Mahaikide berriak elkartean

Hainbat enpresa turistiko «elkarte gastronomikoetako esperientzia bizitzea» saltzen hasi dira Donostiako Parte Zaharrean, garesti. Elkarte gehienak kexu agertu dira.

Elkarte gastronomikora joan aurretik, turistek merkatuan bertako produktuak erosten dituzte, gero sukaldari batek plater tipikoak prestatzeko. JON URBE / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2018ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Donostiako turismoaren epizentroa Parte Zaharra da. Turisten neurrira eraldatzen ari den auzo horrek pauso bat harago eman du, eta elkarte gastronomikoetara ere iritsi da turismoa.

Auzoan elkarte gastronomiko ugari daude; bertako eta hiriko beste auzoetako kideek osatzen dituzte, eta horietako batzuk ezagunak dira, gehienbat danborradan protagonismo handia izaten dutelako. Hala ere, oraingoan, ez da danborrada izan elkarte horiei protagonismoa eman diena.

Enpresa turistiko batzuk elkarte gastronomikoetako «esperientzia» bizitzea iragartzen hasi dira, turistek bertatik bertara jakin dezaten zer den elkarte gastronomiko batean egotea. Ibilbide horiek hiru-lau ordu irauten dute, eta 250 euro ere balio dute batzuek.

Merkatuan erosketak egiteaz gain, Parte Zaharreko elkarte batean sukaldari batek euskal platerak prestatzea hartzen dute barnean ibilbide batzuek. Ardoa edanez, plater horiek jaten dituzte amaieran. Beste batzuek sukaldaritza ikastaroak ere eskaintzen dituzte: sukaldari batek pintxoak eta plater tipikoak prestatzen irakasten die turistei, elkartean bertan.

Ibilbide gehienek egitura bera dute. Lehenik eta behin, ibilbidearen bezeroarekin hiriko puntu batean gelditzen da gida, eta batera joaten dira merkatu tradizionalera, bertako produktuak erostera. Gero, erosketak eginda, Donostiako Parte Zaharreko elkartera joaten dira, eta, bertan, sukaldari batek plater tipikoak prestatzen dizkie. Amaitzeko, mahaian eserita, batera jaten dute prestatutakoa, ardoa edanez eta «giro lasaian».

Baina esperientzia hori ez da doakoa, eta ordaindu beharreko prezioak ez dira batere merkeak. Eatwith enpresak eskaintzen duen «esperientziak» 126 euro balio du pertsonako, eta hiru ordu irauten du; Discover San Sebastianek eskaintzen duenak, berriz, 165 euro, eta iraupen bera du. Ikusnahik, gainera, sukaldariburu batekin pintxoak egiten ikasteko aukera eskaintzen du, 250 eurogatik. Mimo Food enpresak ere eskaintzen zituen ibilbideok, baina duela egun gutxi eskaintzeari utzi diote: «Parte Zaharreko elkarte bateko kide batekin lan egiten genuen, baina gurekin lan egiteari utzi dio», esan du enpresako langile batek. Izan ere, eskaintza horien harira polemika handia sortu da, elkarte gastronomiko asko aurka agertu direlako.

Elkarteak, kexu

Xabi Unzueta Donostiako Gaztelubide elkarteko kidea da, eta, haren arabera, «ezin da negoziorik egin elkarteekin». Azalpenak eman ditu: «Elkarteek ez dute irabazi asmorik. Kide batek atzerriko lagunak baditu eta elkartera otordu bat egitera badoaz, ez dago arazorik: hori beti egin da. Baina Interneten hainbeste dirugatik iragartzea eta sukaldaritza ikastaro bat eskaintzea ez da inoren buruan kabitzen. Nik dakidala, Gaztelubiden ez da hau gertatu».

Jarduera horri egin zaion beste kexa handienetako bat izan da Parte Zaharreko ostalariei lehia egiten diela. Javier Arbaizagoitia Gaztelupe elkarteko kidearen arabera, ostalaritzari egiten dion lehia elkarteen beraien aurka doa: «Ez digu inolako mesederik egiten». Hala ere, enpresa turistiko bateko arduradunak dioenez —ez du bere izena jakinarazi nahi izan—, elkarte gastronomikoetan egiten diren ibilbide turistikoek ez diote kalterik egiten ostalaritzari: «Nire ustez, jarduera guztiz bakana da. Nik jarduera hau eskaini izan dudanean, elkartearen baimen osoarekin izan da».

Arbaizagoitiak dakienez ere, ez da horrelakorik gertatu bere elkartean: «Nik ez dakit zer elkartetan gertatzen den hau, baina sumatzen dut zeinetan izango den. Nik uste dut halako jarduerak elkarteek onartuta egiten dituztela, eta kide batzuk aprobetxatu daitezke elkarteak momentu horretan egin nahi duenaz. Pentsatzen dut badirela ondo funtzionatzen ari ez diren elkarte batzuk, eta beharko dituztela diru sarrerak». Argi utzi du elkarteek ez dutela irabazirik sortzen: «Diru sarrera bakarra kideen kuotak dira».

Donostiako Udala ere jarduera horien jakinaren gainean dago. Ernesto Gasco Donostiako Udaleko lehen alkateordea eta Ekonomia Bultzatzeko, Enpleguko, Turismoko, Merkataritzako eta Ostalaritzako zinegotzi ordezkaria da, eta argi utzi du udalaren jarrera: «Enpresa batek elkarte gastronomiko batekin egiten duen egitasmo pribatu bat izanik —eta elkartea ere pribatua da—, udalak gutxi egin dezake. Ez da gure eskumeneko kontu bat». Gauza bera dio Donostia Turismoko zuzendariak, Manu Narvaezek: «Erakunde bakoitzak ezartzen ditu bere arauak. Irabazi asmorik ez izateak esan nahi du elkartearen helburua ez dela dirua lortzea, baina ez du esan nahi dirua lor ez dezakeenik». Narvaezek esan du udala ezin dela sartu eremu pribatuan: «Udalak ezin du erabaki nor sartzen den elkarte baten sukaldean. Zuk arautu dezakezu ahal duzuna, ez ezin duzuna».

«Gu aurka gaude» adierazi du Gascok, hala ere: «Elkarte gastronomiko batzuek egin duten operazio ekonomiko bat da, errentagarria aterako zaielako. Ez du udalak ez antolatzen ez babesten. Gainera, hain prezio garestiak edukita, errentagarriago ateratzen da Arzakera joatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.