Bilboko Koral Elkarteak 'Lide ta Ixidor' obra berreskuratu du

1910ean estreinatu zuten Santos Intxaustik umeentzat konposatutako obra lirikoa, eta galduta egon da geroztik. Disko bat grabatu dute Euskadiko Orkestrarekin

Bilboko Koral Elkarteko, Bizkaiko Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta Petronorreko ordezkariak, atzo, Bilbon, proiektua aurkezten. IÑIGO ASTIZ.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Estreinatu, bi urtean beste bost aldiz taularatu, eta, geroztik, mende bete pasa baino gehiagoz isiltasunak bilduta egon da haren musika. Orain arte. Santos Intxausti konpositoreak 1910ean estreinatutako Lide ta Ixidor umeentzako ipuin lirikoa berreskuratu du Bilboko Koral Elkarteak gidatutako Euskal Opera proiektuak, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Petronor enpresaren babesa izan du horretarako. Jesus Mari Sagarnak berreraiki du piezaz pieza sakabanatuta gordetako partitura nahas-mahasa, eta lan hori oinarri duen disko bat kaleratu dute Ibs Classical diskoetxearekin. Juan Jose Ocon zuzendariak egin ditu gidari lanak, eta Euskadiko Orkestrak, Bilboko Koral Elkarteko helduen eta umeen koruek, eta Marta Ubieta, Olatz Saitua eta Larraitz Navas sopranoek, Maite Maruri mezzosopranoak eta Gorka Unamuno tenorrak parte hartu dute. Salgai da diskoa jadanik, eta gaurtik aurrera egongo da entzungai atari digitaletan.

Iñigo Alberdi Bilboko Koral Elkarteko kudeatzaileak azaldu duenez, obrak musikologoen aipamenetan iraun du bizirik urteotan guztiotan, eta badira estreinaldi eguneko argazki batzuk ere. «Polita eta sinplea» da obra, haren hitzetan, «Hansel eta Gretel moduko bat». Alfredo Etxabek idatzi zuen libretoa, eta Lide eta Ixidor izeneko umeen abentura kontatzen du istorioak, tartean direla ipuinetako amonatxo misteriotsu horietako baten bisita, janaria magikoki sortzeko boterea duen hagatxo bat eta katu bilakatutako deabruaren agerpen bat: Gabonetan girotutako istorio xume bat, finean. Eta, hala izanik ere, aski lan garrantzitsua ere bai, Alberdiren hitzetan. «Oso ongi esplikatzen du sasoi hura».

Euskal Opera izeneko proiektu zabalago baten bigarren atala da aurkeztu berri dutena. Maitena opera berreskuratu zuten 2021ean, eta Mirentxu grabatu asmo dute hurrengo urtean. Eta bi obra handi horien artean heldu da umeentzat sortutako ipuin lirikoa.

Zalantzak ere izan zituztela onartu du Alberdik: «Tarte batez, duda egin genuen ea benetan merezi ote zuen musika hau grabatzea, hain musika sinplea izanik, eta partiturak berregiteko geneuzkan zailtasunak ikusirik, baina baietz erabaki genuen». Eta pozik.

Dantzarako doinuak

Azaldu duenez, Intxaustiren obra ez dabil oso urrun Resurreccion Maria Azkuek bildutako kantutegiko doinuetatik, eta maiz edaten du herri tradizioko musikatik ere. Dantza pasarteak ere bazituela gogoratu du Alberdik, eta, hain zuzen ere, pasarte horiek izan dezaketen zabalpena izan du ahotan orkestra zuzendariak ere. Ocon: «Dantza taldeek oso pasarte ederrak topatuko dituzte hemen, eta oso erabilgarri izango zaizkie, ziur naiz».

Koronabirusak sortutako osasun krisiari aurre egiteko ezarritako murrizketak indarrean zirela egin zituzten grabazio lanak Bilboko Elkarte Filarmonikoan, eta horrek ekarritako nekeak izan dituzte gogoan kudeatzaileek, musikariek eta orkestra zuzendariak. Maskarak, distantziak... «Oso-oso zaila izan zen», gogoratu du Oconek.

Egokitu egin dute obra diskorako. Berreskuratze lanen ostean, guztira bi ordu pasatxoko obra bat zuten mahai gainean, baina ordubete ingurura moldatu dute orain diskorako. Zuzenekoan dantzariekin egitekoak ziren pasarte batzuk kendu dituzte horretarako, eta baita hitz lauz ematekoak ziren pasarte batzuk ere. Tramari jarraitu ahal izateko tertzeto batzuk ere sortu dituzte testu horietako batzuk musikan txertatuz. Partituretan bertan topatu dute hori egiteko motiboa, ordea. «Estreinaldiaren aurretik egindako entseguetan ere, haiek konturatuak ziren obra luzeegia zela, eta gorde diren partituretan badira beltzez nabarmen ezabatutako pasarte batzuk», azaldu du Sagarnak.

Hura arduratu da desagertutako obra osatzeaz, eta etsitzear ere egon zela aitortu du. Orkestrako instrumentu bakoitzarentzat idatzitako partiturak bakarrik izan ditu eskura, eta haietako batzuk bakarrik zeuden testuz lagunduta. Partitura osorik ere ez da gorde, eta, ondorioz, tresna bakoitzaren pasarteak elkarrekin lotzen egin behar izan du aurrera. Eta egindako lanaren zailtasuna azaltzeko detaile bat gehiago ere eman du: «Orriak zenbakirik gabe zeuden».

Malgutasunaren alde

Operarako baliatutako euskararen zailtasuna ere nabarmendu du Bilboko Koral Elkarteko zuzendariak. Alberdik zehaztu duenez, eredu sabindarrean idatzita baitago obra osoa, eta, onartu du, egindako lanaren ostean ere, esaldi solte batzuk ulergaitzak direla oraindik. Unai Elorriaga arduratu da testua eguneratzeaz.

Moldaketa horien alde hitz egin du Olatz Saitua sopranoak. Emakume zaharrari jarri dio ahotsa, eta, hain zuzen ere, 1910eko Euskal Opera izan zuen aztergai Salzburgon (Austria) egindako opera ikasketetako amaierako ikerketan. «Batzuetan, beldurra izaten zaio garai bateko obrak moldatzeari, baina gaur egun biziarazi behar da lan hori, eta horri bide emateko modua bilatu behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.