta, Sevilla eta Vila-real kaleratu ditu, eta gauzak zail jarriko dizkigu».

Txuri-urdinek behin jokatu dute Mirandesen aurka Kopan, 2004an, final-hamaseirenetan, eta ezin okerragoa izan zen Miranda Ebron (Espainia) jazotakoa: penaltietan kaleratuak izan ziren. Aldiz, Athleticek birritan jokatu du Kopan Granadaren aurka, eta aldekoak izan zituen bi emaitzak. 1969an, gainera, finalerako sailkatu zen Los Carmenesen irabazi eta gero. Ordutik, baina, asko aldatu dira gauzak, eta oraingoan asmatu egin behar dute biek, finalean derbi bat ikusi nahi bada, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.