Tokia ziurtatu du Gipuzkoak

Ilunpe Azpeitiko taldeak eta Tolosak egin dute aurrera XV. Berria Pilota Txapelketan, eta elkarren aurka lehiatuko dira finalerdietan
Goian, Alberdi II.a Ilunpeko kadete mailako aurrelaria, eta behean, Altuna Tolosako kadete aurrelaria.
Goian, Alberdi II.a Ilunpeko kadete mailako aurrelaria, eta behean, Altuna Tolosako kadete aurrelaria. G. R.-J. F. / FOKU

Jon Eskudero -

2018ko ekainak 6
Gipuzkoak izango du gutxienez ordezkaritza bat XV. Berria Txapelketako finalean. Joan den asteburuan finalerdietarako sailkapena lortu eta finalaren lehian elkar ikusiko baitute Azpeitiko Ilunpek eta Tolosak, bi aste barru. Hirutik hiru partidak irabazita, azpeitiarrek mendean hartu zuten Doneztebeko Erreka igande goizean, eta tolosarrek ez zuten hutsik egin Zeanuriko Joko Alairen kantxan arratsaldean.

AZPEITIAN

Ilunpe 3 - Erreka 0

Partida guztiak irabazi arren, Azpeitiko Ilunpek ederki sufritu behar izan zuen Erreka garaitzeko. Kadeteetakoa izan zen jaialdiko partidarik onena, gogortasuna eta oreka izan baitzituen. Ongi kantxaratu ziren bi bikoteak, eta nor baino nor gehiago aritu ziren Alberdi II.a-Labaka gipuzkoarrak eta Berakoetxea-Loiarte nafarrak. Lehen zatian errespetua azaldu zioten elkarri, baina handik aurrera Alberdi II.ak hartu zuen aginte makila. Abiadura eman zion pilotari, eta horri esker 15-10 aurreratu zen Ilunpe. Errekak ez zuen etsi, 17-15era ere gerturatu zen, baina berriz Alberdi II.aren kalitatea azaldu zen. Une erabakigarrian ez zuen kale egin gazteak (22-15).

Jaialdiko bigarren partida ere lehiatua izan zen, baina ia beti bizpahiru tantoren aldea izan zuten Iriarte-Egiguren azpeitiarrek Telletxea eta Agirreren aurrean (8-6, 11-8 eta 15-12). Egiguren sendo aritu zen atzean, baina Iriarteren hutsek bizia eman zieten nafarrei. Telletxea bera ere ausart aritu zen. Hori bai, eskuin eskua mindu zitzaion, eta uste baino errazago irabazi zuen Ilunpek (22-13).

Kalkuluak eginda, azpeitiarrek aski zituzten sei tanto nagusien mailan finalerdietarako sailkatzeko. Ederki kosta zitzaien helburua lortzea, ordea. Barandiaran eta Tabar Errekakoak ezer galtzekorik gabe atera ziren, eta ia dena atera zitzaien ongi. 5-11 aurretik heldu ziren lan erdietara. Orduantxe egin zuten seigarren tantoa Alberdi I.ak eta Murgiondok, eta, horrek emandako lasaitasunaren eraginez, partidan sartu, eta irabazi egin zuten (22-18).

ZEANURIN

Toki Alai 1 - Tolosa 2

Azpeitian bezala, Zeanurin ere goi mailako jaialdiaz gozatu ahal izan zuten pilotazaleek. Harmailak leporaino zirela, etxeko taldeak ez zuen ezustea eman Tolosaren aurrean, baina txapelketako sorpresarik handiena izan da Joko Alairen lana, lehen parte hartzean final-laurdenetarako sailkatu baita. Tolosari irabazteko, bizkaitarrek bazekiten kadeteen puntua oso garrantzitsua zela, eta ezin izan zuten irabazi. Altuna-Ugartemendia gipuzkoarrek 22-14 menderatu zituzten Erkiaga II.a-Emaldi. Partidaren lehen zatia orekatua joan zen (8-11), eta bi aurrelarien ausardiak zeresana sortu zuen. Handik aurrera, behera egin zuten Joko Alaikoek, batez ere Erkiaga II.ari eskua mindu zitzaiolako, eta hori Tolosakoek ez zuten barkatu.

Kanporaketak norabide aldaketa izan zuen gazteen artekoan. Faborito ziren Urigoitia-Erkiaga I.a bizkaitarrak, baina ez zuen inork usteko hain erraz irabaziko zutenik. Goikoetxea-Etxeberria gipuzkoarrek egun traketsa izan zuten, eta 22-5 galdu zuten. Horiek hala, azken partida irabazten zuena sailkatuko zen. Labaka-Telletxea gipuzkoarrak urduri hasi ziren, eta Mendia-Beobide partidan sartuta mantendu ziren 5-8kora arte. Hortik aurrera, atzelari gipuzkoarrak pilota asko sartu zuen ezkerparetan, eta hori baliatu zuen Labakak errematean erakustaldia emateko (8-22).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna