Bizitza literario oso baten mapa biltzen duena

Joseba Sarrionandiaren 'Izuen gordelekuetan barrena' poesia liburua berriz argitaratu dute.

Mugarri bat izan zen hura haren ibilbidean
Harkaitz Cano eta Joxemari Iturralde, atzo, Donostian, liburua aurkeztu aurretik.
Harkaitz Cano eta Joxemari Iturralde, atzo, Donostian, liburua aurkeztu aurretik. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Igor Susaeta -

2014ko abenduak 4
Joseba Sarrionandia orduan zena eta idazle moduan gerora izan dena gordetzen du Izuen gordelekuetan barrena 1981eko poesia liburuak, Harkaitz Canoren iritziz. «Gaiak, paisaiak, isuri erraza, bokazio literario europarra, literaturarekiko fedea, sehaska kantu baten kadentziarekin kontu lazgarrienak kontatzen dakienaren erritmo kulunkaria...». Zirriborratuago, agian, bai, baina dena, Canoren irudiko. «Esaten dute poeten lehen bildumak poeta horren mundu osoa gordetzen duela dagoeneko...». Eta, 1980ko azaroan kartzelatu baino lehenago, Sarrionandiak bizitza literario oso baten bide orria trazatu zuen liburu horretan. Lan hark mugarri bat markatu zuen egilearen ibilbide literarioan. Izan ere, fase baten amaieratzat eta beste baten hasieratzat har daiteke hura, Joxemari Iturralde idazle eta Sarrionandiaren aspaldiko adiskidearen esanetan. «Kartzelan urte asko igaroko zituela bazekienez, gisa horretako poesia gehiago ez zuela idatziko adierazi zuen hitzaurrean». Espetxean zegoela ondu zuen aitzinsolas hura. Pamiela etxeak berrargitaratu du, 33 urte geroago.

Espektatibak bete zituela eta batez ere idazleen artean oihartzun zabala izan zuen lana izan zela, eta dela, oroitu zuen Jose Angel Irigarai Pamielako kideak, atzo Donostian eginiko aurkezpenean. «Bere obraren ezaugarri nabarmenenak agertzen dira. Gaiak, egileak, idazkera...». Egokia iruditu zaio berrargitaratzea; batetik, euskal literaturan esan nahi duenagatik; eta, bestetik, «kontuan hartu behar delako zer-nolako bideak ireki zituen». Ia-ia orduan kaleratu bezala dago —Paris neskazaharra atala Asmatzen duten Paris izendatu du orain, esaterako—, eta hizkuntzaren eta horren araudiaren aldaketak direla medio, zuzenketa xume batzuk egin ditu. Hitzaurrea, hori bai, berria da, egileak berak idatzitakoa.

Pott Bandako kidea izan zen Sarrionandia, Iturralde, Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika, Jon Juaristi eta Manu Ertzillarekin batera, eta Iturraldek atzo agerraldian oroitu zuen bandak 1977 eta 1980 artean kaleratutako aldizkarietan plazaratu zituela Sarrionandiak lehen idatziak. «Azken alearekin diru asko galdu genuen; gainera, iragarkiak-eta ez genituen onartzen». Erabaki zuten, beraz, literatura sariketetara aurkeztea. Bizpahiru irabazi zituzten Atxagak eta Iturraldek, eta bat Sarrionandiak: 1981eko Azkue saria, Izuen gordelekuetan barrena-ri esker.

Egile oso bitxi baten liburu oso bitxia da, Iturralderen hitzetan. 1985ean kartzelatik ihes egin eta erbesteratutako poetak bere idazle gustukoenak aipatzen ditu lanean; adibidez, T. S. Eliot, Jorge Luis Borges, Julio Cortazar... Eta txekiar literaturari ere maiz egiten dio erreferentzia —atal batek, esaterako, Pragako orenetan du izenburu—. Hala, Sarrionandia «poeta holandianoa» da, Iturralderen iritziz; «goitik behera, gainera». Eta egileak poeta hori bera, Vladimir Holan, dakar akordura hitzaurrearen aurreneko esaldian: «Akordatzen naiz Vladimir Holanen Gaua Hamletekin irakurtzen nuela trenean gauez, Bilbotik Durangora bueltan». Aitzinsolasean gogoratzen du, gainera, kaleratu zenean liburua guztiz irakurrezina zela leporatu ziotela batzuek. «Baina, gaur egun modu korrientean irakur badaiteke, ezagun da orduko idazle eta irakurleek letra labirinto haiek komunikazio espazio bihurtzea lortu genuela», azpimarratu du Sarrionandiak.

Canorentzat eta bere belaunaldiko «idazlegaientzat», Izuen gordelekuetan barrena-ren egilearen obra zen edatera joaten ziren iturrietako bat. Opera prima hura irakurrita, Sarrionandiaren ibiliaren konstanteak antzematen dira, Canoren ustez: «Askapen literariorako gosea, bidaia, ihes fisikoaren bilaketa etengabea, lurralde eta aire berrien egarria...».

Hitzaurrean Sarrionandiak dio gaztea zenean labirintoaren sarrera bilatzen zuela, ez irteera. Horren harira, Twist-en egileak hau kontatu zuen, atzoko aurkezpenerako osatu zuen «maitasun gutun kamuflatuaren» pasarte batean: «Sarriren atzetik abiatu ginen euskal poesiaren labirintora, baina ez ginen itsu-itsuan sartu. Sarrik, ipuineko ogi papurrak bezala, galtzetan gordetzeko kobla batzuk eman zizkigun, irakurtzeko geneuzkan poeten itxura zutenak; Dylan Thomasen itxurako ogi papurrak; Fernando Pessoaren itxurakoak... Aurki jabetu ginen, ordea, papur horiek labirintoan gehiago sartzeko zirela, ez irteera aurkitzeko; handik ateratzeko ez gogorik ez premiarik ez genuen, ordea...». Canoren aburuz, Sarrionandiak bere tresnak utzi zizkien eskura, puzzleko pieza guztiak. «Baina zer gertatzen zen saiatzen ginenean puzzlea osatzen? Ba, inoiz ez zitzaizkigula ateratzen berari ateratzen zitzaizkion irudiak».

Musikatutako poema asko

Musikariengan ere izan du eragina lan horrek. Hamar poema, gutxienez, musikatu dituzte: Lili bat, Hegazti errariak (Mikel Laboa), Alberto Caeiroren bisita (Ruper Ordorika), Arratseko fadoa (Oskorri), Esku ahurreko marrak (Jexuxmari Lopetegi)...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna