«Baskoniak indartsu hasi behar du gaur»

Kale edo bale: ACB ligako finalerdietara edo oporretara. Baskoniak finala du gaur Valentzian (22:00). Iñaki Jimenez Iraurgiko entrenatzaileak partidako gakoak aztertu ditu.

Polonara eta Colom bidea ixten Kalinici, herenegungo partidan, Gasteizen. DAVID AGUILAR / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2021eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Valentzia edo Baskonia. Bietako batek egingo du ACB ligako finalerdietarako urratsa gaur gauean Herrialde Katalanetako hirian (22:00). Hirugarren partida erabakigarria dute. Lehendabizikoa etxekoek irabazi zuten, astelehenean, eta bigarrena Baskoniak, Gasteizen, herenegun. Zazpigarren aldiz jarriko dira parean sasoi honetan, eta, orain arte, etxeko taldea gailendu zaio kanpokoari.

Jokalariek eta jokoak erabakiko dute bietako zeinek egingo duen aurrera, eta esparru horretan gaurko gakoak zein izan daitezkeen entrenatzaile batek argitu dizkio BERRIAri: Iñaki Jimenezek (Donostia, 1984), Iraurgi Urrezko Leb ligako taldeko arduradunak.

DEFENTSA
Valentzia lotu barrutik


Bigarren partida Baskoniak irabazi izanaren arrazoi nagusia taldeko defentsa ona izan zen. Gaur ere ezinbesteko euskarria izango da, eta Jimenezek uste du Dusko Ivanovicen taldeak bigarren partidako lana egiten segitu behar duela: «Valentziak oso ondo jokatzen du joko antolatzaileen eta piboten arteko lotura emankorra denean. Van Rossomek konexio eraginkorra izaten du Tobey eta Dubljevic pibotekin. Baskoniak bide hori itxi zien asteazkenean, piboten aurka bi baten aurkako tranpa eginez horien atzealdetik, eta Valentziak Prepelicen aukera bakarrik baliatu zuen. Behartu egin zuen kanpotik jaurtitzera. Gauza bera egingo nuke gaur».

Onartu du Esloveniako eskolta bihurria dela kanpotik asmatzen hasten denean —herenegun 20 puntu sartu zituen—, baina alderdi txarrak ere baditu: «Egia da bolada ona harrapa dezakeela denbora gutxian, eta partida hausten hasi. Baina taldeak pentsa dezake oso berekoi ari dela asmatzen ez badu, eta beste jokalariak partidatik atera daitezke».

Defentsako lanean, Jimenezek sekulako garrantzia eman dio Baskoniaren intentsitateari: «Bigarren partidan bikain aritu zen, baloiaren gainean une oro eta pase lerroak trabatzen. Gauza bera egin behar du». Pierria Henryren lana nabarmendu du: «Oso intentsoa da, eta, gainera, abila baloiak lapurtzen».

ERASOA
Hirukoetan asmatu


«Erraza da esatea, eta egiten zailagoa, baina hiruko jaurtiketetan asmatu egin behar du Baskoniak», esan du Jimenezek. Honetan oinarritu da: «Bost bosten aurkako jokoan, pibotek ez dituzte puntu asko sartzen, eta kanpoko jaurtiketetan asmatzea behar du». Valentziari min emateko beste bide bat kontraerasoak izan behar duela gehitu du: «Ondo defendatzen duenean, korrika oso ondo egiten du taldeak, bizi iristen da beste saskira. Oso jokalari onak ditu horretarako; asko gustatzen zait joko hori».

ESTRATEGIA
Hasiera indartsua


Sekula ez da jakiten partidak zer bide hartuko duen jokatzen hasi aurretik, baina lehiaren hasierak izan dezake aparteko garrantzia. Hala uste du Iraurgiko entrenatzaileak: «Indartsu hasi behar du Baskoniak. Hasieratik intentsitate handiz ekiten badio atzean, eta baloiak lapurtzen badizkio Valentziari, zalantzak sortuko zaizkio etxeko taldeari». Etxekoen inguruan, badu zalantza bat: «Ea zenbaterainoko gogoa daukaten lehiarako, asteazkenean ez baitzuten asko erakutsi. Baskoniak, aldiz, garbi dauka hori ezinbestekoa dela».

Estrategiaren barruan, erritmoari ere egin dio aipamena: «Bizi jokatzen du ondoen Baskoniak, oso jokalari onak dituelako horretarako, eta gaur ere berdin egin behar du. Egia da herenegun erritmoa makaldu egin zuela behin alde handia lortu eta gero, baina uste dut une horretako egoerak eragindako erabakia izan zela». Ikuspegia orokortuta, ez du ezusterik espero taktikoki: «Ondo ezagutzen dute elkar, eta bere bidea ondoen egiten duenak irabaziko du».

VALENTZIA
Talentu handia bai, baina...


Aurkariaren zertzelada nagusiak aipatzeko eskatuta, Jimenezek garbi du talde handia dela Valentzia, baina gabeziak ikusten dizkio haren osaerari: «Sekulako talentua daukate jokalariek, baina, aldi berean, batzuk berean pentsatzen dutenak dira, batez ere Jugoslavia ohikoak, Prepelic eta Kalinic gehienbat. Bestelakoan, ematen du luze ari zaiela egiten denboraldia, eta badirudi inguruan ez dagoela konfiantza handirik Jaume Ponsarnaurengan, eta baliteke jokalariek hori antzematea. Partidetatik joateko joera ere badu taldeak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.