Bizitzari begiratzeko jostailuak

Ia ehun artistak egindako egile-jostailuak bildu dituzte Donostiako Okendo kultur etxean. Art Toy Gama kolektiboa duela lau urte sortu zen, mugimendu hori sustatzeko xedez
Mundu osoko hainbat artistak eginiko lanak daude ikusgai erakusketan.
Mundu osoko hainbat artistak eginiko lanak daude ikusgai erakusketan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Mikel Lizarralde -

2018ko irailak 7
Son Goku eta Donald Trump. Andy Warhol eta ahatetxo bat. Robotak eta hortz handiko peluxeak. Ohiko museo eta galeriatan nekez sartuko diren pertsonaiak eta izakiak bildu ditu Donostiako Okendo kultur etxeak erakusketa batean. Badute elementu komun bat erakustaretoan bildutako 200 bat piezek: jostailuak dira. Artistek egindako jostailuak. Art-toy edo egile-jostailuak. Art Toy Gama kolektiboak atondu du Forever Toys erakusketa, mundu osoko 92 artistaren lanak bilduta, eta urriaren 20ra arte izango du erakusgai.

Euskal Herrian oraindik diziplina nahiko ezezaguna da, baina mundu osoan indarra hartzen ari da art-toy edo jostailu artea. Izenak berak dioen moduan, jostailuak dira, baina eskuz eginak eta helburu artistikoa ere badutenak. Haurrei bai, baina batik bat helduei begiratzen dietenak. 1990eko hamarkadan hasi ziren Michael Lau eta Eric So artistak jostailuei artelan tratamendua ematen, Hong Kongen, jostailuen bertsio pertsonalak eta kopuruan mugatuak egiten. Gerora, arte mota berria mundu osora zabalduz joan zen; Asiako herrialdeetara lehendabizi, eta AEBetara, Hego Amerikara eta Europako zenbait herrialdetara gero.

Euskal Herrian ere errotu da mugimendua, eta 2014ko martxoan sortu zuten Art Toy Gama kolektiboa. Gaur egun, hiru euskal herritarrek (Judas Arrieta, Cristina A. del Chicca eta Sergio Pampliega), Antu Boccak (Txile), Ivan Dario Espinelek (Kolonbia), Cesar Zanardik (Argentina) eta Jake Valentinek (AEB) osatzen dute taldea. Helburua argi dute, Arrietak berak azaldu duenez: «Art-toy kultura zabaltzea mundu osora. Eta begirada lokalaren gainetik begirada unibertsala garatzea». Izan ere, art-toy mundua mundu osoko harremanek saretua dago, eta horren isla da Art Toy Gama kolektiboak berak sare sozialetan duen jarraitzaile multzoa: 130.000 lagun.

Okendo kultur etxeko erakusketa bera ere kolektiboa «ezagutarazteko» bide bat da, Arrietaren esanetan, eta lau atal nagusitan dago banatua. Aurrenekoan, kolektiboko kideen beraien lanak daude ikusgai, jostailuekin izan duten harremanari buruz bakoitzari egindako elkarrizketatxo batek lagunduak. Bigarrenean, berriz, jostailu eta panpina mordoxka bildu dituzte, eta baita jostailu hautsiekin egindako berriak ere. «Jostailu bat jolasteko izaten da», arrazoitu du Arrietak. «Baina handitzen garen heinean, haiekin dugun harremana ere garatzen da. Eta, hausten direnean, bi aukera ditugu: botatzea edo konpontzen saiatzea. Baten eta besteren piezekin sortzen ditugu gure munstroak».

Erakusketaren hirugarren atal batean, mundu osoko hainbat artistak egindako artelanak bildu dituzte: robotak, kutxa-buruko pertsonaiak, igelak, komikietako eta anime-etako pertsonaiak, begi bihurriko gailetak, super heroi bitxiak.... umeek eskuetan izan litzaketenak, baina artisten beraien begirada islatzen dutenak beste ezeren gainetik. Era berean, jostailu horietara iristeko beharrezkoak izan diren zirriborroak ere ikusgai jarri dituzte aretoko hormetan. «Hautaketa hori aitzakia bat baino ez da erakusteko mugimendu hau oso heterogeneoa eta askotarikoa dela proposamen, gai, material, estilo eta herrialdeei dagokienez », diote Art Toy Gama kolektiboko kideek erakusketarako prestatutako txostenean. Izan ere, jolas izaera izan baduten arren, erakusketako piezetako batzuek badute bestelako helbururen bat ere. Adibide bat: Hego Koreako Anatoy estudioak egindako panpinek elkarren artean truka daitezkeen gorputz atalak dituzte, mota guztietako konplexu fisiko eta mentalak gainditzea baitute helburu. «Bullying-a eragozteko erabiltzen dira», Arrietak esan duenez.

Bisita gidatuak eta hitzaldia

Erakusketaren osagarri, datozen asteetan hainbat egitasmo garatuko dituzte Okendon bertan. Hilaren 14an, Sergio Pampliegak bisita gidatua egingo du gaztelaniaz, eta, urriaren 5ean, Arrietak gauza bera egingo du euskaraz. Bestalde, hilaren 21ean, Arrietak zuzeneko mural-pintaketa bat egingo du kultur etxeko gaztelekuan, eta, bukatzeko, urriaren 17an, Arrietak eta Pampliegak erakusketari eta art-toy mugimenduari buruzko hitzaldia emango dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna