Hau ere irabazi egin behar du

Eibarrek sailkapeneko azkena izateari utziko dio gaur Betis garaitzea lortzen badu. Mendilibarrek azkeneko partidetako dinamika onari eutsi nahi dio gaur ere

Eibarreko jokalariak eta entrenatzaileak Ipurua estadioan entrenatzen. SD EIBAR.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Hiru partida besterik ez dira geratzen denboraldia amaitzeko. Neke fisikoa agerikoa da talde guztietan. Gasolinaren depositua erreserban dute jokalariek. Gauzak horrela, azken txanpa honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da mentalki ondo egotea. Mendilibarrek badaki gaur Eibarrek Ipuruan Betisi irabazi nahi badio (20:00, Movistar La Liga) burua hotz eduki beharko duela taldeak. Mailari eusteko helburura are gehiago gerturatzeko urrea balio duten hiru puntu izango ditu jokoan etxeko taldeak. Orain dela bi aste imajinatzen zaila zen salbazioa burutik pasatzen hasi da orain.

Emaitza bolada onean ekingo dio Eibarko taldeak Betisen aurkako partidari. Azken bi neurketak irabazita, mailari eusteko lehian bete-betean sartu da, nahiz eta orain lau puntura urrundu zaion ez jaistea, atzo Huescak irabazi eta gero. Orain bi asteko toki bertsuan jarraitzen du talde armaginak: sailkapenaren azken postuan, baina sentsazioak eta talde giroa guztiz bestelakoak dira. Gainera, Betisen aurkako garaipen batek zulotik atera ditzake. Emaitzak emaitza, Jose Luis Mendilibarri bere taldeari bakarrik erreparatzea gustatzen zaio: «Guk geurea egin beharra dugu. Ez dugu zertan beste taldeek egiten dutena begiratu; galtzen badute, hobe, noski. Baina, behetik ateratzeko, guk geureak irabazi behar ditugu».

Behetik gora datorren Betis izango dute aurrean Ipuruan. Liga hasieran porrot asko kateatu bazituen ere, sailkapenaren goiko postuetan da Espainiako taldea. Zaldibarko teknikariak Manuel Pellegrinik zuzendutako taldearen jokalari dohaintsuak nabarmendu ditu: «Europan lehiatzeko talde bat da. Defentsan, oldarkorrak eta gogorrak diren jokalariak ditu, eta erasoan, aldiz, baloia oso ondo ukitzen dutenak. Oso talde ona da».

Xede ezberdinak

Eibarrek mailari eustea du jomuga, eta Betisek, berriz, Europa. Garrantzitsuak dira biak ala biak, baina armaginen prestatzaileak argi du zeinek izan beharko lukeen nagusia: «Haiek Europan jokatu nahi dute, eta lortzetik nahiko gertu dabiltza. Baina, nire ustez, mailari eusteko xedea Europan lehiatzearena baino garrantzitsuagoa da, eta alde horretatik guk gehiago dugu jokoan».

Gaurko norgehiagokarako, Mendilibarrek lehen taldeko jokalari guztiak izango ditu eskuragarri. Min hartuta zegoen bakarra, Alejandro Pozo, deialdira itzuli da, azken bi jardunaldiak galdu eta gero. Lehen taldeko 23 jokalariez gain, bigarren taldeko Miguel Atienza, Unai Dufur eta Unai Arieta deitu ditu Zaldibarkoak kale edo bale egiteko partidarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.