1 Formula ezezaguna

Ezohiko egoeran da 1 Formula: lasterketak etxean egiten dira; taldeek dirua behar dute, eta Ferrarik orain lotu du Carlos Sainz.

Sebastian Vettel, Ferrariko gidaria, Abu Dhabiko lasterketan, iazko azaroan. SRDJAN SUKI / EFE.
Laurentzi Garmendia
2020ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Abiaduraren zantzurik ez da 1 Formulan. Denboraldia etenda dago COVID-19ak eragindako ondorioengatik, eta dena da zalantza. Bitartean, pilotu batzuk etxetik ari dira lehiatzen, bideo jokoetako simulazioan; talde batzuk larri dabiltza diruz, eta etorkizuna airean dute; fitxaketen gaia ere makal doa.

TALDEEN EGOERA

Taldeak ez dira jasangarriak babesleen sarrerekin bakarrik. Beharrezkoa dute lasterketen telebista emanaldiengatik jasotzen duten dirua, eta horiek ez dira martxan jarri oraindik. Martxoan, COVID-19aren eraginari aurre egiteko neurriak hartu zirenean, kezka sortu zen talde txikiek eta ertainek nola iraungo ote zuten. Normalki udan egiten den bi asteko itxiera arautua aurreratu eta luzatu egin zuten hilabeteotara.

Badira talde batzuk ezin izan diotenak egoerari eutsi. McLaren Group-ek kaleko autoak 1 Formula eskuderia eta elektronika taldeak batzen ditu. Aste honetan, langile guztien laurden bat inguru, 1.200 lagun, kaleratzeko erabakia jakinarazi du. Haas eta Williams taldeek, berriz, ordainketa aurreratuak jaso dituzte1 Formulatik. Ondoren, 1 Formula erakundeak berak murrizte neurriak hartu behar izan zituen.

RENAULTEN ETORKIZUNA

Zuzenean COVID-19 gaitzaren eraginagatik ez bada ere, Renaulten etorkizuna kinka larrian dago. Frantziako Gobernua %15aren jabe da, eta Nissanek ere beste horrenbesteko parte hartzea dauka. Renaultek dituen zorrei aurre egiteko, Frantzia aztertzen ari da 5.000 milioi euroko mailegua ematea, baina Bruno Le Maire Finantza ministroak nabarmendu zuen hori egin aurretik jakin beharra daukala enpresak zein estrategiari jarraituko dion. «Bai, Renault desager daiteke», adierazi zuen ministroak, «arazo ekonomiko larriak» dituelako.

VETTELEN MUGIMENDUA?

Gidari alemaniarrak aurten zuen azken denboraldia Ferrarin, aurreko kontratua abenduan amaituko baitzen. Baina ez da kontratu berririk izango, bi aldeak ez baitira ados jarri, eta Carlos Sainz espainiar gazteak beteko du haren lekua. Antza, Ferrarik ez omen zion eskaintzarik jarri mahai gainean Vetteli. Mattia Binottok Vettel aipatu zuen Leclerc-en taldekide egokien gisa urte hasieran. Horrek guztiak bide ematen du pentsatzeko Sebastian Vettelek berak erabaki duela Ferrarin ez jarraitzea. Agurreko oharrean beste lehentasun batzuei eman zien garrantzia, familiari kasurako, erretiratze bati ateak irekiz.

Baina lau titulu dituen gidari bat, 32 urtekoa... zein taldek egingo lioke muzin horri? Eserleku libre gutxi gelditzen dira 2021erako, are gutxiago talde nagusietan. Araudi teknikoa 2022ra atzeratu bada ere, kontratu gehienak bere horretan daude 2021erako. Mercedesen bi gidarien kontratuak aurten amaituko dira, eta Red Bullen Max Verstappen bakarrik da seguru. Christian Hornerrek guztiz baztertu zuen Vettel haiengana itzultzeko aukera. Mercedesek Hamiltoni eutsi nahi dio, noski. Toto Wolffek adierazi zuen kontuan hartzeko gidaria dela, baina horretaz haratago ezer gutxi dagoela dirudi. Azken zurrumurruek datorren urtean argia ikusiko duen Aston Martin taldearekin erlazionatu dute, lehengo Force India dena.

LASTERKETA BIRTUALAK

Zirkuituetan lasterketarik egin ezin daitekeenez, lehia etxeko salara aldatu da. Talde guztiek simulagailu konplexuak dituzte autoaren garapena eta gidarien prestaketa lantzeko. Gidari batzuek, erdi hobby, erdi entrenamendu, simulagailu garestiak zituzten etxean. Max Verstappenek lasterketa birtual askotan hartu zuen parte iaz, eta horretan ere maisu dela erakutsi. Martxoan izan zen lehen lasterketa birtuala, 1 Formulak berak antolatuta. Izan ere, kirol askoren antzera, 1 Formulak ere bideo jokoen txapelketa paraleloa antolatzen du zenbait urtetik hona. Oraingo lasterketon berezitasuna ondorengo hau da: benetako gidariak parte hartzera gonbidatu ditu. Ez dira asko gonbit horri erantzun diotenak, baina Albon, Leclerc, Rusell, Latifi, Giovinazzi eta beste zenbait ausartu dira. Zerrenda luzatuz doa, eta gero eta gehiago dira lasterketok ikusten dituzten ikusleak. Bitxia da Verstappenek uko egin diela lasterketoi, 1 Formularen joko ofiziala ez baitu gustuko.

SASOIA, NOIZ ETA NOLA?

Oraindik 1 Formulak ez du ofizialki egutegirik kaleratu, asmo batzuen berri eman baizik. Horien arabera, denboraldia Austrian hasiko litzateke uztailaren 3-5 arteko asteburuan. Ia urte erdia joan denez, ez da posible izango hasierako egutegiak zituen herrialde guztiak bisitatzea, baina ahalik eta lasterketa gehien korritu ahal izateko, zirkuitu batzuk bi asteburuz jarraian erabiliko lirateke. Australia eta Monako dira bertan behera gelditu diren bakarrak, gainerakoak atzeratuta baitaude. Hala ere, ezinezkoa izango da guztiek egutegi berrituan tokia aurkitzea, eta guztira 15 edo 18 lasterketa izango lituzke denboraldiak. Lehen lasterketak ikuslerik gabe izango dira. Austriaren ondoren, Britainia Handikoa zen jokatzekoa, baina ez dago batere argi, horretarako baimena lortzea oso zaila izango baita. Egutegi berrian litekeena da hasiera batean ez zeuden lasterketak agertzea, herrialde jakin batzuek segurtasun handiagoa eskaintzen baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.