Dimas Garcia de Oteyza. Ikertzailea

«Argia zergatik eta nola sortzen den ulertzeko lanean ari naiz»

Donostian egin ezin dituen ikerketak Alemanian gauzatzen ibili da fisikaria, Max Planck Institutuan, Humboldt Fundazioak eman berri dion Bessel sariari esker.
Garcia de Oteyza, Stuttgarten, Max Planck Institutuan argia ikertzeko erabiltzen ari den mikroskopio eskaneatzailearekin.
Garcia de Oteyza, Stuttgarten, Max Planck Institutuan argia ikertzeko erabiltzen ari den mikroskopio eskaneatzailearekin. BERRIA

Edu Lartzanguren -

2018ko irailak 14
Dimas Garcia de Oteyzak (Madril, 1978) ikertzaile dihardu Donostia International Physics Centerren, baina azken hilabeteak Stuttgarten (Alemania) pasatu ditu, Max-Planck Institutuan ikertzen. Humboldt Fundazioari esker du aukera ikerketa lana han sakontzeko; izan ere, fundazioak Friedrich Wilhelm Bessel saria eman dio.

Bessel saria beste bat da zure curriculumerako?

Poz handia eman dit, aitortza bat baita. Ordu asko sartzen ditugu ikerketan, eta norbaitek horrela eskertzea oso polita da. Maila dezenteko saria da. Humboldt Fundazioa oso garrantzitsua da Alemanian eta, ikusita zer toki duen Alemaniak, baita mundu osoan ere. 45.000 euro ematen ditu, eta Max Plancken urtebetez lan egiteko aukera.

Zer egin ahalko duzu hor Donostian egin ezin duzuna?

Departamentu horretan, eurek eraikitzen dituzte makinak. Horrek ez ditu hobeak bihurtzen, baina aukera ematen die behar dutenerako moldatzeko. Hau da: makina bat eraiki dezakete esperimentu zehatz bat egiteko. Donostian, erositako sistema bat dut, eta horiek gauza estandarragoak dira; primeran funtzionatzen dute, eta aukera bikaina ematen dute ikertzeko, baina ez duzu zeuk diseinatu. Askotan pentsatzen dut: «Orain ondo etorriko litzaidake gailuak gauzatxo hau izatea». Mikroskopio eskaneatzailea erabiltzen dut nik. Zunda batekin azalera batetik pasatzen ibiltzen naiz, itsuak braille irakurtzen bezala. Zundaren punta zorrotza da: behar bada, atomo bakarrean amaitzen da. Horrek, noski, atomoen mailako bereizmena ematen dizu. Hori erabiltzen dugu Donostian, eta hainbat seinale neurtzen ditugu: esaterako, puntaren eta laginaren arteko korronte elektrikoa, edo indarra. Baina, hemen, beste seinale bat gehitzen ari naiz: zundaren eta laginaren artean sortzen den argia. Argiaren jatorria molekulen mailan: hori ari naiz aztertzen. Molekula bat kitzika dezakezu eta ikusi hortik zer-nolako argia ateratzen den, eta argia sortzeko prozesua ulertzen saiatu.

Orduan, esan daiteke fotoien jaiotza ikertzen ari zarela?

Bai. Prozesuak oinarrian, jatorrian, eta eskalarik txikienean ulertzea lehen urratsa da gero prozesu hori optimizatzeko; hau da, argi sortzaile hobeak egiteko, lehenbizi ulertu egin behar da. Argia zergatik eta nola sortzen den ulertzeko lanean ari naiz. Hori molekulen eskalan egitea da gaur egin daitekeen zorrotzena; molekulak banan-banan erabiltzen direnez, aukera dago fotoiak banan-banan sortzeko. Hori da ikertzen ari den mekanismoetako bat, konputazio kuantikorako bidean.

Jendeari kostatuko zaio irudikatzea zure lana nolakoa den fisikoki. Zer egiten duzu?

Eguna ordenagailuaren aurrean pasatzen dut, zunda hori kontrolatzeko aginduak bidaltzen. Eskaneatzeko gune egokiak aukeratzea da kontua, tentsioa egoki neurtzea, punta gehiago edo gutxiago hurbiltzea. Mutur hori prestatzen eta kontrolatzen pasatzen duzu denbora gehien, dena horren egituraren araberakoa baita, eskala nanometrikoan.

Edozein eskulangile bezala, beraz: lehenbiziko eginbeharra tresna zorroztea da?

Horixe baietz. Horretan joaten da denboraren erdia, gehiago ez bada.

Urteak daramatzazu erdieroale organikoen ezaugarri elektronikoak ikertzen: grafenoa, nanomaterialak. Urteak dira esaten dutela grafenoak iraultza ekarriko duela. Nolakoa izango dela uste duzu hogei urte barruko eguneroko bizitza?

Ez da zientzialaria izan behar ikusteko sekulako aldaketa etorriko dela, gutxienez azken hogei urteotan gertaturikoaren adinakoa; zientzia asko azkartzen ari da, ordenagailuak izugarri ari dira laguntzen, gehiago inbertitzen ari da... Hogei urte barru, gaur irudikatzen ez ditugun gailuak izango ditugu.

Inbertsioak aipatu dituzu. Duela hiru urte, Europako Ikerketa Batzordeak ia bi milioi euro eman zizkizun zure SURFINK egitasmorako. Erabili al duzu dagoeneko diru hori? Zertan?

Zatirik handiena Donostian erabiltzen ari naizen makinetan erabili nuen; erabiltzen ari gara, eta emaitzak lortzen ari gara Donostian. Europako Batasunean pozik egongo dira nirekin.

Alemanian egiten ari zarena SURFINK egitasmoan sartzen da, edo hortik kanpo dago?

Osagarria da. Zientzian dena bezala, etengabe ari naiz eraikitzen SURFINKen ikasitakoaren gainean. Nik kimika alternatiboa ikertzen dut SURFINKen: molekulak likidoan erreakzionarazi beharrean —kimikari baten irudi tipikoari jarraikiz—, hemen dena huts ultrahandian lantzen dugu: molekulak azalera batean jartzen ditugu, baina hutsean; eta, orduan, molekulek beste modu erabat ezberdinean erreakzionatzen dute, besteak beste bi dimentsiotan preso daudelako. Horrek material berriak sortzeko ahalmena ematen dizu, eta ni orain aztertzen ari naiz material berri horiek nola isurtzen duten argia. Lotuta dago, beraz.

Zure erronka egitura organiko konplexuak baina egonkorrak sortzea zen. Zein da horretarako zailtasunik handiena?

Jakindakoan, erraza da, baina nola egin jakin arte oso zaila da, eta horretan sartu behar duzu denbora. Lehen aldiz lortzen duzunean, argitaratzen duzu, eta orduan denek erabil dezakete. Beren burua antolatzen duten molekulekin egin dut lan. Zuk diseinatzen dituzu egitura batekin, elkarrekin erreakziona dezaten nahi duzun moduan. Gero, beraiek antolatzen dira horrela, ez duzu zeuk ibili behar adreilutxo bakoitza jartzen materia hori lortzeko. Zuk materiaren portaera zuzentzen duzu. Adreiluak egiten dituzu, elkarrekin nahasten dituzu, eta eurek egiten dute pareta.

Zu bezalako zientzialariek ezabatu egin duzue fisika eta kimikaren arteko aldea?

Bai. Ni fisikaria naiz ikasketaz, baina zaila da esatea gaur egiten dudana kimika edo fisika den. Hori da gaurko ikerketaren joera: dena askoz diziplinartekoagoa da. Horrek ekarri du, hain zuzen, zientziaren azkartze hori.

Donostia International Physics Centerreko ikertzailea zara, baina gertu duzu Nanogune, nanoteknologian dabilena. Zelako harremana duzu beste ikerketa zentroekin?

Harreman handia daukat bai Nanogunerekin bai Materialen Fisika Zentroarekin. Izan ere, DIPCkoa naiz, baina laborategia Materialen Fisika Zentroan daukat, eta lan asko egiten dut Nanoguneko Nacho Pascualekin. Hiru gune horiek etengabeko sinergian daude, eta, egia esan, marko bikaina dira ikertzeko.

Parekatuz gero, nolakoak dira Alemaniako ikerketa zentroak?

Alemaniarekin dagoen alderik handiena dirua da. Askoz baliabide gehiago dituzte hemen [Alemanian], eta horrek asko errazten die ikerketa. Hemen ere diru publikoak dira nagusi, baina nire postu berean dagoen Alemaniako ikertzaile batek askoz baliabide gehiago ditu lan egiteko.

Zer ikerketa ildotan arituko zara Donostiara itzultzean?

Material molekularrek liluratu egiten naute; mundu horrek aukera izugarriak ditu: irudimena askatu behar da, eta egitura berriak sortu, jakinda bakoitzak funtzionalitate ezberdinak izango dituela. Eta, horrela, material organiko berriak hobetuz joan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Edu Lartzanguren

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna