Beti dabil arrapaladan

Brandon Thomasek zale gorritxoen begirunea bereganatu du, bere estilo borrokalariari esker. Gaur ere ekarpen ona egiten saiatuko da, Sadarren, Osasunaren eta Deportivoren artekoan.

Brandon Thomas baloiarekin, Sportingen aurkako partidan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
DNA gorritxoa du Brandon Thomasek (Cala d'Or, Herrialde Katalanak, 1995). Haren korrikaldi bizi eta grinatsuek bat egiten dute Osasunaren betiko filosofiarekin. Aurrelaria izanik ere, ez dabil emankor ate aurrean: lau gol daramatza soilik. Haatik, gol falta lan nekaezinarekin ari da orekatzen. Hauspoa ematen dio taldeari, aurkariak etenik gabe estututa. Hala, ez da harritzekoa zaleen kutun bihurtu izana. Horrek asko pozten du Brandon: «Jendea oso atsegina da Iruñean, eta oso maitatua sentitzen naiz. Hemengo zaleek begiko dituzte gorputz eta arima lan egiten duten jokalariak, eta horietako bat naiz ni».

Badira ia oinez jokatzen duten jokalariak. Une egokia iritsi arte trostan ibiltzen direnak. Brandonentzat, ordea, futbola esprint amaigabea da. Ez daki zehazki zenbat kilometro egiten dituen partidako, baina garbi dio «lasterraldi ederrak» egiten dituela. «Hori bai, ez dirudien arren, bada nik baino gehiago korri egiten duen jendea. Talde oso eskuzabala gara: denok ematen dugu daukagun guztia; horregatik gaude pribilegiozko egoera batean». Jokalariek duten batasunari eta goseari ez ezik, Jagoba Arrasateren estiloari ere garrantzi handia eman dio. «Helburuak lortzeko jokamolderik onena da. Erasoan oso bertikalak gara, eta defentsan denok janzten dugu laneko atorra».

Osagai horiei guztiei esker, Osasuna sendo dago Espainiako Bigarren Mailako lehen postuan. Oraindik bederatzi jardunaldi gelditzen dira sasoia bukatzeko, baina Lehen Maila gero eta gertuago dakusate gorritxoek. Dena dute alde: aurkariekiko aldea, azken hilabeteetako bolada ona eta iraganeko erreferentziak. Alta, zuhurtziaz mintzo da aurrelaria. «Lider izan arren, partida bakarra galduta asko gerturatzen zaizkizu aurkariak. Ez dugu pentsatu nahi jada igo garela Lehen Mailara, ez baita horrela, eta jakitun baikaude gelditzen zaizkigun neurketen zailtasunaz».

Gaur, adibidez, Deportivo hartuko dute Sadarren (18:00). Lugoren zelaian puntu gazi-gozo bat lortuta daude nafarrak. Bigarren estropezua kateatu zuten etxetik kanpo, aurrez Teneriferen zelaian 3-2 galduta. Edonola ere, ez dute zertan kezkatu, Iruñean bolada historikoa ari baitira izaten; hamabi garaipen daramatzate jarraian. Brandonen aburuz, «zaleen babesa» da gako nagusietako bat: «Akuilurik onena dira. Haien laguntzarik gabe, ezinezkoa zatekeen Sadarren halako emaitzak lortzea. Zorte handia dugu halako zaleak edukita».

Euskara ikasteko saiakera

Kirol esparruaz harago, arlo pertsonalean ere pozarren dago. Gustuko du Iruñeko bizimodua. «Klimara ondo egokitu naiz. Iaz, Bretainian egon nintzen, eta han antzeko eguraldia egiten du. Bestalde, egunerokoan ez naiz aspertzen. Jaiegunetan, Iruñea inguruko tokiak ezagutzera joan izan naiz. Adibidez, asko gustatu zitzaidan Irunberriko arroila». Anaiarekin bizi da, eta, besteak beste, padelean jokatzea eta zinemara joatea du gustuko. Hizkuntzak ere atsegin ditu: euskara ikasten hasi zen AEKn. «Gogoz ekin nion, baina utzi egin nuen azkenean. Zaila iruditu zitzaidan; klaseren bat galduz gero, kosta egiten zitzaidan hariari jarraitzea. Dena den, ikasi dut zeozer».

Tatuajeak dira beste zaletasunetako bat. Irudiz eta esaldiz josita dauzka bularra, bizkarra, besoak eta lepoa. Aurpegian egin du azkena. Ez daki osotara zenbat dituen, baina bai zein gustatzen zaion gehien. «Familiaren omenez egindakoa. Gurasoen, anaiaren eta aitonaren izenak dauzkat tatuaturik. Berezia da». Ruben Garcia taldekidea ere tatuajezale sutsua da. Nork dauzka gehiago? «Antzera gabiltza. Hark garbi du bizkarra, baina hankak beteta dauzka». Eta ez al dute inoiz damutzeko beldurrik? «Ez. Bizitza aprobetxatu eta gozatu egin behar da. Zerbait egiteko gogoa dudanean, ez dut bitan pentsatzen». Zelaitik at ere, arrapaladan bizi da.

Hurrengo tatuajea, agian, igoeraren karietara egin dezake. «Batek baino gehiagok aipatu dit hori. Armarririk ez, baina zerbait egin nahiko nuke. Horretarako, dena den, zelaiko lana bukatu behar dugu lehenik». Igoerak ez lioke soilik tatuaje berri bat ekarriko; Osasunak bi milioi euroren truke erosiko luke. Hala gertatzea nahiko luke. «Hasiera-hasieratik sentitu dut zale eta taldekideen maitasuna. Klub hau primeran egokitzen da nire ezaugarrietara. Hemen jarraitu nahiko nuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.