Kronika ilunen erretratuak

Eloy de la Iglesia zinemagilearen lana erakusketa batean bildu dute. 200 argazkitan jaso dituzte hark egindako 22 filmak eta antzerki eta telebistarako egin zituen lan guztiak

Argitaragabeak dira argazkien erdia baino gehiago. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2018ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Zinema kinkia izena ematen zaio bazterreko bizipenak eta abenturak jasotzen dituen generoari,gizarteak alde batera utzitako drogazale eta gaizkile gazteen kronikei. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan garatu zen zinema horren erreferentziazko zuzendarietako bat da Eloy de la Iglesia (Zarautz, 1944 - Madril, 2006), eta bere 40 urteko ibilbideari omenaldia egin diote Donostiako Kutxa Kultur Artegunean, Tabakaleran.

Pedro Usabiaga argazkilaria da Eloy de la Iglesia. Desira objektu iluna izeneko erakusketaren komisarioa, eta argi utzi du De la Iglesiaren lana zinema kinkia-rekin hertsiki lotuta egon arren, hori baino gehiago ere badela. «Azpiko munduen kronikagilea» zen, Frankismoaren ondorengo gizartearen bazterreko errealitatea inork ez bezala irudikatu zuen sortzailea.

Dagoeneko hamabi urte igaro dira zinemagilea hil zenetik, eta lehenengoz bildu dute bere obra osoa erakusketa batean, zinemarako filmez gain, antzerkirako eta telebistarako eta egin baitzuen lan. Askotariko gaien inguruan aritu zen: moldatu zituen ipuin klasikoak, sortu zituen beldurrezko istorioak, eta, batez ere, ahotsa eman zien gizarteak bizkarra besterik ematen ez zienei.

De la Iglesiaren lan batetik bestera doan ibilbide kronologikoa prestatu du Usabiagak, 1966tik 2003ra arteko bere filmetako argazkiekin. Aurretik telebistako saio batean aritu zen, eta antzezlan bat egin ere bai, baina Fantasía... 3 da zineman —oso areto gutxitan— estreinatu zuen lehen filma. Zinemagileak egin zituen 22 filmetako argazkiak daude erakusketan: filmaketetan ateratako asko, eta aktoreen erretratuak ere bai. Argazkien jatorrizko hainbat negatibo lortu dituzte, eta, horri esker, tamaina handian inprimatutako irudi ederrak daude ibilbidean zehar.

De la Iglesia «zinemaren eta bizitzaren militantea» zela dio Usabiagak, zinema egiteko modu apurtzaile eta probokatzaileak definitzen zuen. Ordura arte inork kontatzen ez zituen istorioak idazten zituen, eta etengabe egin zuen topo zentsurarekin, Franco hil aurretik zein ondoren. La semana del asesino filmarekin (1972) jaso zuen aurrenekoz kritikaren babesa, baina urtebete geroago estreinatu behar izan zuten, «ia bere hurrengo Nadie oyó gritar filmaren estreinaldiarekin [1973] bat egiteraino».

Trantsizioaren bazterretan

La criatura filmean (1977), senarraz nazkatuta dagoen emakume baten istorio askatzailea zoofiliarekin nahastu zuen zuzendariak. El diputado-n (1978), berriz, ezkerreko politikari baten homosexualitate erreprimituari heldu zion; azkenean, emazteari maitalea aurkezten dio. «El sacerdote-k (1978) ere hautsak harrotu zituen, askok egin zuten haren kontra». Federik gabeko apaiz baten sexu grina azaleratzen da, Espainian pil-pilean zegoen aldaketa politikoak bultzatuta.

Francoren diktaduraren ondorengo gizarte berri eta aske zelakoak ere bazter utzitako gazteen istorioak kontatzen hasi zen orduan, eta garai hartan egin zituen filmik ezagunenak: besteak beste, Navajeros (1980), Colegas (1982) eta El pico (1983). Gaizkileak ziren filmetako protagonistak, drogazaleak, baita aktore asko ere. Biografikoak izatetik gertu zebiltzan zinema kinki-ko lan asko. «Juan Luis Manzano zen De la Iglesiaren fetitxea», esan zuen Usabiagak. Navajeros-en hasi eta bost film egin zituzten elkarrekin. Aktoreari argazki erraldoi bat eskaini diote erakusketaren sarreran. 29 urterekin hil zen, gaindosiaz.

Eloy de la Iglesia bera ere drogaren mendera erori eta, La estanquera de Vallecas egin ostean (1986), hamarkada baterako desagertu zen, harik eta 1996an Donostiako Zinemaldiak omenaldia egin zion arte. Usabiagak zioenez, horrek eman zion aurrera egiteko «behar zuen energia», eta bi lan filmatu zituen: Albert Camusen Calígula egokitu zuen telebistarako eta Los novios búlgaros azken filma egin zuen (2003). Handik hiru urtera hil zen.

Zinemagilearen lanari beste begirada batzuk gehitu dizkiote erakusketan, «ikuspegi berri eta gazteagoak emateko asmoz». Baptiste Pauthe artista plastikoak grafiti bat egin du, Itziar Orbegozo eta Tamara Garcia errealizadoreek bideo bat, Quentin Valois artistak bost collage eta Jorge Fuembuena argazkilariak Quinqui Stars (Juan Vicente Cordoba, 2018) filmean jasotako irudiak jarri ditu ikusgai. Atzo inauguratu zuten erakusketa, eta azaroaren 4ra arte egongo da ikusgai. Gainera, gaur bertan zinemagilearen omenezko mahai inguru bat egingo dute Tabakaleran, 18:00etan, eta El pico filma proiektatuko dute ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.