Katebegi akustiko txikiak

'Kateak' singlea kaleratu du Jon Gurrutxagak. Molde akustikoko kantuak bildu ditu: bi biniloan, eta lau CDan

Jon Gurrutxaga, atzo, Donostian egindako aurkezpenean. A. CANELLADA / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2018ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Ibilbide luzeko musikaria da Jon Gurrutxaga (Elgoibar, Gipuzkoa 1978). Arima Beltza blues-rock taldeko kidea izan zen, eta beste hainbat proiektutan ere aritu izan da, batzuetan egitasmoa partekatuz, eta besteetan bera buru dela: Andrakan, UEK, Bikustik, Jon & Sugramas... Orain, berriz, bere izenean argitaratu du Kateak lan berria. Gaztelupeko Hotsak zigiluak aurten bertan abian jarritako Lokatzetan Play singleen bilduman kaleratu du diskoa, bi formatutan. Binilozko singleak bi abesti jasotzen ditu (Kateak eta Desitxuratuz) eta barruan daraman CDak, lau —singlekoaz gain, Unearen oraina eta Wrinkled shirts and jackets—.

Azken urteetan osatutako kantuak dira laurak, eta Gurrutxagak idatzitako «pieza rockeroetatik» pixka bat aldentzen dira, musikariak berak dionez. «Ezberdinak dira, baina ez nuen nahi karpeta batean gordeta gelditzea». Euren artean ere ezberdinak dira, baina badituzte lotzen dituzten ezaugarriak. «Kateak-ek soul-gospeletik edaten du; Desitxuratuz-ek pop-rockera jotzen du; Unearen oraina re irekian afinatua dago, eta asko gustatzen zaizkidan kantari amerikarren eragina du; etaWrinkled shirts and jackets ingelesez atera zait, eta blues klasikoagoa da». Forma akustikoak dituzte lau kantuek, nahiz eta Patxi Zabaletaren gitarra elektrikoa entzun daitekeen Kateak-en.

Bakarka grabatu du diskoa Gurrutxagak, baina ez bakarrik. Zabaletaz gain, Iñigo Gorrotxategi (baxua), Urbil Artola (dobroa), Markos Coll (aho soinua) eta Peio Gorrotxategi (teklatua) izan ditu lagun Ereñotzuko (Hernani) Aieka estudioan egindako grabazioan. Zuzenean, berriz, formatu txikian ariko da, Artolarekin. Oraingoz, hilaren 19an Ondarroako (Bizkaia) Mobydick taberna-jatetxean daukate lehen kontzertua, eta azaroan Elgoibarko Sotoan ere ariko dira

Joseba Tapiaren singlea

Lokatzetan Play bilduma Txuma Murugarrenen single batekin estreinatu zuten, uda aurretik, eta, urtea amaitu baino lehen, Joseba Tapiaren beste bat kaleratuko dute. «Aurten hiru aterako ditugu, eta datorren urteari begira ere beste hiru kaleratu nahiko genituzke», azaldu duUbane Uzin Gaztelupeko Hotsakeko arduradunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.