'Oreina' lehian izango da

Koldo Almandozen bigarren film luzea erakutsiko dute Donostiako 66. Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean, Europa, Asia eta Latinoamerikako beste hamabi lanekin batera
<em>Sipo Phantasma</em>-ren ondotik, <em>Oreina</em> bigarren film luzea du Koldo Almandozek; hiriko aldirietan bizi den gazte bat du protagonista.
Sipo Phantasma-ren ondotik, Oreina bigarren film luzea du Koldo Almandozek; hiriko aldirietan bizi den gazte bat du protagonista. DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Ainhoa Sarasola -

2018ko uztailak 13
Talentu berriak bilatzea eta ezagutaraztea. Hori du xede Donostiako Zinemaldiaren Zuzendari Berriak sailak, Jose Luis Rebordinos jaialdiko buruak gogora ekarri duenez. Urtero bezala, hamaika herrialdetako zinemagileen lehen edo bigarren filmak erakutsiko dituzte bertan aurten ere. Hamahiru iragarri dituzte oraingoz, eta horien artean dago Oreina, Koldo Almandoz zuzendari donostiarraren bigarren film luzea. Kutxabank-Zuzendari Berriak sariagatik lehiatuko da, hortaz. Irailaren 21etik 29ra izango da Donostiako 66. Zinemaldia; lana 28an iritsiko da aretoetara, atzo filmeko lantaldeak iragarri zuenez.

Almandozen lana talentu berrien sailean parte hartzeko hautatu badute ere, ibilbide oparoa du zuzendariak, film laburren arloan bereziki. Haren filmografiako tituluen artean daude Plágan (Izurria) —iazko Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean estreinatu zuena—, Hubert Le Blonen azken hegaldia (2014), Deus et machina (2012), Ahate pasa (2009), Columba Palumbus (2007), Amuak (2004), Belarra (2002) eta Razielen itzulera (1997). 2016an, bere lehen lan luzea, Sipo Phantasma, aurkeztu zuen Rotterdamgo jaialdian, gero Zabaltegi-Tabakalera sailean ere erakutsi zuena. Haren bigarren filmak hiriko aldirietan bizi den gazte bat du protagonista.

Nazioarteko kideek osatutako epaimahai batek erabakitzen du Zuzendari Berriak saileko irabazlea, eta 50.000 euro da saria —Kutxabanken babesa du—. Sail horretako filmak Gazteriaren saria lortzeko hautagai ere badira.

Sailean erakutsiko den Euskal Herriko ekoizpen bakarra izango da, oraingoz, Almandozena. Izan ere, «ziurrenik, beste pare bat» lan gehituko dituzte oraindik, Rebordinosek zehaztu duenez. Edonola ere, Argentina, Danimarka, Espainia, Japonia, Kosovo, Mexiko, Errumania, Errusia, Suitza eta Vietnamgo hamabi lanekin izango da lehian. Hautatuen artean bederatzi opera prima daude, eta lau bigarren film. Gaiei dagokienez, aniztasuna handia dagoela nabarmendu du Rebordinosek.

Hala, Natalia Mestxaninova zuzendari errusiarrak landetxe bateko albaitari bat jarri du protagonista Serdtse Mira / Core of the World filmean, eta Ismet Sijarinak, berriz, Balkanetako gerraren aurrekarietara egin du atzera Nëntor i ftohtë / Cold November lanean. Almandozek bezala, bigarren film luzea dute bi zuzendariek: Mestxaninovak Kombinat 'Nadezhda' / The Hope Factory aurkeztu zuen Rotterdamen, 2014an, eta 2008. urtekoa du Sijarinak Ama Doren / Hold my hand lana. Ines Maria Barrionuevo argentinarrak ixten du bigarren filma erakutsiko dutenen zerrenda, ama-alaba batzuen inguruko Julia y el zorro zintarekin —2014an Atlántida aurkeztu zuen—.

Gainerako zinemagileek beren lehen lanekin hartuko dute parte sailean. Elias Leon Siminiani zinemagile espainiarraren aspaldiko ametsa zen lapurreta film bat egitea, eta Apuntes para una película de atracos filmera eraman du Vallecasko Robin Hood bezala ezagun egin zen gizonaren istorioa. Hadrian Marcu errumaniarrak, berriz, Un om la locul lui / A Decent Man aurkeztuko du, amodio dilema bat duen gizon bati buruzkoa —iaz, hizkuntza ez-hegemonikoetako ekoizpenei zuzendutako Glocal in Progress ekimenean aukeratu zuten filma—.

Askotariko protagonistak dituzte gainerako lanek ere: Kubako iraultzan parte hartu zuen gizon bat (Para la guerra, Francisco Marise), kristau fedea deskubritu duen gaztetxo bat (Boku wa Iesu-sama ga kirai / Jesus, Hiroshi Okuyama), lapurtzen eta ezkutuko bizitza bat eramaten hasi den atleta bat (Der läufer / Midnight Runner, Hannes Baumgartner), hotel bateko gela zerbitzari bat (La camarista, Lila Aviles)...

Ash Mayfairren The Third Wife, Laurits Flensted-Jensenen Neon Heart, eta Celia Rico Clavellinoren Viaje al cuarto de una madre lanek ixten dute orain arte hautatutako filmen zerrenda.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ainhoa Sarasola

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna