Agertze bat, eta itzulera bat

Josu Goikoetxeak hemezortzi urteotan idatzitako poemak jaso ditu 'Zer luzea negu hau' bere lehen liburuan. Martin Etxeberriak, berriz, laugarren poesia bilduma du 'Winston'
Martin Etxeberria eta Josu Goikoetxea, nor bere liburu berria eskuan, atzo, Donostian.
Martin Etxeberria eta Josu Goikoetxea, nor bere liburu berria eskuan, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Ainhoa Sarasola -

2018ko urriak 11
Ia hogei urte darama poema liburuak argitaratzen Martin Etxeberriak (Zarautz, Gipuzkoa, 1974), eta laugarren olerki bilduma du Winston. Josu Goikoetxeak (Gernika, Bizkaia, 1974), berriz, lehen poesia liburua du Zer luzea negu hau, baina ia hogei urte ditu bertan jasotako alerik zaharrenak. Bi liburuak argitaratu berri ditu Elkar argitaletxeak, eta, izaera eta estilo ezberdineko bi egile izanik ere, haien lanen artean antzak ere sumatu ditu Xabier Mendiguren editoreak: «Bizi izandakoaren arrastoa eta bizitzaren aurrean eginiko hausnarketa bietan presente dagoela esango nuke». Plazara agertu da Goikoetxea, eta idazten hasi zeneko «bulkadara» itzultzen saiatu da Etxeberria.

Bere liburuari hasiera ematen dion poema, Idazle gaztea (olioa mihisean) izenekoa, duela hemezortzi urte idatzi zuen Goikoetxeak. Aitortu du urteotan ez duela askorik idatzi, poema solte batzuk, «nahikoak sorkuntza literarioaren gar txiki hori ozta-ozta mantentzeko». Gutxi idazteko arrazoi bat baino gehiago egon daitezkeela uste du, baina eman du berea: «Uste dut beldurrez mozorrotutako nagi bat izan dela arrazoia azkenean, edo nagiz mozorrotutako beldur bat; asko kostatu izan zait beti orriari aurre egitea: halako bertigo bat sortzen dit». Nolanahi den, «itxurazko 21 poema» pilatu zituen urteotan. Twitterren idatzi zuen horietako bat, duela bost urte, eta Mendigurenek iritzi ona emanez erantzun ziola azaldu du.

Joan den udazkenean, idatzita zeuzkanak erakusteko eskatu zion editoreak, eta liburu bat osatzeko adina ale idazteko denbora gehiago eskatu zion Goikoetxeak. «Askotan, gehiegitan, beste norbaiten bultzada behar izaten dut lanean jartzeko, eta kasu honetan hori gertatu da. Lanean jarri nintzen, beraz, ezohiko emankortasunez, eta ikasi nuen beti koadernoa aldean izaten». Sortze prozesua «bizia» izan zela azaldu du: olerkiak moldatzen jardun zuela, berreraikitzen batzuetan, suntsitzen besteetan... «Barru-barruan ditut oraindik, eta beste pauso bat falta dut: poemak nigandik kanporatu, irakurleei eman, eta haien irakurketatik zer egin dudan ondo eta zer txarto identifikatzea».

Bost ataletan eta epilogo batean banatu du liburua, eta azken atalaren aurreko piezaren izenburua eman dio obrari, lanaren mamia ondo islatzen duela iritzita. Iazko neguaren azkenetan idatzi zuen poema hura. «Oso negu euritsua izan zen, oso hotza, hartxintxarrezko bide busti baten modukoa». Iazko udazkenean hil zitzaion aita, eta, horregatik, negua doluzkoa ere izan zen Goikoetxearentzat —liburuan ageri da horren isla—. Hainbat gai agertzen dira poemetan, tartean giza harreman «beti zailak», guraso izatearen kezkak, etorkizunarekiko kezka, helduaroaren onarpena, lana, idaztea bera, gizonen eta emakumeen arteko harremanak, maskulinitatea, poliziaren biolentzia... «Kontu iluna eman dezake, baina, egia esan, ezinegon batetik sortu dira poema hauetako asko, eta ironikoa da: ezinegona joan egiten da, baina poema hor geratzen da». Hala ere, liburuan nolabait baikortasuna ere badagoela adierazi du. «Uste dut poemetan badagoela negutik ateratzeko gogo bat; zauriekin, haragian sortutako arrakalekin, neguaren onartzearekin ere bai, baina badagoela negu gogor eta hotz horretatik ateratzeko gogo bat».

Bestelako gaiak ere badira poemetan, egileak adierazi duenez. Olerki asko, hasierakoak batez ere, narratiboak direla azaldu du; istorio bat kontatzen dutela, eta batzuetan «gizarteak baztertutakoez» ari direla. «Beti izan dut inpresioa batzuetan oso ertzean nabilela edo gabiltzala, eta nahikoa dugula deskalabru txiki bat bidean zurrunbilo suntsitzaile batean erortzeko. Eta zurrunbilo horretan erori diren batzuei eskainita daude poema batzuk».

Lau ale izan ezik, beste poema guztiak bertso librean idatzi ditu. «Errima apur batekin» jolastu dela zehaztu du, hala ere, eta erritmika bat lantzen ere saiatu dela. Haren ustez, «ez dira bihotzera bideratutako poemak», adimenera zuzendutakoak baizik. «Horrekin ez dut esan nahi poemak hoztasunez idatzita daudenik, hotzak direnik; guztiz kontrara, uste dut adimena beroa ere badela, eta adimen bero horrekin poemek lagundu didatela neure burua eta ingurua ezagutzen». Irakurlearentzat ere baliogarriak izatea espero du orain egileak.

Definitzeko beharrik ez

Martin Etxeberriak, berriz, hitz hauekin aurkeztu du bere lan berria: «Esango nuke liburu hau itzulpen bat dela, plagio bat dela, ez nagoela seguru poesia den, eta, egia esan, ez dudala ideiarik ere zeri buruz doan». Gero etorri dira zehaztapenak. Itzulpena dela esateari dagokiona: «Neure burua itzultzen saiatu naiz, distantzia hartzen aurreko liburuetatik, eta, batez ere, neure buruarengandik aldentzen». Egileak uste du ez duela lortu, eta, «itzulpen bat bainoago, itzulera bat» izan da lortu duena, haren hitzetan: bere lehen poema liburuetako «tonu naif hori berreskuratzea» eta aurreko poema liburuaren «iluntasunetik aldentzea» lortu duela uste du. Bere lan berria plagio bat dela esateari buruz, «helburu horretan ere miserableki porrot» egin duela azaldu du Etxeberriak. «Saiatu naiz plagiatzen Giuseppe Ungaretti, oso maitea dudan poeta bat; Charles Simic ere, azkenaldian asko hunkitu nauena; gaztaroan irakurritako Rimbaud nahiz Baudelaire...». Hori ere ez duela lortu esan du, baina bai nolabait bere jatorrietara itzultzea. «Katiluaren ipurdia (1999) lehen liburu hura ateratzeko bulkada hori berreskuratzen saiatu naiz, eta horrek lotura du itzulerarekin».

Liburuan jaso duena poesia den ere duda du Etxeberriak; are, aitortu du ez duela inoiz argi izan zer den poesia. «Duela gutxi Judith Butlerren Genero nahasmendua irakurri nuen, eta askotan pentsatzen egoten naiz literaturan ere queer teoria bat ez ote genukeen bultzatu beharko. Zertarako definitu zer den poesia?». Adierazi du irakurlearen esku uzten duela esatea poesia den edo ez. Eta liburua zeri buruzkoa den ez dakiela esateko arrazoia ere azaldu du: maiz poema bildumek ardatz nagusi bat izaten dutela, baina bere liburuak ez duela halakorik. Anjel Lertxundiri hitzaldi batean entzundako ideia bati tiraka, sortze prozesuan baso ezezagun batean sartu eta galdu egin zela azaldu du egileak. «Irakurlearen esku uzten dut zeri buruz doan esatea. Topatuko dituzte zuhaitzak, sasiak, baita masustaren bat ere». Dena dela, gaineratu du badagoela bere buruarekiko «ihes eta itzulera baten ideia orokor bat».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna