Donostiako 70. Zinemaldia. Zabaltegi-Tabakalera

Errealitatetik asko duen fikzioa

Muskizko Petronorren lantegia da Estibalitz Urresola zinemagileak zuzendutako 'Cuerdas' filmaren ardatza. Enpresaren boterea eta eragindako osasun kalteak azaleratzen ditu

Estibaliz Urresolaren Cuerdas filma; irudian, filmeko protagonista. BERRIA.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Ikuspegi errealista du Estibalitz Urresola zinemagile arabarrak zuzendutako Cuerdas film laburrak. Atzo proiektatu zuten lehen aldiz Zinemaldian, Zabaltegi-Tabakalera sailean. Harrera arrakastatsua izan du lanak; aurrez, Cannesko jaialdi entzutetsuan estreinatu zuten, eta Urrezko Erraila saria lortu zuen. Muskizko (Bizkaia) Petronorren lantegia da kontakizunaren ardatza, eta enpresak duen boterea eta eragindako kalteak azaleratzen ditu. 91 urteko emakume bat da istorioko protagonista, eta haren begietatik jasotzen da kontakizuna. Abesbatza bateko kide da; ez dabiltza diruz ondo; desagertzeko arriskua dute, eta enpresa laguntzeko prest dago. Hainbatek, ordea, planto egitea erabakitzen dute, norberaren printzipioak tarteko; ez daude prest haien dirua jasotzeko. Halaber, filmeko pertsonaia guztiak zeharkatzen ditu, nolabait, gatazkak emakumezkoak dira gehienak.

Fikzioa da Cuerdas, baina errealitatetik asko du. Dokumental baten traza ere hartzen du sarri. Urresola zuzendariak BERRIAri esplikatu dio dispositibo «sinplea» muntatu zuela, horrek malgutasuna ematen ziolako «gauzak harrapatzeko» eta ez ibiltzeko fikzioak askotan markatzen dituen jokatzeko modu «hertsi» horietan. Azaldu du Bilbon egindako ekofeminismoaren inguruko hitzaldi batzuetan piztu zitzaiola istorio hau kontatzeko desira. «Emozionatu egin nintzen adineko horrenbeste emakume ikusita; normalean ez dira pantailetan agertzen, ez behintzat rol aktibo batekin, komunitate eta elkarteetako lider eta mugimendu sozialen parte». Batzar horietan, baina, beste errealitate batekin egin zuen topo, eta hizketaldi baten istorioa zinemara eramatea erabaki zuen: Meatzaldeko kasuarena, hain zuzen.

Urresolaren arabera, hitzaldi haietan ohartu zen nola dauden lotuta lurra eta emakumeen gorputza, biak esplotatu egiten dituztelako. «Oso irakurketa sakonerako aukera zegoela iruditzen zitzaidan, eta, bestalde, liluratuta nengoen emakume haiekin. Uste dut egunerokoan eta zinemagintzan subjektu isilaraziak izan direla». Adineko emakumeak dira pertsonaia gehienak, jarrera aktiboa dutenak.

Hain zuzen, borrokan dabiltzan hainbat herritarren bizipenak eta testigantzak jaso zituen lehenik, eta, hala, martxan jarri zuen film laburra. Enpresak sortutako osasun kalteak, buruhausteak eta eztabaida islatu nahi izan ditu pelikularekin, eta abesbatza erabili du horretarako hari mutur modura. Hala argitu du zuzendariak: «Abesbatza batean ahots asko daude, eta eztabaida edo elkarrizketa hori egotea ahalbidetzen zidan. Bestalde, adineko emakume askorentzat ahalduntzeko espazioa da. Talde batera doaz, eta lagunekin, ikasketekin eta bidaiatzeko aukerarekin egiten dute topo». Kolektiboaren ideia ere azpimarratu du.

Toki askotako errealitatea

Filmekoa kontakizun lokal bat dela dio, baina baita «beste leku askotako errealitatea» ere. Boteredun enpresek herrian eztabaida sortzen dute, ingurumenean eta osasunean eragindako kalteengatik, eta haien interesak lehenesten dituzte. Halako kasu asko daudela dio Urresolak, eta eztabaida handiak sortzen dituzten gatazkak direla. «Askotan uste dugu politika parlamentuetan egiten dela, baina politika guztiok egiten dugu eguneroko erabakiekin. Filmean kontzientzia politikoaren esnatzea ere badago».

Pelikulako gehienak ez dira aktoreak, baizik gatazka bizi duten Muskizko herritarrak; profesionalekin elkartuta osatu dute filma, besteak beste Miguel Garcesekin eta Xanti Agirrezabalagarekin.

Urresola: «Erronka zen: oso ondo edo gaizki irten zitekeena; baina pelikulari balio erantsia ematen dio emakume talde honekin lan egiteak». Muskizko teatroko eta abesbatzako kideak elkartu zituen, eta entsegu tarte luze baten ondoren lortu zuten azken emaitza. «Filmazioaren aurretik lan asko egin genuen, eta denbora horretan sortu den lotura izan da baliotsuena». Errealitatetik asko duen arren, Cuerdas fikzioa dela gogorarazi du Urresolak, eta gidoia gauzatzeko aktore profesionalen lana azpimarratu. Baita bidean izandako elkarren arteko laguntza ere. «Prozesua oso emankorra eta aberatsa izan da, gizatasun handikoa».

Zinemaldiko aurkezpenean izan da Begoña Suarez filmeko protagonista ere. Meatzaldea Bizirik plataformako presidentea da bera. «Pentsaezina» zen esperientzia izan dela adierazi du, eta pozik dagoela emaitzarekin, batez ere bidean jasotako tratuarekin. Zuzendaria ere «gustura» dago izandako harrerarekin: «Pentsaezina zen. Proiektu esperimentala zen, ez genekien nola aterako zen». Cannesen estreinatu, eta Donostiako Zinemaldian segitu du bidea filmak; asmoa dute Euskal Herriko beste txoko batzuetan emateko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.