Zamudioko azoka

Gozogileak eta nekazariak, elkarrekin

Ehun salmenta postutan, txokolate, gozo eta artisau lanen azoka egingo dute bihar, eta nekazari produktuena etzi. Limusin abereen lehiaketa egingo dute bi egunetan
Pastela eta ogia saltzen duten postu ugari egongo dira larunbatean eta igandean.
Pastela eta ogia saltzen duten postu ugari egongo dira larunbatean eta igandean. BERRIA

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko azaroak 2
Urriko azken astelehena izan berritan iritsiko da, asteburu honetan, Bizkaiko nekazari, abeltzain eta ekoizleentzako garrantzitsua den beste ekitaldi bat: Zamudioko azoka (Bizkaia). Asteleheneko eguraldi eskasaren eraginez, bisitari ugarik uko egin zioten Gernika-Lumora (Bizkaia) joateari; bada, asteburuan beste aukera bat izango dute bertako ekoizleen produktuak ikusi, dastatu eta erosteko. Larunbatean eta igandean Kotxozulo parkeko karpapean egongo dira ekoizleak, eguraldi txarra eginez gero erosle eta saltzaileak babestu ahal izateko. «Jendea gustura ibiltzen da azokan, eta baita saltzaileak ere, ondo saltzen den azoka bat dela esaten baitute», Asier Amarika kultur zinegotziaren arabera. Denentzako ona den azoka bat izango da, beraz, asteburukoa Zamudion.

Egun bakoitzean, gainera, egitarau ezberdina egongo da. Larunbatean, Zamudioko Txokolate, Gozoki eta Artisau Lanen VI. Azoka jarriko dute karpan, esaterako. 40 saltoki baino gehiago egongo dira jarrita, eta, tartean, sona handia duten gozogileak izango dira han. Besteak beste, Gorrotxategi, Hilario Ibañez eta Mendaroko txokolategileak. Horiekin batera, eskulangileen lana ikusi eta erosteko aukera ere egongo da.

Karpan bertan, bestelako aukerarik ere egongo da igandean. Izan ere, garagardo artisauak dastatzeko aukera izango dute hala nahi dutenek 11:30etik aurrera, eta eguerdian euskal saltxitxak eta txahal okelarekin egindako pintxoak banatuko dituzte. Arratsaldean, berriz, 17:00etan, Marraka kale antzerkia emango dute, eta, 18:00etan, kultur etxean, Tio Teronen Semeak dantza taldearen emanaldia egongo da.

Limusin arrazako abereak

Igandean, bestelako azoka bat egongo da Kotxozulo parkeko karpan. Nekazari eta abere azoka egingo dute, eta 60 salmenta postutik gora jarriko dituzte. Bertan salgai jarriko dituzte garaian garaiko barazki eta frutak, baita gazta, txakolina, eztia eta pastelak ere. Horiek lehiaketan parte hartuko dute. Azokak iraungo duen bitartean, Idiazabalgo gazta eta txakolina dastatzeko aukera egongo da, karpan bertan, eta 14:00etan sariak banatuko dituzte.

Larunbatean eta igandean azokak egongo dira karpapean, baina Zamudion Limusin Arrazako Abelgorrien XVII. Txapelketa ere egingo dute bi egunetan.

66 abelburuk hartuko dute parte bi egunetan, eta Zamudioko beste hamazazpi abelburu ere ikusgai egongo dira. «Abere hauek ikusteko aukera paregabea da», dio Amarikak.

Urtero egiten dute ganadu lehiaketaren bat Zamudioko azokan, baina urte batean Bizkaikoa egiten da, eta hurrengoan Euskal Herrikoa. Bietan, edonola ere, paregabeko ganadua egoten da, antolatzaileen arabera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna