Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Erasoa baita defentsarik onena

Yatesek ia erabakita utzi du Vuelta, Rabassan urrutitik jo eta Valverderi 1.07ren aldea aterata. Pinotek irabazi du etapa

Erasoa baita defentsarik onena.
enaut agirrebengoa
2018ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Mamu zaharrak eta berriak, denak kolpe batez uxatu zituen atzo Simon Yatesek, Espainiako Vueltako 19. etapan. Zalantzak izateko bazuen motiborik. Hasteko, Oizen lehen ahulezia zantzuak erakutsi, eta zortzi segundo galdu zituen Alejandro Valverde (Movistar) eta Enric Masekin (Quick Step). Eta, denboran atzerago eginez, Italiako Giroa bukatzeko bi egun falta zirela hondoratu zen maglia arrosarekin. Bada, mugapsikologikoa indar eta ausardia erakustaldi batekin apurtu zuen atzo Rabassan gora. Aurkarien oldarraldiak ihardestera muga zitekeen, baina britainiarrarentzat erasoa da defentsarik onena. Helmugatik 10 kilometrora jo, aurkari zuzen guztiak atzean utzi, eta kolpe ia erabakigarria eman zuen sailkapenean. Etapa, berriz, Thibaut Pinotek (FDJ) irabazi zuen, eta Steven Kruijswijkek (Lotto Jumbo) hirugarren postua kendu zion Masi sailkapen nagusian.

Vueltako liderrak ondo ezagutzen ditu atzo tropelak zeharkatu zituen inguruak. Izan ere, 2015etik bizi da Andorran. Horrek konfiantza eman zion, eta une batzuetan lausoa izan zen lasaitasunaren eta lasaikeriaren arteko muga; hala nola helmugatik 34 kilometrora Movistar haize babesa eragiten saiatu zenean. Valverderen taldearen saialdiak tropelaren erdi aldetik atzera harrapatu zuen Yates, eta etenda izan zen une batez. Mitcheltonek batere artegatu gabe kudeatu zuen estualdia, eta, azkenean, eman zuen aurpegia liderrak; nola eman, gainera. Mendate luzeetan Valverde baino gehiago da, eta hori ederki berretsi zuen atzo, espainiarrari 1.07 aterata. 1.38ra du orain. Mendiko azken etapa falta dela, Finestrekoaren antzeko hondamendi bat beharko luke Yatesek maillot gorria galtzeko.

Zirrara handia galdu du, beraz, lidergoaren lehiak; aitzitik, podiumerako borroka puri-purian dago. Atzo arte Mas zen hirugarren, baina Rabassan 49 segundo kendu, eta aurrea hartu zion Kruijswijkek. Tropelak ziztu bizian igo zuen 17 kilometroko mendate luzea —Vueltako luzeena—. Eguneko igoera bakarra zen, eta Movistarrek erritmoa gogortu zuen lehen aldapetan. Berehala geratu zen ezerezean Jonathan Castroviejo (Sky) eta Benjamin Thomasen (FDJ) ihesaldia; eta berandu gabe piztu zuen sua Nairo Quintanak (Movistar), helmugatik 13 kilometrora. Harekin atera zen Kruijswijk, eta, geroago, Pinot.

Hirukoteak ez zuen aparteko arriskurik Yatesentzat, baina hark lasterketa apurtu nahi zuen. Erraz egin zuen bat lasterketa buruarekin, eta abailan gidatu zuen taldetxoa Rabassako bigarren zatiko aldapa etzanetan. Atzean Richard Carapazek (Movistar) hartu zuen jazarpenaren ardura, eta hari erregaia agortzean, atzean gelditu eta lan egiteko prestasuna agertu zuen Quintanak. Alabaina, haren aldean pedal kolpe distiratsua zuen Yatesek, eta errenta haziz joan zen. Egoera horretan, mokoka hasi ziren Mas, Valverde eta Miguel Angel Lopez (Astana). Azkenean, krisialdia izan zuen Valverdek, eta aurrera egin zuten Masek eta Lopezek, Rigoberto Uranekin batera (Education First). Aurrean, berriz, atzean geratu zen Kruijswijk, eta Pinoten eta Yatesen artean jokatu zuten garaipena. Frantziarra gehiago izan zen azken metroetan, eta bigarrenez altxatu zituen besoak Vuelta honetan.

Segadetarako egokia

Horiek hala, eta mendiko azken etapa falta dela, Mitcheltoneko liderrak 1.38ra du Valverde, 1.58ra Kruijswijk, 2.15era Mas eta 2.29ra Lopez. Ion Izagirre (Bahrain), bestalde, bederatzigarren postuan ageri da, 6.30eko atzerapenarekin. Zazpigarren iritsi zen atzoko etapara, baina aurrea hartu zioten Pinotek eta Uranek. Hamaikagarrena ia bi minutu eta erdira du, beraz, Vuelta lehen hamarren artean bukatzeko moduan da.

Dena du alde Yatesek Madrilgo (Espainia) podiumeko koska altuenera igotzeko, baina, horretarako, onik atera beharko da azken trakatik. Etapa labur bezain gogor bat izango da Vueltako azken epailea: 97 kilometro eta 4.000 metroko denibel metatua ditu.Ibilbidea aproposa da segadetarako, sei mendate kateatuko baitira guztira, tartean lehen mailako hiru, eta amaierako Coll de la Gallina, maila berezikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.