Bilboko konpartsak

«Bilbok daukan irribarrerik politena»

Konpartsek abuztuaren 26tik 29ra egingo duten aste kulturala aurkeztu dute, Bilboko Irria izenpean. Marijaiaren irribarrea irudikatzen du kartelak. Datozen asteetan iragarriko dute egitaraua, eta osasun neurriak bermatuko dira

Bilboko hainbat konpartsatako kideak, Bilboko Irriaren aurkezpenean, Arriaga plazan, atzo. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
Bilbo
2021eko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Bilboko Konpartsek Bilboko Irria izeneko kultur astea egingo dute abuztuaren 26tik 29ra. Bilboko Arriaga plazan aurkeztu zuten atzo beren asmoa. Nerea Matute Garcia de Jalon eta Arkaitz Peña Iturain Bilboko Konpartsen bozeramaileek adierazi dute aurten ere ez dela jairik egongo, eta beren proposamena ez dela «ez-jaiak sortzea». Haien kultur programazioaren helburu nagusia Bilbori «irria berreskuratzen laguntzea» izango da, «COVID-19aren oinazearen eta konfinamenduetako nekearen ostean». Ekinbidearen ikurra izango dena ere erakutsi dute: Marijaiaren aurpegia irudikatzen duen kartela, «Bilbok daukan irribarrerik politena», konpartsakideen arabera.

Matutek eta Peñak esan dutenez, kultura ere egin daiteke eredu parte hartzaile, feminista, herrikoi eta euskaldunetik. Horretarako, herritarrei eskainiko dizkiete «bizitza, kirola, kultura, identitate kolektiboa eta Bilborekiko eta komunitatearekiko konpromisoa», osasun neurri guztiak betez, ohartarazi dutenez.

Bilboko Udalarekin harremanetan daudela aipatu dute, eta erantsi dute badagoela «elkarrekin lan egiteko borondatea». Jakinarazi dutenez, aurretik egon diren ekitaldietan ez da arazorik egon, eta gogorarazi dute segurtasun neurriekin «oso zorrotz» jokatuko dutela.

Gainera, gehitu dutenez, ez da gaueko emanaldirik egongo: «Bilboko Irria goizean, eguerdian eta arratsaldean izango denez, publikoak jesarrita eta distantziak mantenduta egon beharko du. Era berean, emanaldi guztiak aire zabalean izango dira».

Datozen asteetan iragarriko dute zein izango den agenda, eta baita izena emateko bideak zeintzuk izango diren ere. Osasun neurrien inguruko zehaztapenak ere zabalduko dituzte.

«Beroketa saioa»

Uztailaren 17an, Konpartsakide Eguna izango da Bilboko Areatzan, «Bilboko Irriaren aurreko topagune eta beroketa saioa» izango dena. Hurrengo astean jakinaraziko dute egitarau osoa. Aurreratu dutenez, 12:30ean hasiko den «kultura eta bizitzaren aldeko» kalejira izango da eguneko ekitaldi nagusia, eta hara biltzeko deia egin diete Bilboko herritarrei.

Egungo legeak bermatuta

Iragan ekainean, Bilboko Konpartsek eta Bilboko Jai Batzorde Mistoa osatzen duten beste eragileek bertan behera utzi zuten Aste Nagusia bigarren urtez jarraian, aurten ere ez baitago «baldintzarik», haien hitzetan, ohiko Aste Nagusia antolatzeko.

Iaz Bilboko Konpartsak saiatu ziren Aste Nahasia izenarekin ekitaldi sorta bat antolatzen: «51 ekitaldi ludiko eta kulturalen egitarau xumea» osatzeko asmoa zuten, baina bertan behera utzi behar izan zuten, egoera epidemiologikoak okerrera egin zuelako. «Erantzukizunez» hartutako erabakia izan zela adierazi zuten.

Egungo egoera bestelakoa da. Bizi Berri IV plana dago indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, Urkullu lehendakariak esan duenez, bi astez egongo da indarrean. Ezinezkoa da jakitea Bilboko Irria egitekoak diren datetan zein izango den egoera, baina, gaur-gaurkoz, legeak bermatuko luke Konpartsek proposatzen dutena egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.