Zutik erori da

Hilabete eskas darama Sara Gil de la Vega jokalari kataluniarrak Super Amara Bera Beran. Berehala egokitu da, eta erruz ari da golak sartzen. Eraginkortasun horri eutsi nahi dio gaur, Gaskan, Nykobing Falsterren aurka, EHF kopan.

Sara Gil de la Vera, Bidebieta kiroldegian, Super Amara Bera Berak aurkeztu zuen egunean. JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Baten beharrak eta bestearen nahiak elkartu ditu Super Amara Bera Bera eta Sara Gil de la Vega (Bartzelona, 1994). Donostiako taldeak ezker hegaleko bat behar zuen Fernanda Da Silva brasildarrak utzitako hutsunea betetzeko. Gil de la Vegak, berriz, aurrerapausoa eman nahi zuen bere kirol ibilbidean: Porriño utzi, eta Bera Berara joan; hau da, goian egotearekin amets egiteari utzi, eta goian egotera behartuta sentitu. Azkenean, bat egin zuten taldearen beharrak eta jokalariaren nahiak. Hala, 2018a amaitzear zela, Galizia utzi, eta Euskal Herrira etorri zen Gil de la Vega.

Hilabete eskas darama Donostian. Ez dirudi. Makina bat urte egin izan balitu bezala ari da. Estreinakoan egin zuena da horren erakusle. Taldekide berriekin bi aldiz bakarrik entrenatu arren, ikusgarri aritu zen Zuazoren aurkako derbian: zortzi gol sartu zituen. Bera ere ezustean harrapatu zuen iritsi eta berehala horren lan ona egin izanak. «Ez nuen inondik inora espero. Iritsi berria nintzenez, uste nuen minutu gutxi batzuetan bakarrik jokatuko nuela. Baina, azkenean, espero baino gehiago jokatu nuen, eta, gainera, uste baino lan askoz hobea egin nuen. Nekez imajina nezakeen hasiera hoberik», aitortu du.

Argi du zein den gakoa hasi eta berehala horren eraginkor aritzeko. «Talde honetan oso argi daude bakoitzaren egitekoak. Imanolek [Imanol Alvarez entrenatzailea] oso argi azaldu dit zer egin behar dudan eta zer ez. Hori oso lagungarria da. Gainera, aurretik aritu naizen taldeekin alderatuz, askoz kalitate handiagoa dago taldekideen artean». Ez da sumatu duen alde bakarra bere kirol ibilbideko beste bi taldeen aldean. «Castelldefelsekin, mailari eustea zen helburu bakarra, eta Porriñorekin, sasoiz sasoi aurrerapausoak ematea. Hemen oso argi daude helburuak: dena irabazteko lehiatzea».

Erruz ari da golak sartzen sasoia hasi zenetik. 86 sartu ditu jada: partidako, ia zazpi —Bera Berak bost gol sartu ditu neurketako—. Horri esker, bigarren da Espainiako Ligan gol gehien sartu dutenen artean. Eraginkortasun horregatik fitxatu zuen Bera Berak. «Beti izan dut erraztasuna golak sartzeko». Pozik dago horregatik, baina, batez ere, pozik dago osatu egin delako joan den udan hatz batean eta eskumutur batean egin zioten ebakuntzatik.

Europan jokatzearekin amesten zuen duela zazpi urte Castelldefelsekin maila nagusian estreinakoa egin zuenetik. Donostiara iritsi eta berehala bete du ametsa. Errege eguneko oparia izan zen, egun horretan jokatu baitzuen estreinakoa, Kroazian, Podravka Vegetaren aurka, EHF kopako ligaxkako aurreneko jardunaldian. Oroitzapen gazi-gozoa du. «Ilusio handia egin zidan halako norgehiagoka bat jokatzeak, baina galdu egin genuen. Hala ere, erakutsi genuen multzoko aurkari guztiekin ari gaitezkeela nor baino nor gehiago». Hurrengo partidak, ordea, dena izan zuen gozotik, astindua eman baitzioten Craiovari, egungo EHF kopako txapeldunari. «Dena atera zitzaigun ondo. Gu geu harrituak ginen dena perfektua izan zelako. Ez genuen halakorik espero».

«Saiatu beharra dugu»

Ezin izan zuten halakorik berriro egin hurrengo lehian, Danimarkan, Nykobing Falsterren aurka. «Kroazian jokatutako partidan gertatutakoaren antzeko zerbait gertatu zitzaigun. Irabazteko aukera izan genuen, eta aurretik izan ginen askotan, baina bizpahiru huts egin genituen, eta garesti ordaindu genuen». Gaur aukera dute arantza ateratzeko, berriro jokatuko baitute danimarkarren kontra. Baina, oraingoan, etxean ariko dira, Gaskan. «Ziur naiz hori igarriko dela, baita bidaia luzerik ez dugula egin ere. Partida lehiatua izango da. Defentsan oldarkorrago aritu behar dugu. Ondo zaindu behar dugu haien eskuin albokoa [Dione Housheer]. Han, makina bat gol sartu zizkigun».

Gaur irabaziz gero, donostiarrek beste pauso bat emango lukete final-laurdenetarako sailkatzeko. Imanol Alvarez Bera Berako entrenatzaileak argi esana du gehiago kezkatzen duela Espainiako Ligak EHF kopak baino. Gil de la Vegak ere azpimarratu du liga dela «lehentasuna», baina berehala gaineratu du «saiatu» egin behar dutela EHF kopan ere urruti iristen. «Sekulakoa litzateke sailkatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.