Bi bakarrik geratu dira

Iruñeko Oberenak eta Tolosak jokatuko dute XV. Berria Pilota Txapelketako finala, datorren larunbatean, Hernanin
Goian, Igoa Oberenako kadete mailako atzelaria. Behean, Goikoetxea Tolosako gazte mailako aurrelaria.
Goian, Igoa Oberenako kadete mailako atzelaria. Behean, Goikoetxea Tolosako gazte mailako aurrelaria. J. M.-J. U. / FOKU

Jon Eskudero -

2018ko ekainak 20
Nafarroako edo Gipuzkoako pilota elkarte batek irabaziko du XV. Berria Txapelketa. Joan den asteburuan finalerdietan garaile izanda, Iruñeko Oberenak eta Tolosak neurtuko dituzte indarrak finalean, datorren larunbatean, Hernanin, San Joan jaien egitarauaren barruan. Oberena aise sailkatu zen igandean, Lazkaoko LAPKE garaituta. Aldiz, Tolosak askoz gehiago sufritu zuen Azpeitiko Ilunperi irabazteko. Goi mailako bi talde lehiatuko dira finalean.

HERNANIN

Oberena 2 - LAPKE 1

Kanporaketa gogorragoa espero zen Oberenaren eta LAPKEren artean, baina lehen bi partidetan oso nagusi izan ziren nafarrak. Kadete mailan, akaso, antzeman zitekeen pilotari hobeak zituela Oberenak, eta aurreikuspenek ez zuten hutsik egin. Laso eta Igoa nafarrek 22-7 irabazi zieten Goikoetxea eta Naldaiz gipuzkoarrei. Hasi eta buka, Igoaren joak agindu zuen, eta Lasok ere ederki amaitu zituen tantoak aurrean. Partidaren bigarren zatian hobeto jokatu zuten goierritarrek, baina ezin izan zuten aldea murriztu.

Harrigarriagoa izan zen gazteen arteko lehiaren emaitza, Mata eta Santamaria Oberenakoek 22-1 irabazi baitzieten Ruiz de Larramendiri eta Garmendiari. Azken horiek Euskal Herriko txapeldunordeak izaki, borroka gehiago espero zen, baina Mata izan zen protagonista nagusia. Koska bat gorago dagoela erakutsi zuen.

Horiek hala, nagusien partida hasterako erabakita zegoen dena, baina Zubizarreta eta Garmendia LAPKEkoek ohorezko puntua eskuratu zuten, Canabal eta Cordoni 22-7 irabazita. Bi bikoteak maila ezberdinekoak direla bistaratu zen.

TOLOSAN

Ilunke 1 - Tolosa 2

Askoz orekatu eta politagoa izan zen Tolosaren eta Azpeitiko Ilunperen artekoa. Ziurrenik, orain arteko onena. Lehen partidatik hasita, gainera. Maila horretako lau pilotari onenetakoak elkartu ziren, eta joko distiratsuaren ondotik, Altuna eta Ugartemendia Tolosakoek 22-15 menderatu zituzten Alberdi II.a eta Elosegi. Lehen zatia gogorra izan zen, baina gerora, Ugartemendiak agindu egin zuen atzean, eta Altunaren inspirazioak lagunduta, lehen puntua Tolosan geratu zen.

Kontrakoa gertatu zen gazte mailan. Faborito zen Ilunpe, eta hasieratik hartu zuten aurrea Egigurenek eta Iriartek: 8-3, 11-5 eta 15-9. Atzeko koadroetan ez zegoen alderik, baina aurrean Egigurenek beste erritmo batean jokatu zuen, Asperekin aurreakordioa zergatik daukan argi utziz. Tolosako Goikoetxea eta Etxeberria amaierara arte saiatu ziren ezustea ematen, baina azkenean 22-14 nagusitu zen Ilunpeko bikotea.

Hortaz, azken partidak erabakiko zukeen guztia. Harmailetan giro berezia zela, gogotsu kantxaratu ziren Labaka eta Telletxea Tolosakoak eta Alberdi I.a eta Murgiondo azpeitiarrak. Bada, inork espero ez zuen gidoia hartu zuen lehiak, bere onetik aterata jokatu baitzuten Tolosakoek. Ez ziren partidan sartu, eta hori baliatuta, 15-7 joan ziren aurretik Ilunpekoak. Finalerako sailkapena eskuan zuten, baina atseden bat baliatuz, ohiko jokoa egiten hasi ziren Labaka eta Telletxea, hamaseina berdindu zuten partida, eta azkenerako 22-17 nagusitu ziren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna