Lotsagabekeria baino gehiago

Gipuzkoa Basketek Estudiantesi irabazi behar dio gaur, mailari eusteko aukera txikiei eusteko. Horretarako, gakoa izango da Dario Brizuela donostiarraren jarduna etetea.

Dario Brizuela, Estudiantesek Real Madrilen aurka lortutako garaipena ospatzen. FERNANDO VILLAR / EFE.
ainara arratibel gascon
2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Lotsagabea naiz, baina beti errespetuz aritzen naiz». Dario Brizuela Estudianteseko jokalari donostiarraren nortasuna agerian utzi duten bi gertaera dira ondorengoak:2011n, 13 urte eskas zituela, Jose Manuel Calderonen udako campusean egon zen, eta han birrintze bat egin zuen artean Toronto Raptorsen jokatzen ari zen Sonny Wemsen aurrean. Sasoi honetan, berriz, hutsarte batean Josep Mari Berrocal entrenatzaileari arbela kendu, eta berak eman zizkien aginduak taldekideei.

Izaera horri eta eguneroko lanari esker, sasoiko ACB ligako saskiratzaile onenetan bigarren da: 15,6 puntu sartu ditu batez beste partidako. Iazko estatistikak halako bi dira. Gainera, batez beste, sei minutu gehiago jokatzen ditu. Batez ere, jaurtiketan hobetu du.

Hala, aurreko sasoian hasitako gorakada berretsi du. Kirolari moduan izaten ari den bilakaeraren antzera, bizkor bizitzea egokitu zaio Brizuelari. «Behar baino lehenago egin nintzen heldu», onartu izan du behin baino gehiagotan eskoltak. Easo Donostiako taldearen harrobian jokatzen ari zela, 2011ko Espainiako Txapelketa batean nabarmendu zen, eta hainbat talderen eskaintza jaso zuen, tartean Estudiantesena.

Gurasoek hura onartzea erabaki zuten, baina beste urtebetez Donostian segitzeko baldintzarekin. Hala, 2011ko udan iritsi zen Estudiantesera. Ikasketak eta kirola uztartzeko aukera onenak eskaintzen zizkioten. Gainera, anaia Madrilgo unibertsitate batean ari zen ikasten, eta harekin bizitzeko aukera zuen. «Gogorra izan zen Donostiatik joatea. Denbora asko ematen nuen bakarrik, anaiak ordu asko egiten zuelako unibertsitatean, ikasketengatik». Horrek zaildu egin zuen.

Estudianteseko bigarren taldean hasi zen jokatzen. 2012-2013 denboraldian EBA liga irabazi zuen, eta debuta egin zuen lehen taldearekin. Baina egun den jokalariaren lehen zantzuak Huescan (Espainia) utzita eman zuen denboraldian erakutsi zituen, 2014-2015eko denboraldian. 12,8 puntu sartu zituen partidako, eta Estudiantesek ligako azken lehiak jokatzeko berreskuratu zuen.

ACB ligan eskolta gisa jokatzeko txikiegia zela zioten batzuek, eta hiruko jaurtiketetan gorabehera asko zituela; zaila zirudien maila nagusian jarraitutasuna izatea. Brizuelak, ordea, ez zuen etsi. «Orduan egin nuen lanaren fruitua aurreko denboraldian hasi nintzen antzematen». Baina sasoi honetan «urrats erabakigarria» egin nahi zuen. «Udan, denboraldi-aurrea hasi baino lehen, hilabete eman nuen Granadako [Espainia] Goi Errendimendu Gunean. Entrenamendu oso gogorrak egin nituen, bai fisikoak baita taktikoak ere. Egun batzuetan hiru lan saio ere egiten nituen. Elikadura ere asko zaindu nuen. Inoizko sasoirik onenean iritsi nahi nuen». Esan eta egin.

Baloi erabakigarriak, hari

Estudiantesen entrenatzaile berriak eta taldekideek antzeman zuten udan egin zuen ahalegina. Taldekideek bigarren kapitain izendatu zuten, eta Berrocalek behar zuen konfiantza eman zion. «Entrenatzaile aldaketak mesede egin dit». Taldean, Alesandro Gentile, Omar Cook, Goran Suton, Nik Caner-Medley etahalako jokalariak egon arren, baloi erabakigarriak hark jokatzen ditu. «Izugarria da hori niretzat. Gainera, asko ari naiz ikasten haiengandik».

Psikologia ikaslea da Brizuela, eta esparru horri garrantzi handia ematen dio. «Beti gustatu izan zait, eta, hori lantzeko, goi mailako kirolari eta entrenatzaile askori erreparatu diet». Baina Arsenaleko oso zale izanda, beti du buruan Arsene Wenger entrenatzaile ohiak Robin van Persieri esan ziona. «Kexu zen ez zuelako jokatzen, eta Wengerrek esan zion zerrenda bat egiteko hobetu behar zuen gauzekin, eta horietan onenak ziren jokalariei erreparatzeko». Berehala egin zuen Brizuelak bere zerrenda. «Beti dut buruan, eta egunero egiten dut lan horietan zertxobait hobeto izateko». Baina oinak lurrean ditu: «Laudorioek ahuldu egiten zaituzte. Partida on bat egin ostean, nahiago izaten dut sare sozialetan ez sartu, eta hobetu behar dudan gauzetan pentsatu. Horrek lehiakorrago izaten laguntzen dit».

Udan amaituko zaio kontratua, eta zurrumurruek diote Valentziak fitxatu nahi duela. Berak, baina, egunerokoan bakarrik du burua, eta, kosta ahala kosta, taldeari lagundu nahi dio, larri baitabil: hamabosgarren da sailkapenean.

Gaur etxera itzuliko da, eta aitortu du «berezia» izango dela, baina hori guztia atzean utziko du kantxara ateratzean. Delteco Gipuzkoa Basketen argi dute irabazteko haren jarduna eten beharko dutela. Donostiako taldeak garaipena behar du nahi eta nahi ez mailari eusteko aukera apurrei eutsi ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.