Udazkenak ernatutako loreak

Koronabirusaren ondorioz udaberrian egin ezin izan ziren ikuskizunak berreskuratuko ditu Loraldia Udagoienak. Irailaren 26tik urriaren 22ra hamazazpi emanaldi ikusi ahalko dira

Udaberrian bertan behera utzitako hamazazpi emanaldi berreskuratuko ditu Loraldia Udagoienak. Irudian, antolatzaileak, aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
2020ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Loratzen hasi berritan, berriro pipilean gorde beharra izan zuten udaberriko loreek. Loraldia kultur festibalaren seigarren aldia martxoaren 10ean hasi zen, baina hurrengo egunean, bi emanaldi soilik egin eta gero, antolatzaileek bertan behera uztea erabaki zuten, koronabirusagatik. «Mundua gelditu zen», gogoratu du Imanol Agirre jaialdiko zuzendari artistikoak, «baina kulturgintza ez». Programa osoa erori zitzaiela ikusi bezain laster, egin ahal ezin izan zirenak 2020. urtea bukatu baino lehen berreskuratzeko konpromisoa hartu zuten, eta, sei hilabeteren buruan, kulturgintza bizi horrek zimeldutakoak suspertzea lortu du. Izan ere, antolatzaileen asmoak Loraldia Udagoienean mamitu dira: irailaren 26tik urriaren 22ra bitarte hamazazpi emanaldi ikusi ahal izango dira; haietako hiru, digitalki, eta gainerakoak, Bilboko zortzi aretotan.

Publikoaren mezuek «hauspoa» eman dietela eta, horrenbestez, «ilusioz beteta» daudela adierazi du Amaia Ocerin Loraldiko komunikazio arduradunak. Udaberrikoak berreskuratzeko asmoa izan dute beti, eta «trinko» aritu dira lanean azken hilabeteetan euskal kultura berriro ere taularatzeko. Hilabeteetako atzerapena gorabehera, Loraldiak era berean izan lezake zeresana udazkenean, kultura bere osoan loratzen saiatzen ari den garai honetan: «Sormena egungo egoerari aurre egiteko modurik onena da. Kultura baita mundua interpretatzeko tresna, eta kulturak egiten baikaitu gizaki».

Oraingo honetan, Iñigo Astiz izango da oholtzara igotzen lehena, bere azken poesia liburua oinarri duen Högeitavat; mendeko emanaldi poetikoa ikuskizunarekin, eta beste poesia liburubatetik —Xabier Montoiaren Anfetamiña obratik, zehazki— ernatutako diziplina anitzeko emankizunarekin bukatuko da jaialdia. Tartean, euskal kulturari hainbat ertzetatik helduko zaio: artea, bertsolaritza, dantza, gastronomia, literatura, musika, antzerkia eta zinema bilduko ditu udazkeneko uztak, eta diziplina horien arteko nahasketak eskainiko dituzte emanaldiek.

Oraingo Loraldia, udaberrian behar zuenarekin alderatuta, «tamainaz txikiagoa» izango dela aitortu du Agirrek, baina, hala ere, «izaeraz handia» izango dela adierazi du. Dena den, jaialdiaren garrantzia argi utzi nahi izan du zuzendari artistikoak: «Loraldia ezinbestekoa da sorkuntzari plaza emateko; sortzaileak ezinbestekoak dira herriari izaera emateko. Hezkuntzarekin eta osasungintzarekin batera, kultura ezinbestekoa da herria eraikitzeko».

Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak bat egin du Agirreren hitzekin. Sortzaileei «aitortza» emateko Loraldia «aukera paregabea» izan daitekeela uste du, programazio «oso erakargarria» baitu. Haren hitzetan, «inoiz baino garrantzitsuagoa» da orain kultura kontsumitzea, eta euskarazko sorkuntzak aldarrikatu ditu: «Badakigu euskal kultura aberatsa eta askotarikoa dela, profesional onak ditugula. Loraldia euskal kultura kontsumitu eta ezagutzeko abagunea da».

Loraldiak ugaritasun horren lagin txiki batez gozatzeko aukera emango du hurrengo asteetan, guztiak. Literaturari dagokionez, esaterako, Joseba Peñaren Hariak liburuko emakumeen lekukotzak Rafa Ruedaren musikan eta Iraia Elias eta Nahikari Gabilondoren ahotsetan gorpuztuko dira. Bestalde, Mizel Theret dantzariak Diagonalean zehar lana estreinatuko du: esku pilotaren keinua abiapuntu duen koreografia garaikidea. Solasaldiaren eta liburu aurkezpenaren formatuen bidegurutzean arituko da Xabier Berasaluze Leturia, berriz, bere ibilbidean bizitakoak partekatzen.

Jauzi digitala

Loraldiko ekintza gehienak aurrez aurrekoak izango diren arren, lorezainek —hau da, jaialdiaren kide egiten direnek— aukera izango dute doan ikusteko Internet bidez emateko propio eginiko hiru ikuskizun. Emanaldi soilak baino, «esperientziak» izango direla azaldu du Ocerinek, eta, emanaldien aurretik, publikoak iritzia adierazteko aukera izango du sare sozialetan. «Digitalizazioa lehendik ere, gure asmoetan zegoen, baina egia da egoerak azkartu egin duela prozesua».

Hainbat sortzailek bi ikuskizun emango dituzte: bata aurrez aurre, eta beste bat, streaming formatuan ikusi ahal izango dena. Urriaren 4ko eguerdian, Petti eta Harkaitz Cano jendaurrean arituko dira Guggenheim museoan, eta arratsaldean, berriz, Ana Galarragaren gidaritzapean solastatuko dira, baina ikusleak etxetik ariko zaizkie so. Besteak beste, kanta batek mundua eraldatzeko izan lezakeen ahalmena izango dute hizpide. Urriaren 8an, aldiz, arratsaldez arituko da soilik hogeigarren urtea ospatzen ari den Alos Quartet taldea, streaming bidez lehenengo, eta presentzialki gero. Eta hamar egun ondoren, Mikel Urdangarinek ere bi saio emango ditu: eguerdian Interneten, arratsaldean Euskalduna jauregian.

Ocerinek babesa «eskertu» nahi izan die lorezainei, eta «ezinbestekoak» direla azpimarratu du: «Haiengatik eta haientzat sortzen dugu urtero Loraldia». Esker ona adierazteko, Lorezain Eguna antolatuko dute urriaren 17an: Thierry Biskariren kontzertua izango da Itsasmuseumen, eta lorezainak doan sartu ahal izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.