Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Kultura Baztan, leiho beltzetik literaturari so

Publizitatea

Kultura

Baztan, leiho beltzetik literaturari so

Euskal Nobela Beltzaren Astea egingo da aste osoan Baztanen. Genero horri buruzko solasaldi eta aurkezpenak izango dira, besteak beste
<em>Ilbeltza.eus</em> webgunearen aurkezpenarekin abiatu zuten asteko egitaraua, atzo, Elizondon.
Argazkia: IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

2016-01-19 / Ander Perez

«Leiho bat»ireki zioten atzo Baztanen euskal literaturari, «nobela beltzaren aitzakian». Leiho bat, astebetez zabalik, genero horren inguruko askotariko ekitaldiekin. Atzo hasi zen, bigarrenez, Euskal Nobela Beltzaren Astea. Iazko ekitaldien balorazioa «arras baikorra» izan zen, antolatzaile lanetan dabilen Elurre Iriartek dioenez: «Oso ongi pasatu genuen, eta ikusi genuen oraindik bazela kuriositatea eta interesa». Eta arrakasta hartatik sortu da ekitaldia bigarrenez egiteko asmoa.

Baztango irakurle talde batek antolatzen duen Idazleak solasean egitasmoa dago ideiaren atzean. Urtean hirutan, liburu bat irakurri eta eztabaidara gonbidatzen dute obraren egilea. Halako batean, orain bi urte, «txiripaz» sortu zen nobela beltzari buruz zerbait egiteko ideia. «Txiripaz, baina ez kasualitatez», Iriartek dioenez. Izan ere, «zenbait arrazoi elkartu ziren» orduan. «Batetik, ikusi genuen nobela beltza salaketa soziala egiteko baliatzen ahal dela; irakurle taldean gabiltzan gehienok bestelako mugimenduetan ere bagabiltza, eta interesatu zitzaigun ideia hura». Bestetik, bazen Dolores Redondoren literatur «boom-ak» sortutakoari erantzuteko asmoa ere: «Ematen zuen Baztan deskubritzen ari zirela, gainera erdal mundutik, eta erakutsi nahi izan genuen Baztan hemen zela aspalditik. Ameriketako indioekin gertatzen den bezala, guk ez genituen deskubritu, hor zeuden. Hemen, berdin: aspaldi agertzen da Baztan literaturan, eta nobela beltzarekin ere izan du loturarik».

Asmo horiek guztiak kontuan hartuz egin zuten iaz lehen ziklo hura. Eta, ordukoan bezala, «gozatzea» da oraingoan asmoetako bat. Baita ikastea ere: «Helburua ez da teorizatzea nobela beltzari buruz; zentzu arras zabalean hartu dugu. Baina inportantea da ikastea ere, eta horregatik gonbidatu ditugu aditu batzuk, nobela beltzaren inguruan ikasteko».

Literaturari leihoa ireki eta gozatzeko eta ikasteko helburu horiekin, beraz, zenbait ekitaldi antolatu dituzte. Aurten, gainera, letretatik salto egin dute bestelako diziplinetara, bereziki zinemara eta musikara, eta horiei ere eskainiko dizkiete tarteak. Atzo hasi zuten egitaraua, eta martxan jarritako webgune berria aurkezteko baliatu zuten hasiera (ilbeltza.eus). Nobela beltzaren inguruko materiala jasotzeko sortu dute ataria. Gaur, bestalde, Idazleak solasean egitasmoaren barruan, Xabier eta Martin Etxeberria anaiak izango dira Arizkunen, Gizon gogorraren sekretua liburuaz solasean.

Etziko, ekitaldi «berezia» gorde dute. Iruritako Jauregiarten izango da Angelita Loidi, Juan Antonio Loidi euskal nobela beltzaren aitzindariaren arreba bikia. Iazko zikloan izan zuten Loidiren arrebaren berri ?100 urte beteko ditu aurten?, eta «hitz egiteko alimaleko erraztasuna» duela jakinik gonbidatu dute aurtengo jardunaldietara.

Ostiralean, Harkaitz Cano izango da gonbidatua. Akabaila beltzak zineman izeneko solasaldian, genero beltzak pantaila handian izandako eragina aztertuko du idazleak. Bestalde, astebururako gorde dituzte ekitaldi gehienak. Larunbatean, goizean, Beltzean beltz...eta Jim Thompson izenburuko mahai inguruan parte hartuko dute Xabier Olarrak eta Miel Angel Elustondok. Bazkaria izango da gero, eta, arratsaldean, beren lan berriak aurkeztuko dituzte Jon Arretxek, Gotzon Barandiaranek eta Jon Alonsok. Hain zuzen, Alonsok iazko ziklorako propio prestatutako materialekin ondutako Beltzaren koloreak saiakeraren berri emango du. Gainera, Koldo Almandozen Columba Palumus filma ere emango dute. Eguna amaitzeko, Susmagarrien Gaua egingo dute. «Joko bat», Iriartek azaldu duenez, «joan den urtean arras arrakastatsua izan zena; hildako bat eta hiltzaile bat izango dira, eta hura deskubritu beharko dute partaideek».

Igande goizean, ibilaldi dramatizatua eginen dute Erratzu inguruetan, eta, bazkalostean, irakurraldi musikatua. Hainbat nobela beltzetako pasarteak aukeratu dituzte horretarako.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak