Ordenagailuen festa

Larunbatetik asteartera egingo dute 25. Euskal Encounter topaketa, Barakaldon. Aldirik jendetsuena izango da, 8.000 parte hartzailerekin

Iazko Euskal Encounter topaketako irudi bat. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Peru Azpillaga Diez.
Bilbo
2017ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Orain dela 25 urte egin zuten lehen aldiz Euskal Encounter informatika festa, Urretxun (Gipuzkoa). Orduz geroztik, hazi eta zabaldu egin da etengabe: lehen aldian, 36 lagunek parte hartu zuten; aurten, berriz, 8.000 bilduko dira, Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia). Sabino San Vicente ekitaldiaren antolatzaileak azaldu duenez, informatika munduan aritzen diren lagunen bilera jendetsu bat da, profesionalak zein amateurrak biltzen dituena. Helburu nagusiak ezagutzak trukatzea eta dibertitzea direla nabarmendu du San Vicentek, eta, bide batez, proiektu eta enpresa desberdinen sorlekua izatea. Aurtengo leloa Hacking History da, Euskal Encounter topaketak gizarteari egindako ekarpenaren erakusgarri.

San Vicenteren hitzetan, aurtengoa «gogoangarria» izatea espero dute, inoiz izan den Euskal Encounter «jendetsu eta arrakastatsuena». Hori dela eta, pabiloi bat gehiago izango du jaiak. 5.024 leku eskaini dituzte Euskal Party gunean parte hartzeko, eta beteta daude aspalditik —lehenengo 4.000 lekuak 5,8 segundotan amaitu ziren—.

Parte hartzaileen batez besteko adina 28 urte izango da, eta gehiengo nabaria gizonezkoa (%87). Horretaz gain, Interneteko konexio abiadura segundoko 40 gigabit simetrikokoa izango da. Horrek «munduko topaketa azkarrenetarikoa» bihurtuko du BECekoa.

Inoiz baino mamitsuago

Euskal Party gunearen barruan egongo dira, besteak beste, jokoen gunea, software librearen gunea eta hardwarearen gunea. Kanpin gune bat ere egongo da. Bestalde, Euskal Party-a ez ezik, Opengunea ere arrakastatsua izatea espero dute. Gune hori publiko guztiari egongo da irekita. Han, hamaika hitzaldi eta tailer eskainiko dituzte, eta topaketako kideentzat zein publiko orokorrarentzat izango da. Bideo jokoekin, robotikarekin eta errealitate areagotuarekin lotutako ekintzak egongo dira, adibidez. San Vicenteren arabera, «inoiz egin den ekitaldirik mamitsuena izango da aurtengoa».

Euskal Encounter

Larunbatetik asteartera bitarte, Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.